Talde armatu bat Haitiko presidente Jovenel Moiseren bizilekuan sartu da gaurko ordu txikietan, eta agintaria hil eta haren emazte Martine Moise zauritu du, herrialdeko behin-behineko lehen ministro Claude Josephek azaldu duenez. Oraindik ez dituzte erasotzaileak identifikatu, eta soilik jakinarazi dute horietako batzuk «gaztelaniaz hitz egiten» ari zirela erasoa egin dutenean.
Berehala zabaldu da sare sozialetan nahiz hedabidetan presidentearen bizilekuaren kanpoan armatutako hainbat lagun ageri dituen bideo bat. AEBetako Drogen Aurkako Agentziaren operazio bat egiten ari zirela irudikatu dute erasotzaileek. Haietako batek megafono batekin egindako oihuak entzun daitezke bideoan, agentzia horren operazio bat dela esanez eta ingurukoei atzera egiteko eskatuz.
Ezbeharraren berri emateko prentsa oharrean, Josephek adierazi du Haitiko segurtasun indarrek herrialdearen kontrola bermatua dutela, eta beharrezkoak diren «neurri guztiak» hartuko dituztela «nazioa babesteko». Handik gutxira, beste agerraldi bat egin du. «Ezohiko ministro kontseilua egin ostean, erabaki dugu herrialde osoan setio egoera ezartzea», iragarri du. Lehen kolpean erasoa herrialdek bizi duen indarkeria olatuaren barruan kokatu dute hedabideek, baina erasotzaileak presidentearen etxe barruraino sartzeko gai izanak indarra eman dio Moisek berak pasa den astean haizatutako aukerari: oposizioko kideek eta enpresariek haren kontrako estatu kolpe bat prestatu dutela. Hala balitz, ez litzateke lehen aldia; gobernuak pasa den otsailean jakinarazi zuen Moise hiltzeko eta gobernua botatzeko saiakera bat geldiarazi, eta 23 lagun atxilotu zituela.
Port-au-Princeko aireportua ixtea izan da Moisen hilketaren ostean gobernuak hartutako lehen neurrietako bat, nahiz eta agintariek halakorik ez duten baieztatu oraindik. Hegazkin konpainiek hegaldiak bertan behera utzi edo beste herrialde batzuetako aireportuetara desbideratu dituzte. Haitirekin mugakide den Dominikar Errepublikako presidente Luis Abinaderrek, berriz, muga ixteko agindu du, presidentearen heriotzaren berri izan eta gutxira. Muga gurutzatzeko lau puntu daude bi herrialdeen artean, eta horiek itxi dituzte. Mugaren zati handienean, hala ere, ezin izan dute neurri hori aplikatu, segurtasun hesirik nahiz kontrolik ez baita.
Irailaren 26an presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeen lehen itzuliak egingo dituzte Haitin, baita konstituzioari buruzko erreferenduma ere, baina orain ikusteko dago gaurko gertakariak zer eragin izango duen hitzordu hirukoitz horretan, baita hilabeteotako krisi politikoan ere.
Moisek urtebete zeraman dekretu bidez gobernatzen, parlamentu hautatu bat falta delako. Eta, herenegun, Haitiko presidente zenak bere agintaldiko zazpigarren lehen ministroa izendatu zuen: Ariel Henry. Egungo botere hutsunearen aurrean, behin-behineko gobernuburuak jakinarazi du hura dagoela orain agintean.
Décès du président Jovenel Moïse
— Frantz Duval (@Frantzduval) July 7, 2021
Le président Jovenel Moïse a été assassiné chez lui tôt mercredi matin, a confirmé le premier ministre Claude Joseph joint au téléphone par Le Nouvelliste. Sa femme blessée reçoit des soins, selon le PM qui était en réunion avec le CSPN ce matin
150 hildako azken hilabetean
CARDH gobernuz kanpoko erakundeak atzo emandako datuen arabera, iragan hilabetean gutxienez 150 lagun hil eta beste 200 bahitu zituzten, eta, hortaz, erakundearen ustetan, «bideraezina» da bozak bi hilabete eta erdi barru egitea. Egoera politikoaz, Nazio Batuen Erakundeak iragan astean adierazi zuen «baldintza politikoak hondatu» egin direla.
Urte hasieran nabarmen okertu zen egoera Haitin. Oposizioak zenbait protestatara deitu zuen Moiseren aurka, eta haren dimisioa eskatzen ari da harrez geroztik, argudiatuta iragan otsailean amaitzen zitzaiola legealdia. Hark, baina, ez du kargua uzteko inolako asmorik izan, eta orain arte arrazoitu du legealdiari urtebete gehiago geratzen zaiola, 2022ko otsailaren 7a arte.
Sei urte egin behar da atzera gatazka ulertzeko. Konstituzioaren arabera, presidentearen agintaldia bost urtekoa da, eta beti hasi eta bukatzen da otsailaren 7an. Arazoa da, ordea, 2015ean egin zituzten bozak bertan behera geratu zirela, iruzur salaketak medio.
Ordura arte estatuburu karguan izan zen Michel Martellyk hurrengo urteko otsailaren 7an utzi zuen kargua, eta, ordezkorik ez zegoenez, Senatuko buruak hartu zuen behin-behinean presidentetza. Azkenean, bozak 2016ko azaroan egin zituzten, eta, bigarrenez, Moise nagusitu zen botoen %55,67 eskuratuta. 2017ko otsailaren 7an egin zuen karguaren zina.
Moisek argudiatu izan du karguaren zina egin zuenean hasi zuela bere agintaldia, eta oposizioa, berriz, Martellyk kargua utzi zuenetik hasten da zenbatzen.