Lankidetzaren itzalak argitara

Beren lantaldeetan izandako sexu abusuen berri eman dute GKE gobernuz kanpoko erakunde garrantzitsuek, Erresuma Batuko Oxfamen Haitiko kasuak azaleratu eta gutxira. Auzi horiek inoizko oihartzunik eta garrantzirik handiena izaten ari dira; testuinguru horretan, 22 GKEk «gehiago egiteko» konpromisoa hartu dute.

Emakume bat eskuak garbitzen, Port-au-Princeko katedralaren aurrean.Lurrikara bi aste lehenago izan zen. DAVID FERNANDEZ / EFE.
ander perez zala
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Asteotako gertakariek argi utzi dute sexu abusu edo esplotazio kasuak ere exisitzen direla laguntza humanitarioan. Orain arte ez zuten oihartzun handia izan, baina asteotan ezagutarazi direnak mugarri izan dira, inoizko garrantzirik handiena hartzeraino: herrialde batera ustez laguntzera joaten diren pertsona batzuek, GKEn izena erabili, herritarrek haiengan jarritako konfiantza baliatu eta beren mesedetarako erabiltzen dutela geratu da argi. The Times Erresuma Batuko egunkariaren albiste batekin abiatu zen aitortza publikoen zerrenda: Erresuma Batuko Oxfamen bederatzi langilek prostitutak kontratatu zituzten Haitin, herrialdean ondorio oso larriak izan zituen lurrikara gertatu eta urtebetera, 2011n. Ez dago frogatuta GKEaren dirua erabili ote zuten —bai, ordea, erakundearen eraikinak—, baina argi dago haitiarren egoera larriaz baliatu zirela —lekukoak mehatxatu zituzten—, eta GKEak ez zuela jendaurrean kasu horien berri eman, beste batzuekin egin bezala; ezkutatu egin zituen, barne ikerketa baten ostean. Sexu abusu horiek, eta kasuak ezkutatu izanak zalantzan jarri dute GKEen ibilbidea eta orain arteko lana; aldi berean, gardentasun ariketa bat egin dute posible, eta munduko hamar GKE garrantzitsuenek beren lantalde eta misioetan izandako sexu abusu eta esplotazio kasuen berri eman dute, lehenago ala geroago.

Reuters berri agentziak galdeginda, MSF Mugarik Gabeko Medikuak (Frantzia), NRC Norvegiako Errefuxiatuen Kontseilua (Norvegia), Save The Children (Erresuma Batua), World Vision (AEB) eta Mercy Cops (AEB) GKEk egin zituzten publiko beren kasuak, eta horiei loturiko kaleratzeak. Lauk ez zuten erantzunik eman: ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (Suitza), CARE Internationalek (Suitza), IRC Nazioarteko Erreskate Batzordeak (AEB) eta Plan Internationalek (Erresuma Batua). GKE horiek gerora eman zuten beren kasuen berri, ia denek joan den astean.

GKE bakoitzak errealitate eta kasu desberdinak izan zituen, baina denek aitortu dute sexu abusu auziak izan zituztela, eta izan ohi dituztela. Oxfam Internationalek aitortu zuen 22 langile kaleratu zituela iaz, eta Save The Childrenek hamasei; horiek izan ziren lehenak. Besteek ez zuten beren kasuen berri eman, baina Erresuma Batuko Oxfamen Haitiko auziak jakinarazi zituztenean, beste lau GKEk bereak publiko egiteko erabakia hartu zuten.

Hala, World Visionek azaldu zuen 2016an hamar sexu abusu edo esplotazio auzi izan zirela bere misioetan, kasu batzuetan adingabeak tarteko zeudela. Bere lantaldean lau auziren berri izan zuen, baina ez zuen kaleratzeei buruzko daturik eman; Henry Makiwa GKEaren bozeramaileak gogorarazi zuen urtero ematen dutela sexu abusuen horien berri.

AEBetako Mercy Copsek ere beren auzien berri emateko erabakia hartu zuen Oxfamen kasuek harturiko oihartzuna ikustean. Emandako informazioaren arabera, GKEak 11 sexu abusu ikertu zituen iaz, eta bost langile kaleratu, «nahiz eta batzuen jarrera ezin zen sexu abusu edo jazarpen gisa hartu».

MSFri dagokionez, iaz hogei langile kanporatu zituen, eta 2016an hamar; 42.000 pertsonaz osaturiko lantaldea du. GKEaren bozeramaile batek honakoa adierazi zuen sexu abusu auzien inguruan: «Badakigu oraindik ez dugula kasu guztien berri, eta gure mekanismoak hobetzeko beharra dugula».

Bere kasuen berri ematen azkena NRC izan zen. Iaz hamahiru auzi ikertu zituen, baina ez zuen gaineratu kaleratzerik izan ote zen.

