Hamar hildako Kanadako eskola batean izandako tiroketa batean

Ustezko hiltzailea da hildakoetako bat. Poliziak uste du bere buruaz beste egin duela tiroketaren ostean. Agintariek ez dute xehetasunik eman erasoan hil direnen inguruan.

Jende multzo bat, Tumbler Ridgeko eskolaren kanpoaldean. BERRIA
Jende multzo bat, Tumbler Ridgeko eskolaren kanpoaldean. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 11
09:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienez hamar pertsona hil dira Kanadan, eskola batean izandako tiroketa batean. Poliziaren arabera, gizon batek bederatzi lagun hil eta 27 zauritu zituen atzo eguerdian, Kanada mendebaldeko Columbia Britaniarra probintziako Tumbler Ridge herrian. Erasotzaileak bere buruaz beste egin duela jakinarazi dute.

Euskal Herrian 20:00ak pasatxo zirenean jaso zuten abisua herrialde hartako larrialdi zerbitzuek. Poliziak jakinarazi du miaketa hasi zutenean sei gorpu topatu zituztela eskola barruan, beste bi aldameneko etxe batean, eta beste pertsona bat ospitalera bidean hil zela. Hiltzailearen gorpua ere eskolan bertan topatu zuten, hark berez buruaz beste egin ostean.

Oraingoz, agintariek ez dute xehetasunik eman erasoan hil diren pertsonen inguruan, ezta erasotzailearen inguruan ere. Gainera, Poliziak jakinarazi du herriko etxeak miatzen ari direla, ziurtatzeko ez dagoela beste biktimarik . Era berean, baztertu egin dute beste susmagarririk izatea.

Columbia Britaniarreko lehen ministro David Ebyk prentsaurreko batean hitz egin du berriki, eta «sekulako tragedia» izan dela adierazi. «Gure bihotzak Tumbler Ridgen daude», gaineratu du Ebyk, eta bertara joateko asmoa agertu, biktimen senideekin eta lagunekin biltzeko, egoera bertatik bertara ikusteko eta eman beharreko laguntza koordinatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.