Hamar urte udaberria piztu zela

Mohamed Buaziziren heriotza izan zen Udaberri Arabiarrari hasiera eman zion txinparta. Gaur, hamar urte dira Buazizik bere buruari su eman zionetik. Protesta oldetik hamarkada batera, errealitatea urrun dago kalean islatu zen aldaketa sozialerako nahitik. Toki gehienetan, okerrera egin du egoerak.

Zine El Abidine Ben Ali Tunisiako presidenteak herrialdetik ihes egin zuen eguneko manifestazio bat, 2011ko urtarrilaren 14an, Tunis hirian. LUCAS DOLEGA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gorputza gasolinarekin blaitu, eta bere buruari su eman zion Mohamed Buazizik, gaur hamar urte, Tunisiako Sidi Buzid hirian. Polizia batek fruta saltzeko zuen orga konfiskatu zion, postua non jarri zezakeen eztabaidatu ostean. Buaziziren heriotzak ehunka laguneko protesta eragin zuen haren jaioterrian, mobilizazioak azkar hedatu ziren Tunisia osora, eta Zine El Abidine Ben Ali presidentea agintea uztera behartu zuten. Protesta olde hura Magrebeko eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetara zabaldu zen. Udaberri Arabiarra esaten zaionaren hasiera izan zen.

Etsipenak eraman zuen Buazizi bere buruaz beste egitera. 26 urteko gazteak ez zuen etorkizunik ikusten. Unibertsitatean lizentziatu zen, baina fruta saltzeko postu ibiltari bat izan zen langabeziatik ihes egiteko aurkitu zuen bidea. Hark bezala, galtzeko ezer ez zutela sentitzen zuten milaka gaztek kalera ateratzea erabaki zuten, beharraren beharraz, gizarte justuago bat eraikitzeko ametsarekin.

Hamar urteren ondoren, udaberriak ez du udako fruitu gozorik ekarri. Tunisia da gizarte askatasunen arloan aurrerapauso esanguratsuenak eman dituen herrialdea, baina egoera ekonomikoak 2010ean bezain larria izaten jarraitzen du, eta herritarren haserrerako arrazoiak ez dira desagertu, azken asteetako protestek adierazten dutenez.

Ben Ali boteretik kendu zutenetik, bozen bidez hautatzen dituzte agintariak, eta adierazpen askatasun zabalagoa dute, baina Tunisiak ez du lortu egonkortasun politikorik. Babes sendorik gabeko gobernuek atzeratu egin dituzte herrialdeak behar dituen erreforma ekonomikoak. Horrez gain, muturreko talde islamistek hainbat eraso egin dituzte sektore turistikoaren kontra. Langabeziak —%15, 2019an— eta aldaketa sakonagoen faltak herritarren ezinegona areagotu du.

Gainerako herrialdeetan, Udaberri Arabiarraren aurretik zirenak baino makurragoak bihurtu dira herritarren bizi baldintzak. Bereziki, Sirian, Yemenen eta Libian; gerrak lehertu dira hiru herrialde horietan. Egipton, berriz, Abdel Fatah al-Sisiren estatu kolpeak errepresio gogorra ekarri du islamisten eta oposizioko ekintzaileen aurka.

Protesten indarra, agerian

Erregimena amaitzea nahi dugu izan zen Tunisiako protesten lelo nagusia. Eta herritarren presioak Ben Aliren 23 urteko agintearekin bukatu zuen. Saudi Arabiara egin zuen ihes 2011ko urtarrilean, eta han hil zen, iaz. Errotutako erregimenak atakan jartzeko gaitasuna erakutsi zuten mobiliazioek. Tunisian ikusitakoarekin bide berari jarraitu zioten beste herrialde batzuetan ere.

Hilabete geroago, Egiptoko protesta jendetsuek amaiera eman zioten Hosni Mubaraken 30 urteko agintaldiari. Mohamed Mursiren urtebeteko presidentetzaren ostean, baina, Al-Sisik estatu kolpea eman zuen, militarren erregimenari segida emateko. Gainera, haren errepresio sistema indartu egin zuen.

Protestek izandako ondorioen beldur, manifestarien kontrako erantzuna gogortu zuten inguruko zenbait estatutako agintariek. Bortxaren erabilerak gerra egoerara eraman zituen Siria eta Libia, atzerriko hainbat estaturen interesak ere tarteko. Libian, Muammar Gaddafi hil zuten, 2011ko urrian, NATOren laguntza izan zuten indar matxinoek. Ordutik, herrialdea nazioarteko eragina duen gerran murgilduta dago, eta lurraldea, bitan zatituta.

Gerrak hartu zuen Siria 2011 urtean ere. Manifestazio jendetsuak menperatzeko, hiri batzuk militarizatu zituen gobernuak, eta, armadaren erasoen aurrean, ekintzek manifestazio soil izateari utzi zioten. 2012 hasierarako gerra irekia hedatua zegoen, kasu honetan ere nazioarteko eraginarekin.

Yemenen, manifestariek Ali Abdullah Saleh presidentearen dimisioa eskatu zuten, eta hark agintea utzi zuen 2012ko otsailean, Abd Rabbu Mansur Hadi presidenteorde zenaren esku. Herrialdeko fakzioen arteko tentsioek muturrera eraman zuten egoera, 2014an gerra lehertzeraino. Yemen giza larrialdi egoeran dago, huthien eta Hadiren indarren arteko borrokaldien ondorioz. Iranen babesa dute lehenek, eta Saudi Arabiak gidatzen duen koalizioarena azkenek.

Mobilizazio jendetsuak izan ziren Bahrainen ere. Xiitek suniten agintepeko gobernuaren bazterketa salatu zuten, eta protestekin bat egin zuten zenbait sektore sunitak ere. Botereak indarrez erantzun zion manifestazio oldeari, Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen laguntzarekin.

Udaberri Arabiarraren protesten kontrako bortxazko erreakzioaren ostean, herritarren mobilizazioak berriz indartu dira azken hilabeteetan Magrebeko eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialdetan. Iaz, esaterako, protesten presioak agintea uztera behartu zituen Abdelaziz Buteflika Aljerian, Omar al-Baxir Sudanen eta Saad Hariri Libanon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.