Indarkeriak ez du etenik Yemenen, eta Ali Abdula Sale presidentearen aurkako protestetan parte hartzen ari ziren hamabi manifestari hil dituzte, Taiz hirian, zerbitzu medikuek esan dutenez. Iturri horien arabera, gorpuan bala tiroak dituzte. Beste 36 lagun zaurituta daude.
"Tankeekin inguratu gaituzte, eta hiru ordu pasatu dituzte negar gasak guri botatzen, eta tiroak airera botatzen", esan du Bushra al Maktari manifestariak.
Dagoeneko 92 pertsona hil dira Yemenen prostetak hasi zirenetik. Sale presidenteak protestak bertan behera uzteko eskatu du berriro. AEBak, bitartean, The New York Times egunkariak argitaratu duenez, Salerekin negoziatzen ari dira, agintean 32 urte eman ondoren dimisioa eman dezan. Agintea nola utzi eta zer epetan ari omen dira eztabaidatzen. Trukean, AEBetan bizitzeko baimena eskaini omen diote Saleri eta haren sendiari.
Bahrain
Bahrainen, agintariek Al Wasat egunkaria itxi dute, oposizioaren egunkari nagusia. Protesten inguruan informazio faltsua zabaltzea leporatu diote. "Gezurrari heldu dio, faltsutzeari eta kopiatzeari, asmatutako istorio eta argazki batzuen bitartez irakurleak engainatzeko".
Saudi Arabiatik eta Arabiar Emirerri Batuetatik iritsi ziren soldatuen buruak, Mutlak bin Salem jeneralak, esan du Bahrain "atzerriko eraso batetik" babesteko daudela eurak herrialde horretan: "Gure misioa Bahraingo erresuma atzerriko eraso batetik babestea da, baita erakundeak, gune estrategikoak eta gune militarrak ere".
Oman
Omanen, protestei ekingo diete berriro manifestariek ostiralean. Aurreko asteartean Sohar hiriko plazatik bota bazituzten ere (bost aste zeramatzaten aldaketa demokratikoak eskatzen), gaur berriro itzuliko zirela iragarri zuten atzo. "Berriro elkartzen ari gara, eta plazak berriro hartzeko saioa egingo dugu, ziurrenik ostiralean, otoitzaren ostean", esan du Jalfan al Mharbi manifestariak.
Joan den ostiralean, 400 pertsona elkartu ziren Soharren, atxilotutakoak askatzeko eskatuz. Segurtasun indarrak, ordea, oldartu egin zitzaizkien, eta pertsona bat hil zen istiluetan; 50 eta 60 bitartean atxilotu zituzten.
Siria
Sirian, egoerak okerrera egingo duela espero da, eta AEBek jakinarazi dute hegazkinak jarriko dizkiela bere herritarrei herrialde horretatik ateratzeko. Atera ezean segurtasun neurriak arreta handiz zaintzeko eskatu die. Azken egunetan, protestak gogortu egin dira Sirian, eta Bashar al Assad presidenteak gobernua berritzeko eskatu dio Adel Safar ministro ohiari.