Bederatzi hildako Kanadako eskola batean izandako tiroketa batean

Erasoa egin duen emakumea da hildakoetako bat. Poliziak uste du bere buruaz beste egin duela tiroketaren ostean.

Jende multzo bat, Tumbler Ridgeko eskolaren kanpoaldean. BERRIA
Jende multzo bat, Tumbler Ridgeko eskolaren kanpoaldean. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 11
09:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienez bederatzi pertsona hil dira Kanadan, eskola batean izandako tiroketa batean. Poliziaren arabera, erasotzaileak zortzi lagun hil eta 27 zauritu zituen atzo eguerdian, Kanada mendebaldeko Columbia Britaniarra probintziako Tumbler Ridge herrian. Erasotzaileak bere buruaz beste egin duela jakinarazi dute.

Euskal Herrian 20:00ak pasatxo zirenean jaso zuten abisua herrialde hartako larrialdi zerbitzuek. Poliziak jakinarazi du miaketa hasi zutenean bost gorpu topatu zituztela eskola barruan, beste bi aldameneko etxe batean — erasotzailearen ama eta anaia gaztea dira —, eta beste pertsona bat ospitalera bidean hil zela. Hiltzailearen gorpua ere eskolan bertan topatu zuten, hark bere buruaz beste egin ostean.

Eskolan hilda topatu dituzten pertsonak ikasleak dira, eta irakaslea beste bat. Hiltzailea, berriz, 18 urteko emakume bat da, eskola horretan ikasle izandakoa. Poliziak jakinarazi duenez, hilabete batzuk lehenago erasotzailearen etxera joan behar izan zuten osasun mentalarekin lotura daukaten arrazoiengatik, eta agenteek su-armak konfiskatu zizkioten. Horrez gain, Poliziak gaineratu du herriko etxeak miatzen ari direla, ziurtatzeko ez dagoela beste biktimarik . Era berean, baztertu egin dute beste susmagarririk izatea.

Columbia Britaniarreko lehen ministro David Ebyk prentsaurreko batean hitz egin du berriki, eta «sekulako tragedia» izan dela adierazi. «Gure bihotzak Tumbler Ridgen daude», gaineratu du Ebyk, eta bertara joateko asmoa agertu, biktimen senideekin eta lagunekin biltzeko, egoera bertatik bertara ikusteko eta eman beharreko laguntza koordinatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.