«Inflexio puntu bat»

Gainontzeko lau GKE garrantzitsuek ez zuten informaziorik eman, bakoitzak bere arrazoiak emanez; ordea, gerora egin dituzte publiko. ICRCk argudiatu zuen ezin zuela «datu historiko zehatzik» eman, baina gaineratu zuen lanean ari dela datu base bat osatzeko. ICRCko bozeramaile Sam Smithen arabera, asteotako sexu esplotazio kasuen azaleratzeak «argi uzten du inflexio puntu batean» daudela erakunde horiek. Haratago joan zen: «Uste dugu ez dela erakunde baten arazoa soilik, sektore oso baten arazoa baizik, eta kolektiboki lan egin behar dugu eta irtenbide bat aurkitu».

Datu base horretako lehen datuekin, ICRCk larunbatean jakinarazi zituen bere auziak: azken hiru urteotan 21 langilek dimisioa aurkeztu edo erakundetik kaleratu zituzten, eta biri ez zieten kontratua berritu. 2006az geroztik, GKE horretako langileek debekatua dute «sexu zerbitzuak kontratatzea», baina ICRCk aitortu du kasuak ez direla geratu. «Jokaera hori traizio bat da lan egiten dugun pertsonentzat», onartu zuen Yves Daccord ICRCko zuzendari orokorrak, informazioa jakinaraztean.

CARE International zorrotz aritu zen lehen erantzuna ematerakoan: adierazi zuen GKEak ez duela halako informaziorik publikoki ematen. Egunak pasatu ahala, ordea, kasuen berri emateko erabakia hartu zuen, eta informazioa bi ataletan banatu zuen: lehenengoan aztertu zituzten iaz komunitatean izandako ustezko hamahiru auziak, eta horietako zortzi baieztatu. Hala, zazpi langile kaleratu zituzten, eta azkenak dimisioa eman zuen. Bigarrenean, erakundean izandako hamabost kasuren berri izan zituen, eta horietatik zortzi baieztatu zituen. Zortzi horietatik, lau kaleratu zituzten, biri ez zieten kontratua berritu, beste biri «abisu» bat eman zieten, eta azkenak ez du GKEan lan egiten, CARE Internationalek emandako informazioaren arabera.

Plan Internationalek ere antzeko bidetik erantzun zuen hasieran, baina gaineratu zuen datuak emateko prest zegoela: «Etorkizunean datu horiek emateko gaitasuna izateko, informazioa biltzen ari gara orain». Eta hori egin zuen joan den larunbatean: azaldu zuen urtebetean hamabost sexu abusu kasu izan zituela—2016ko uztailetik 2017ko ekainera—, adingabekoak tarteko. Azken GKEak, IRCk, astebetera jakinarazi zuen hiru sexu abusu kasuren berri izan zuela iaz; hiru langileak kaleratu zituen.

Testuinguru horretan, 22 GKEk —hamar horiek barne— gutun bat sinatu zuten. Bertan aitortu zuten sektoreak «aldaketa sakon bat» behar duela, eta konpromisoa hartu dute «gehiago egiteko». Mezua bateratua da erakunde horientzat: «Botere abusuaren aurrean, tolerantziarik ez».

Oxfamen kasua

Auzi horiek guztiek ezagutaraziarren, arreta Erresuma Batuko Oxfamen Haitiko kasuetan dago jarrita egun. Argi geratu da kontrol sistemak ahulak direla, auzi horiek ez direla bakanak eta barne antolaketa sistema hain dibertsifikatuak gabeziak dituela.

Hiru asteotan izandako gertakarien zerrenda luzea da: Herbehereetako Oxfamek aitortu du 2012an izan zuela sexu abusuen berri, hain justu erakundeak «jokabide sexual egokirako» gidalerroak finkatu zituzten urtean. Horrez gain, GKEko langile batzuek onartu dute ohikoak direla mota horietako kasuak laguntza humanitarioan; Erresuma Batuko Oxfamek onartu du ikerketa bat egin zuela eta sexu abusuak ezkutatu zituela; Oxfam Internationalek emakumeez osaturiko batzorde independente bat sortu du edozein motariko abusuekin amaitzeko; GKEak barkamena eskatu du eta oraingoz ez du Erresuma Batuko Gobernuaren partetik diru gehigarririk jasoko; zuzendariordeak, Penny Lawrencek dimisioa aurkeztu du; Haitiko Gobernuak bi hilabetez bertan behera utzi dio Oxfami herrialdean lan egiteko baimena; jakinarazi dute Oxfamek ez ziela debekatu bere langileei prostitutak kontratatzea, kontrakoa eginda «beren eskubide zibilak» urratuko zituztelako; eta Erresuma Batuko Gobernua, Europako Batzordea eta Haitiko Gobernua ikertzen ari dira The Times egunkariak publiko egindako auziak.

Horiek dira Oxfamek izandako ondorioetako batzuk. Bi ideia daude argi: gizartearen sentsibilizazioa handitu egin dela, eta datozen hilabeteotan GKEetan izandako kasu gehiago azaleratuko direla —batzuk hasi dira jada—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.