Hamasek bi bahituren bideoak zabaldu ostean, gerraren aurkako ahotsak areagotu dira Israelen

Israel «hondamendira» eramaten ari dela leporatu diote gatibuen senideek Netanyahuri, eta bostehundik gora jeneral ohik gerra geldiarazteko eskatu diote Trumpi. Israelgo armadaren erasoetan, gutxienez beste 41 gazatar hil dituzte.

Gazako gerraren aurkako protesta bat Tel Aviven, uztailaren 12an. ABIR SULTAN / EFE
Gazako gerraren aurkako protesta bat Tel Aviven, uztailaren 12an. ABIR SULTAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abuztuaren 4a
13:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Hezur hutsetan gelditutako palestinarren irudiek nazioarteko hedabideen azalak hartu dituzte azken asteetan. Gaza setiatua du Israelek, eta gero eta herrialde gehiago ari dira Tel Avivi exijitzen erasoaldia eteteko eta laguntza humanitarioa areagotzeko. Israelen bertan ere badira eskari hori egin dutenak, eta asteburuan zehar are eta indar handiagoa hartu dute. Hamas eta Jihad Islamikoa Gazako milizia islamistek bi bahitu israeldarren bideoak zabaldu dituzte azken egunetan; horietan, gatibuak ageri dira, hezur eta azal. Horren harira, bahituen senideen elkarte batek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari egotzi diote herrialdea bera eta gatibuak «hondamendira» eramatea. Gainera, Israelgo armadako eta Poliziako 550 jeneral ohik gutun bat kaleratu dute gaur, gerra amaitzea exijitzeko eta bahituak askatzea lehenetsi behar dela adierazteko.

Netanyahuk iradoki du are eta gehiago gogortuko duela zerrendaren aurkako erasoaldia. Milizia palestinarrek zabaldutako irudien harira, lehen ministroaren bulegoak komunikatu bat zabaldu zuen atzo; hartan, Netanyahuk ziurtatu zuen are eta «irmotasun» handiagoa duela Hamas «desagerrarazteko», Gaza Israelentzat ez dela «mehatxu» izango bermatzeko eta gatibuak askatzeko. Lehen ministroak adierazi zuen Hamasek «behar beste janari» duela, eta leporatu zion gatibuak gosez hil nahi izatea, «naziek juduekin egiten zuten moduan».

Talde islamistak, ostera, Netanyahuri erantzun zion jakinaraziz bahituei ez dietela «nahita» ematen janari gutxi: «Gazako gainerako herritarrek jaten duten bera ematen diegu». Eta atzo kaleratutako oharrean gehitu zuenez, Gaza gosetea pairatzen ari dela ikusita, ez diete bahituei «pribilegio berezirik» emango. Abu Obeida Hamasen adar armatu Al Qassam Brigadako bozeramaileak sinatu zuen komunikatua, eta Gurutze Gorriari jakinarazi zion bahituak artatzeko aukera izango dutela baldin eta Tel Avivek zerrendan elikagaiak eta sendagaiak sartzeko korridore humanitarioak irekitzen baditu. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak aurrez milizia islamistari exijitu zion uzteko bahituak artatzen. Israelgo Gobernuaren arabera, milizia palestinarren esku 50 bahitu israeldar daude, erdiak baino gehiago hilik.

(ID_15200780) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Palestinar batzuk laguntza humanitarioa jaso zain, gaur, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE

Gatibu horien senideek Netanyahuren atzoko adierazpenak kritikatu dituzte, eta ez dute begi onez ikusten erasoaldia areagotzea. Israelgo hedabideek zabaldu duten ohar baten arabera, Bahituen Senideen Foroak salatu du lehen ministroa herritarrei «iruzur» egiten ari zaiela: «Behin baino gehiagotan hitz egin du bahituen askapenaz, eta garaipena aldarrikatu du, baina haren helburua iritzi publikoa engainatzea baino ez da». Gehitu dutenez, erasoaldia areagotzeak arriskuan jarriko lituzke «dagoeneko hiltzeko arriskuan dauden» bahituak.

Bestalde, gerra amaitzeko eskatu duten jeneral ohiek Donald Trump AEBetako presidenteari zuzenduta idatzi dute gaur argitaratutako gutuna. Israelgo armadako, zerbitzu sekretuetako eta Poliziako kide ohiek uste dute Etxe Zuriko maizterrak Israelgo Gobernua eta Netanyahu «bide egokira» gidatzeko ahalmena duela; eta bide hori Gazako erasoaldia etetea eta bahituak askatzea dela adierazi dute: «Hamaseko buruak geroago ere jazar daitezke, baina gatibuek ezin dute itxaron». Gainera, proposatu dute PAN Palestinako Aginte Nazionalari Gazako Gobernuan Hamas ordezkatzeko modua emango dion nazioarteko koalizio bat sortzea.

Goseteaz gainera, erasoak

Bada, gaur-gaurkoz, Tel Avivek ez du erasoaldia geratzeko asmoa duen zantzurik eman. Gaurko erasoetan gutxienez beste 41 palestinar hil ditu, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Horietatik hogei GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundeak laguntza banatzen duen guneetatik gertu zeudela hil dituzte. Maiatz amaieratik zerrendan laguntza banatzeko Israelen baimena duen talde bakarra da GHF —AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute—; ordutik, laguntza jasotzera joandako 1.400 palestinar inguru hil ditu Israelgo armadak, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera.

Gainera, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gaur beste sei pertsona hil dira gosez zerrendan. Hala, jada 180 baino gehiago dira 2023ko urriaren 7an Israelek erasoaldia hasi zuenetik Gazan goseak jota hil diren palestinarrak; horietatik erdiak baino gehiago, haurrak.

Tel Avivek jomugan ditu Zisjordaniako palestinarrak ere. Gaur, bi pertsona hil dituzte Jenin hiritik hurbil egindako sarekada batean. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, soldaduek eraikin bat inguratu dute, eta tiroka hasi dira. Gorpu bat ospitalera eraman dutela jakinarazi du Palestinako Ilargi Gorriak; bestea, herritarrek topatu dute, erreta, militarrek alde egin dutenean. Gainera, sarekada horretan pertsona bat atxilotu dutela gehitu du Wafak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.