Trumpek AEBetan sartzea debekatu die hamabi herrialdetako herritarrei

Beste zazpi herrialdetako herritarrei sarrera mugatu die. Segurtasun nazionaleko arazoak aipatu ditu neurri hori ezartzeko argudiotzat.

Donald Trump AEBetako presidentea aste honetan, Washingtonen. ERIC LEE / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea aste honetan, Washingtonen. ERIC LEE / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko ekainaren 5a
09:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabi herrialdetako herritarrei Ameriketako Estatu Batuetan sartzea debekatu die Donald Trump AEBetako presidenteak, eta beste zazpi herrialdetakoei sarrera mugatu. Adierazi du segurtasun nazionaleko arazoengatik hartu duela neurri hori, eta datorren astelehenetik aurrera egongo da indarrean.

Gaur goizaldean —iluntzea AEBetan— sinatu du agindua Trumpek. Horiek horrela, ekainaren 9tik aurrera herrialde hauetako pertsonei ez diete utziko AEBetan sartzen: Afganistan, Ekuatore Ginea, Eritrea, Haiti, Iran, Kongo, Libia, Myanmar, Somalia, Sudan, Txad eta Yemen. Bestalde, sarbidea mugatuko diete Burundiko, Kubako, Laosko, Sierra Leonako, Togoko, Turkmenistango eta Venezuelako herritarrei.

Aginduaren arabera, Estatu idazkariak txosten bat aurkeztuko dio presidenteari 90 eguneko epean eta, gerora, 180 egunetik behin. Hartan, aginduaren nondik norakoak ebaluatuko ditu, eta neurri horri eustea, bertan behera uztea edo moldatzea gomendatu.

Aginduan jaso dutenez, herrialde horietako herritarrak «arrisku handi bat» dira Ameriketako Estatu Batuentzat. «Ezin dugu onartu immigrazio librea izan dadin ebaluazio eta kontrol seguruak egiteko modurik ez dugun herrialdeetatik», esan du Trumpek, Etxe Zuriak X sare sozialean argitaratutako bideo batean. Haren hitzetan, onartutako zerrenda berrikusteko aukera egongo da aurrerantzean.

TRUMPEK SARRERA DEBEKATU DIE HARVARDEKO IKASLE ATZERRITAR BERRIEI

Harvard Unibertsitatean izena eman duten eta onartuak izan diren ikasle atzerritarrak ezin izango dira AEBetara sartu. Hala jakinarazi du bart Etxe Zuriak, komunikatu baten bidez, eta argudiatu du erabakiaren xedea dela «herrialdearen segurtasuna babestea», unibertsitate horrek «historikoki loturak larriak» izan baititu «atzerriko talde erradikalekin». Trumpek bart sinatu du neurri horri bide ematen dion dekretua, eta eskatu du berriro aztertzeko Harvardeko ikasle atzerritarren bisak. Neurria sei hilabetez egongo da indarrean; gero, baliteke luzatzea edo bertan behera uztea. 

Harvardek gaitzetsi egin du AEBetako Gobernuaren erabakia, eta salatu «legez kanpokoa» dela eta unibertsitatearen eskubideak urratzen dituela. «Harvardek bere ikasle atzerritarrak babestuko ditu aurrerantzean ere», gaineratu dute oharrean. Txinak ere gaitzetsi du Trumpek indarrean jarritako neurria. «AEBek eta Txinak hezkuntzaren arloan duten lankidetza onuragarria da bi herrialdeentzat. Txina beti egon da eta egongo da esparru hori politizatzearen aurka», adierazi du Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Lin Jianek, prentsaurreko batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.