Hamasei lagun eta beste 30 bat bahitu dituzte gaur Afganistanen talibanek, Legebiltzarrerako hauteskunde egunean. Hamasei lagun haietatik 11 herrialdeko iparraldean hil dituzte. Nazio Batuen Erakundeak hara bidali duen talde berezia "kezkatuta" agertu da atentatuak izan direlako.
Dand Shahabudin eskualdean hil dute jende gehien: sei lagun. Horietatik bost gobernuaren aldeko milizia bateko bost kide dira -denak familia berekoak-, eta beste bat soldadua da. Takhar, Baghlan, Kunar, Nangarhar eta Balkh-en izan dira beste hilketak; zendutako gehienak zibilak dira.
Talibanek azaldu dute gutxienez 150 hauteslekuri egin dietela eraso. Hauteskunde Batzordearen arabera, 5.816 leku daude botoa emateko, eta 5.355 zabalik dira. Hau da, %92. Hasiera batean 6.835 hautesleku jarri nahi zituzten, baina segurtasun arrazoiengatik ez dituzte ipini 1.019. Afganistango goizeko zazpietatik ari da jendea botoa ematen; arratsaldeko laurak arteko epea dute.
Parte-hartzeari buruz oraindik daturik ez dutela adierazi du batzordeak eguerdian. Iruzur kasu batzuk izan dira, haren arabera, eta horiek aztertzen ari da Hauteskunde Batzordea. Urrian jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak.
Talibanei agintea kendu zienetik Legebiltzarrerako bigarren bozak dira gaurkoak.
munDUA
Hamasei lagun hil dituzte Afganistango hauteskunde egunean
Talibanek egin dituzte erasoak. Hauteslekuen %92 daude irekita. Urrian jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu