Netanyahuk ez dio erantzun baikorrik eman Hamasek proposatutako 135 eguneko su etenari

Palestinako organizazio islamistak gerra amaitzeko kontraproposamen bat egin du, hiru fasekoa; bahitu guztiak askatzea ere aurreikusten du. Garaipena «gertu» dela adierazi du Israelgo lehen ministroak

(ID_13575741) MIDEAT ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Palestinar batzuk, hildakoen gorpu batzuk aurrean dituztela, gaur, Gaza hegoaldeko Al-Najjar ospitalean. HAITHAM IMAD / EFE
Ander Perez Zala - Iñaut Matauko Rada
2024ko otsailaren 07a
11:35
Entzun

Gazako gerrak joan den azaroan izan zuen lehen su etena, astebetekoa, eta, harrezkero, Israelgo Gobernuak eta Hamasek ez dute beste meniarik adostu. Hori bai, bi aldeen arteko bitartekari lanak egiten ari diren herrialdeek —AEB Ameriketako Estatu Batuek, Egiptok eta Qatarrek— ez dute amore eman, eta badirudi, hiru hilabeteren ondoren, ahalegin diplomatiko horiek emaitzak lor ditzaketela. Palestinako organizazio islamistak atzo gauean jakinarazi zuen, Telegram aplikazioaren bitartez, «espiritu baikor batekin» erantzun dio borrokak gelditzeko egin dioten eskaintzari, eta Reuters berri agentziak gaur jakinarazi du Hamasek afera horretaz egindako proposamena: lau hilabete eta erdi iraungo lukeen su eten bat indarrean sartzea, bahitu guztiak eta preso palestinarrak trukatzea, eta Israelgo armada zerrendatik ateratzea. Hori guztia, gerra amaitzea helburu.

Neurri sorta hori erantzun bat da, edo kontraproposamen bat, eta hiru fase aurreikusten ditu, bakoitza 45 egunekoa. Lehenengoan, Israelgo emakumezko bahituak, 19 urtetik beherako gizonezkoak eta adinekoak eta gaixoak askatuko lituzkete; trukean, Israelgo kartzeletan preso dauden emakume eta haur palestinarrak aterako lirateke. Tarte horretan, Israelgo armada biztanle gehien duten Gazako eremuetatik joango litzateke.

Hori bai, bigarren fasea ez litzateke martxan jarriko baldin eta bi aldeek ez badiote uzten «zeharka hitz egiteari zehazteko zer baldintza behar diren operazio militarrak bukatzeko eta berriz bake erabatekoan bizitzeko». Hori proposatu du Palestinako organizazio islamistak.

Behin hori lortuta, gizonezko bahituak askatuko lituzkete, eta Israelgo militarrak Gazatik atera beharko lirateke. Eta hirugarren fasean, betiere Reutersek argitaraturikoaren arabera, hildakoen eta presoen gorpuak trukatuko lituzkete, eta faltako liratekeen bahituak; Hamasek atzo jakinarazi zuen horietako 31 hil egin direla, eta Israelgo Gobernuak informazio hori baieztatu zuen —horiek aintzat hartu gabe, ehun bat lagun daude Palestinako organizazio islamistaren esku—. Horrekin batera, akordio bat nahiko luke Israelgo Gobernuarekin, gerra amaitzeko.

Proposamen horiez gain, Hamasek nahi du 135 eguneko su etenak iraun bitartean elikagai eta bestelako laguntza humanitario askoz ere gehiago sartzea Gazan. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, zerrendako herritarren laurdenak gosetea sufritzen ari dira. Eta, Al-Jazeera telebista kateak Palestinako organizazio islamistako iturriak aipatuta argitaratu duenez, Hamasek nahi du honako hauek bermatzea balizko akordioaren edukia beteko litzatekeela: AEBek, Egiptok, Errusiak, Qatarrek, NBEk eta Turkiak.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak azken asteotan adierazi du ez duela beste su etenik onartuko, eta arratsaldean eman duen prentsaurreko batean ez dio erantzun Hamasen kontraproposamenari. Kontrara, garaipena «gertu» dagoela adierazi du, eta Israelek Gazako zerrendarekin pentsatuta duena plazaratzera mugatu da.

Jerusalem mendebaldean eman du prentsaurrekoa Netanyahuk: «Arratsalde honetan hona etorri naiz esateko garaipenerako bidean gaudela; gure esku dago. Ez da aste batzuetako kontua izango, baina bai hilabeteetakoa. Armada sistematikoki ari da lanean, eta gerrarako jarrita dituen helburu guztiak lortuko ditu: bahitu guztiak askatzea, Hamas suntsitzea eta Gaza ez dadila berriro mehatxu izan Israelentzat».

Beraz, ez du onartu Hamasek proposatutako gidalerroa, baina menia bat adosteko gero eta presio gehiago ditu; bahituen familiena, esaterako. Lehen ministroak nabarmendu nahi izan du Hamas suntsitzea eta Israelen garaipena direla konponbide bakarra: «Bestela, denbora kontua litzateke beste masakre bat jazotzea. Hori dela eta, Hamas suntsitzeak soilik ziurtatu dezake Israelgo estatuaren biziraupena».

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Ekialde Hurbilean da egunotan —bosgarren bisita du Gazako gerra hasi zenetik—, eta gaur Israelgo agintariekin bildu da; besteak beste, Netanyahurekin. Hamasen planaz, Joe Biden AEBetako presidenteak atzo gauean adierazi zuen «pixka bat esajeratua» dela.

Israelgo armadak Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik —bonbardaketak eta lurreko inbasioa—, gutxienez 27.708 lagun hil ditu, zerrendako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Hamasek 1.200 pertsona hil zituen joan den urriaren 7ko erasoan.

AEBetan, laguntzari ezezkoa

AEBetan, Alderdi Demokratak eta Alderdi Errepublikanoak ez dute lortu Israeli eman nahi dioten laguntzan ados jartzea. Horren ondorioz, gaurko ordu txikietan, Ordezkarien Ganberak ez du onartu errepublikanoek aurkezturiko lege proposamena, 16.300 milioi euro jasotzen zituena.

250 ordezkarik bozkatu dute horren alde, eta 180k kontra, baina botoen bi herena behar zuten laguntza onartzeko. Alde bozkatu dutenen artean 46 kongresukide demokrata daude, eta kontra egin dutenen artean, hamalau errepublikano.

Halere, eta bi alderdien arteko desadostasunen erakusle, Bidenek joan den astean ohartarazi zuen lege proposamen horri betoa ezarriko ziola, onartua izanez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.