Protestak herrialde arabiarretan

Hamabost zibil eta militar bat hil dituzte segurtasun indarrek Sirian

Militarrek tiroak eta negarra eragiteko gasak jaurti dizkiete sei manifestariren hiletan zeuden mila gazteri

Erredakzioa
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Siriako segurtasun indarrek asteartean hildako sei manifestariren hiletan zeuden mila gazteri tiro egin zieten atzo Dara hirian, eta gutxienez hamasei lagun hil dituzte, Ajbar al Shark oposizioko webgunearen arabera. Horietatik hamabost zibilak dira, tartean 11 urteko neska bat. Hamaseigarren hildakoa militarra da, eta Giza Eskubideen Siriako Behatokiko kide baten arabera, bere lankideek egin zioten eraso ez zuelako nahi izan Darako Al Umari mezkitaren kontra egin.

Tiroak, negarra eragiteko gasak eta mezkitan zulo handi bat egin duen jaurtigai bat erabili dituzte militarrek gazteen kontra. Sana agentzia ofizialaren arabera, «talde armatu batek» anbulantzia baten kontra egin zuen astearte gauean Al Umari mezkita inguruan, lau hildako eraginez. Ajbar al Sharken esanetan, aldiz, militarrek mezkita aurrean zeuden mila manifestariren kontra egin zuten, eta sei hildako eragin. Siriako beste eremu batzuetatik Darara gorpu horien hiletetara joan ziren hamabost gazte dira atzo militarrek hildakoak.

Bashar al Assad Siriako presidenteak Faisal Kolthum Darako gobernadorea kargutik kendu zuen atzo, Sana agentzia ofizialaren arabera. 1963az geroztik, manifestazio publikoak antolatzea debekatzen duen larrialdi legearen pean bizi dira Sirian.

NBEren gaitzespena

Azken egunotan erreforma politikoak eskatzeko protestak egin dituzte Siriako hainbat lekutan, baina bereziki Dara hirian indartu dira erregimenaren kontrako protestak. Baita errepresioa ere.

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gaitzetsi egin du Sirian «manifestari baketsuen kontra» erabiltzen ari diren indarkeria. Giza eskubideen arloan sinatutako nazioarteko konpromisoei eusteko eskatu dio Ban Ki-moonek Siriako Gobernuari. Era berean, Frantziako Gobernuak erreforma politikoa egiteko eskatu dio Siriako erregimenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.