Ekialde Hurbila

Hamas: "Ez da bakerik egongo Israelen okupazioak irauten duen bitartean"

Khaled Mishaal Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimenduko politika arduradunak gaur azaldu duenez, "ez da bakerik ez eta segurtasunik egongo Israelen okupazioak irauten duen bitartean". Joan den asteazkean, garaipen zabala eskuratu zuen Hamasek Palestinako Hauteskundeetan eta Al Fata alderdiak berriz porrot handia jasan zuen. Gaur Al Fatako hainbat kidek alderdiko buruzagien ustelkeria salatu eta Mahmud Abbas Palestinako presidentearen dimisioa eskatu dute.

2006ko urtarrilaren 28a
16:04
Entzun
"Ez da bakerik ez eta segurtasunik egongo Israelen okupazioak irauten duen bitartean", ziurtatu du gaur Khaled Mishaal Hamaseko politika arduradunak. Hala ere, ez du guztiz baztertu Israelgo agintariekin negoziatzeko aukera: "Ez digute inongo proposamenik egin, beraz, ezin dugu erabaki beraiekin elkarlanean arituko garen ala ez. Beraiek hasieratik uko egin diote Abu Amar [Jasser Arafat] edo Abu Mazenekin [Mahmud Abbas] elkarlanean aritzeari".

Era berean, Mishaalek ohar bat bidali die israeldarrei: "Zuen agintariek ezin dizuete bakerik, segurtasunik edo egonkoratasunik ziurtatu okupazioak irauten duen bitartean; eta palestinarrak urteetan borrokan aritzeko prest gaude". Ohar bakarra baina ez da israeldarrentzat izan, Europako herrialdeei ere zuzendu zaie Mishaal: "Ez bat egin AEB Ameriketako Estatu Batuen edo Israelen jarrerarekin, Europak paper garrantzitsua joka dezake [Palestinan]".

Oharraz luzatzeaz gain, hitz egiteko prest daudela azaldu du Hamaseko politika arduradunak: "Europarekin eta baita AEBekin hitz egiteko prest gaude, baina guk nahi dugun bezala, ez beraiek nahi duten bezala".

Al Fatako kideek Abbasen dimisioa eskatu dute

Asteazkenean Palestinako Legebiltzarrerako hauteskundeetan porrot egin zuen Al Fata alderdiak. Gaur, alderdiko hainbat kidek, buruzagien ustelkeria salatu eta Mahmud Abbas Palestinako presidentearen dimisioa eskatu dute Gazan. Legebiltzarraren kanpoan bildu dira manifestariak, tiroak bota dituzte airera eta hainbat auto kiskali dituzte. Palestinako hainbat funtzionariren arabera, hainbat lagun zauritu dira protesta horietan.

Antza denez, protestan ari ziren lagunen ustez Al Fatak alderdiko buruzagitzaren erruz galdu zituen Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gainera Al Fatako jarraitzaileek ez dute Hamasen gobernuarekin bat egin nahi. Izan ere, Ismail Hania Hamaseko zerrendaburuak Abassekin biltzeko asmoa zuela esan zuen; gobernu berrirako "elkarte politikoa" sortzeko aukera eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.