Haiti

Haitira nazioarteko misio armatu bat bidaltzea onartu du NBEk

Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak gutxienez urtebeteko laguntza aurreikusten du. Kenyak gidatuko du lantaldea, eta «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko» baimena izango du.

Dominikar Errepublikako soldadu bat Haitiko herritar batzuei begira, Dajabon, bi herrialdeen arteko mugan, iragan hilabetean. ORLANDO BARRIA / EFE
ander perez zala
2023ko urriaren 3a
11:23
Entzun

Laguntza eskaria jaso eta urtebetera, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak oniritzia eman dio nazioarteko misio armatu bat Haitira bidaltzeari. Talde armatuen indarkeriaren ondorioz, herrialde horretako egoera nabarmen okertu da urteotan, batez ere segurtasunari dagokionez; horren erakusle, iragan hilabetean, G9 Familia eta Aliatuak bandako lider Jimmy Cherizierrek mehatxu egin zuela gobernua kargutik botatzearekin. Eta aintzat hartu ondotik egonkortasun politikoa eta ekonomikoa ere ez dagoela bermatuta, MSS Nazioarteko Segurtasun Babesa eratzea erabaki dute: Kenya izango da horren liderra, eta gutxienez urtebete iraungo du —misioa luzatzeko aukera izango dute—.

Gatazka eta zatiketa geopolitikoen garaia den honetan, Haitiri buruzko ebazpenak aspaldian ikusi gabeko babesa jaso zuen atzo gauean NBEren Segurtasun Kontseiluan egindako bozketan. Hamabost kideetatik hamahiruk eman zioten baiezkoa testuari; eta beste biak, Txina eta Errusia —beto eskubidea dute— abstenitu egin ziren, argudiatuta aurrez Karibeko herrialde horretan izandako nazioarteko esku hartzeek ez zutela erabateko arrakastarik izan. Edonola ere, Haitiko Atzerri ministro Jean Victor Geneuse pozik agertu zen atzo, eta eskerrak eman zizkion erakundeari «elkartasun keinuagatik», nazioarteko misio armatua «itxaropen izpi bat» delakoan.

NBEren datuen arabera, aurten gutxienez 3.000 lagun hil eta 902 zauritu dituzte banda armatuek; gainera, 1.500 bat pertsona ere bahitu dituzte, eta, talde horiek eragindako indarkeriaren ondorioz, 200.000 lagunek beren burua behartuta ikusi dute lekualdatzera, batez ere Port-au-Prince hiriburuan —horietako gehienak kanpaleku inprobisatuetan bizi dira—. Egoera humanitarioak okerrera egin du, oro har: 5,2 milioi pertsonak behar dute laguntza humanitarioa, biztanleen ia erdiek.

Ikusi gehiago: «Haiti ez da txiroa; pobre egin dute»

Haitiko Gobernuaren ustetan, horren guztiaren errudun nagusiak banda armatuak dira, eta horregatik eskatu du nazioarteko misio bat herrialdera itzul dadila Polizia laguntzera. Hori bai, NBEren Segurtasun Kontseiluak onarturiko ebazpenak ez du datarik finkatu; aldiz, MSS hedatzeko prozesuak «zenbait hilabete» iraungo du, Efe berri agentziari esan diotenez.

Hain justu, Kenyako Atzerri ministro Alfred Mutua pozik agertu da erakundearen erabakiarekin, baina, X sare sozialean gaurko ordu txikietan idatzitako mezu baten bidez, eskatu du «denbora gutxian» bidal dezatela nazioarteko misio armatua, zeinak baimena izango duen «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko». Nairobik joan den uztailean proposatu zuen bere burua balizko talde horren buru izateko, eta hitzeman zuen mila polizia bidaliko zituela Haitira; horrek zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunderen kritikak eragin zituen, Kenyan bertan manifestarien kontra indarkeria erabiltzen dutela argudiatuta.

Nazioarteko potentziarik ez

Aldiz, oraingoz bada ere, nazioarteko herrialde esanguratsuetako inork ez du agenterik bidaliko; Frantzia eta Kanada, esaterako, hori egiteko prest agertu dira, baina oraindik ez dute pausorik eman. Eta Brasilek eta Mexikok, adibidez, biek ala biek esana dute poliziak entrenatzeaz arduratuko direla, eta ez direla harago joango.

AEBek —haiek aurkeztu zuen ebazpena NBEren Segurtasun Kontseiluan, Ekuadorrekin batera— 94,5 milioi euroko bi laguntza bidaliko ditu MSS finantzatzeko, betiere Kongresuaren baimena jasotzen badu. Hori da Etxe Zuriaren asmoa.

Hamahiru urte eta erdiren ondoren, nazioarteko azken misioa, Minustah Haitin Egoera Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa izenekoa, 2017an erretiratu zuten herrialde horretatik, eskandalu batengatik: talde horretako kideen ur isurketa batek kolera agerraldi bat eragin zuen, eta 7.000 lagun baino gehiago hil ziren. Horren aurretik, Minustahko kideen kontrako sexu abusuen salaketak izan ziren, eta, 2018an, zenbait GKEk aitortu egin zuten beren lantaldeetan sexu abusuak eta esplotazio kasuak izan zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.