Bataclan aretoa. Saint-Denisko futbol estadioa. Eta Le Petit Cambodge, Le Carillon, Le Comptoir Voltaire, La Belle Equipe eta La Casa Nostra jatetxeak. Nekez ahaztuko dituzte Frantzian kokaleku horiek. Hamar urte bete dira gaur Estatu Islamikoak Frantzian inoiz egin duen erasorik handienak gertatu zirela. Hamar jihadistak 130 pertsona hil zituzten tiroz eta soinean zituzten lehergaiak zartarazita, Parisko zenbait lekutan —ofizialki 132 dira hildakoak, gerora bi pertsonak beren buruaz beste egin baitzuten trauma osteko estresaren ondorioz—. Ehunka pertsona zauritu ziren, eta izua hainbat egunez zabaldu zen Frantzian eta Europan. Hamar erasotzaileetatik bederatzi erasoetan hil ziren.
Ostiral gaua zen Parisen. Voltaire etorbidearen 50.ean rock doinuak ziren nagusi gaur hamar urte atzera, 21:00etan. Ameriketako Estatu Batuetako Eagles of Death Metal hard rock taldearen kontzertuak lepo bete zuen Bataclan aretoa; 1.500 musika zale inguru batu zituen ekitaldiak. Baina rock doinuen gainetik, tiroen hotsak eta bolbora usainak hartu zuten aretoa. Hots horiek kalaxnikov AK-47 fusiletatik zetozen; hiru erasotzailek 90 pertsona hil zituzten bertan. Eraso hori, ordea, ez zen eguneko lehenengoa izan, ezta azkena ere. Lau ekintzailek kaosa piztu zuten Parisko karriketan barna, eta beste hiruk soinean zeramaten lehergaia zartarazi zuten Saint-Denisko estadioaren kanpoaldean, Frantziako eta Alemaniako gizonezkoen selekzioek futbol partida bat jokatzen zuten bitartean.
Azaroaren 13ko eraso horiek egin eta ordu gutxira hartu zuen bere gain erasoa Estatu Islamikoak. Muturreko islamistek adierazi zutenez, erasoa «erantzun bat» izan zen Frantzia Estatu Islamikoaren aurkako koalizioaren parte zelako eta Siria eta Irak bonbardatzen ari zelako. Estatu Islamikoak zabaldu zuen oharrean adierazi zuen erasoak egiteko hautatutako tokiak «dibertsiorako eta bekatuak egiteko» tokiak zirela, eta mehatxu egin zien Frantziari eta ordurako jada «Estatu Islamikoaren helburu» ziren gainerako herrialdeei: «Eraso hau ekaitzaren hasiera besterik ez da».
Erasoak egin zituzten hamar islamistetatik bederatzi hil ziren erasoetan, lehergaiak zartarazita edo Poliziak tiroz hilda. Baina hogei pertsona epaitu zituzten eraso horiekin zeukaten loturengatik, 2022an, eta hemeretzi erruduntzat jo zituen epaileak. Horietatik biri, Salah Abdeslami —hamar erasotzaileetatik bizirik atera zen bakarra— eta Mohammed Abriniri —gainerako jihadistekin batera egin zuen Belgikatik Pariserako bidaia—, bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zieten. Alegia, Frantziako Zigor Kodearen arabera jar daitekeen zigorrik gogorrena. 1994. urteaz geroztik soilik bost aldiz aplikatu dute kondena hori.
2015eko azaroan gertatutakoa, ordea, ez da muturreko islamismoak Frantziaren aurka egindako eraso bakarra. Muturreko islamistek Frantzia jarri zuten jomugan 2014 eta 2016 bitartean, eta hainbat eraso egin zituzten taldean edo banaka. Besteak beste, bi gizonek Charlie Hebdo astekari satirikoaren egoitzari eraso zioten 2015eko urtarrilean, eta hamabi pertsona hil zituzten. Nizan, berriz, gizon batek 86 pertsona hil zituen, 2016ko uztailean, jendez lepo zen Ingelesen etorbidean kamioi batekin harrapatuta. Bi eraso horiek Al-Qaedak eta Estatu Islamikoak hartu zituzten beren gain.
Europako Batasunaren esku hartzea
Parisko atentatuak mugarri izan ziren jihadismoaren aurkako gatazkan. Izan ere, egoera ikusita, EB Europako Batasunak hainbat neurri hartu behar izan zituen «terrorismoa» amaitzeko. Talde komunitarioaren esanetan, helburuak ondorengoak ziren: herritarren segurtasuna bermatzea, Europako Batasunaren balioak defendatzea, «erradikalizazioa» prebenitzea eta hura eragoztea, eta nazioarteko kideekin elkarlanean aritzea.
Hainbat neurri hartu zituzten «erradikalizazioa eragozteko». Besteak beste, EBk «eduki terroristen» hedapenari aurre egiteko araudi bat onartu zuen, eta 2022ko ekainean jarri zen indarrean. «Ekintza terroristetan» parte hartzera bultzatzen den edo delituak egiteko moduari buruzko jarraibideak ematen diren testuak, irudiak eta grabazioak ditu jomugan araudiak. Horren arabera, EBko herrialdeek ahalmena daukate plataforma hornitzaileei edukiak erretiratzeko agindua emateko, edo sarbidea ukatzeko.
Beste hainbat neurri ere hartu zituen EBk. Besteak beste, 2016az geroztik EBk zigor propioa ezar diezaieke EIri, Al-Qaedari eta haien jarraitzaileei. Gainera, EBko herrialdeen artean informazioa trukatzeari ere garrantzia eman zioten; horregatik, urte berean Terrorismoaren Aurka Borrokatzeko Europako Zentro bat sortu zuten Europolen barruan, EBko herrialdeetako Polizien arteko informazio trukea errazteko. Neurri gehiago ere hartu zituzten «terrorismoaren finantzaketa» amaitzeko, EBtik kanpoko «ekintzaile terroristak» geldiarazteko eta EBtik kanpoko herrialdeekin elkarlanean aritzeko.
Bizitza ospatzeko zeremonia
Erasoen hamargarren urteurrena baliatuta, biktimak oroitzeko omenaldia antolatu dute gaur, Parisen. Saint-Denisko futbol estadiotik hasita, erasoak egin zituzten sei lekuetan egingo diete omenaldia. Horrez gain, Azaroaren 13aren Oroimenaren Lorategia inauguratuko dute Saint-Gervais plazan, Parisko udaletxearen parean. Bertan izango dira Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentea, Anne Hidalgo Parisko alkatea eta Azaroaren 13ko Biktimen Elkarteko presidenteak.
Omenaldiari lotuta, Laurent Nuñez Barne ministroak asteon segurtasun neurriak indartzeko agindu zuen iragan ostiralean. «Mehatxu terrorista oso handia da oraindik ere gure herrialdean», esan zuen RTL irratian.