Portugalgo agintariek jakinarazi dutenez, gutxienez hamabost pertsona hil dira Lisboan, funikular baten istripuan. Beste hemezortzi lagun zauritu dira ezbeharrean. Gloriako Igogailua du izenak funikularrak, eta Portugalgo hiriburuko nagusienetako bat da. Lekuko baten arabera, 43 pertsona inguru zeuden barruan eta inguruan. Oraingoz ez dute jakinarazi hildakoak nongoak diren, baina turista askok bisitatzen duten funikular bat da. Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak atsekabea agertu du gertatutakoagatik. «Hildakoak eta zaurituak» izan ditu gogoan.
Poliziak istripua gertatu den tokia inguratu du. Hogei anbulantzia inguru eta suhiltzaileen zenbait ibilgailu hurbildu dira. Efe albiste agentziaren arabera, errailetatik atera eta irauli egin da. Ondorioz, sabaia erabat zanpatuta geratu da. Etxerantz zihoan langile batek Eferi adierazi dio funikularra ez zela ohiko abiaduran jaisten ari: «Buelta eman eta korrika egiteko astia izan dugu soilik». Bagoia bihurgune batean atera da errailetatik, eta eraikin bat jo ondoren irauli da. «Burrunba izugarria» izan da lekukoen arabera, eta funikularra «erabat txikituta» geratu da.
Gloriako Igogailuak Restauradores plaza eta Goiko Auzoa lotzen ditu, eta azken horretatik gertu Alcantarako San Pedro begiralekua dagoenez, oso ohikoa dute turistek «Gu funikularrera igotzekoak ginen. Goiko aldean geunden, begiralekuan, baina atzeko kaletik paseo bat emateko jaitsi gara, eta igotzeko tokira iritsi garenean ikusi dugu istripua», adierazi diote Eferi bi turista brasildarrek.