Heriotza zigorra

Hamasei urteko etenaldia amaitu, eta bost presori heriotza zigorra ezarri diete AEBek

William Barr fiskal nagusiak eman du erabakiaren berri. 2003az geroztik ez zuten heriotza zigorrik ezarri maila federaleko auzi batean.

William Barr, AEBetako fiskal nagusia. JUSTIN LANE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 26a
17:38
Entzun

"Krimenik izugarrienak egin dituzten bost preso horien biktimei justizia egingo zaie". Hala argudiatu du William Barr AEBetako fiskal nagusiak, maila federaleko beste hainbat auzitan errugabetzat jotako bost presori heriotza zigorra ezartzeko erabakia. AEBetako auzitegi federal baten aginduz hildako azken presoa Louis Jones izan zen, 2003an. Geroztik, soilik zigor hori indarrean duten estatuetako auzitegiek hartu dituzte halako erabakiak.

Heriotza zigorraren gaineko moratoria, haren aurkako protestek eragin zuten. Barack Obamaren legealdian, gainera, injekzio hilgarria jartzeko protokoloa bera ere aztertu zen. Baina Barrek berak gogorarazi duenez, AEBetako Kongresuak onesten du maila federaleko auzietan heriotza zigorra ezarri ahal izatea. "Bi alderdien agintaldietan kriminalik okerrenei ezarri zaie heriotza zigorra", adierazi du fiskalak.

Datorren abendua eta urtarrila bitartean hilko dituzte bost presoak. Zigortutakoen artean dago Daniel Lewis Lee, eskuin muturreko talde arrazista bateko kidea, eta hiru pertsonaren hiketagatik espetxeratua. "Biktimei eta haien familiei zor diegu", esan du Barrek.

1976tik dago indarrean heriotza zigorra AEBetan, baina soilik estaturik kontserbadoreenetan ezarri ohi dute. Maila federaleko auzietan ez da ohikoa izaten akusatuak hiltzera zigortzea, eta 1988tik hiru preso hil dituzte, horietatik azkena Jones, 2003an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.