Hamasek esan du ez dela «baikorra» Israelekin su etena adosteari dagokionez

UNRWAren arabera, «gosetea geroz eta hurbilago» dago Gazan. PANeko gobernu berriaren osaketa jakinarazi dute; lehen ministroa Atzerrikoa ere izango da.

(ID_13740771) MIDEAST GAZA RAMADAN 2024
Lekualdaturiko palestinar batzuk Rafahko kanpaleku batean (Gaza), atzo, otordu batean. Ramadanak, musulmanen hilabete santuak, apirilaren 9ra arte iraungo du. HAITHAM IMAD / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 28a
16:15
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ere Gazarako su eten bat eskatu duen arren, horrek ez du eraginik izan Israelgo Gobernuaren eta Hamasen arteko negoziazioetan. Ez, behintzat, epe laburrean. Eta epe ertainera begira, egunotako adierazpenak aintzat hartuz gero, badirudi bi aldeei oraindik ere asko falta zaiela ados jartzeko. Hori berretsi du gaur, gainera, Palestinako organizazio islamistaren adar politikoko buruzagiorde Khalil al-Hayyak, esan baitu taldea ez dela «baikorra» meniari buruzko elkarrizketei dagokienez.

Asteotan negoziazioak ez dira eten, baina, aldi berean, ez dute aurrerapauso erabakigarririk eman. Israelgo Gobernua eta Hamas proposamenak trukatzen ari dira, eta, AEB Ameriketako Estatu Batuen, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritza pean, badirudi presoen eta bahituen aferan ados jartzea lortu dutela. Aldiz, laguntza humanitarioaren, Gazan lekualdaturiko herritarren itzuleraren eta Israelgo tropen kokapenari buruzko auzien inguruko desadostasunek elkarrizketak blokeatu dituzte, CNN telebista katearen arabera.

Hori bai, gaur Irango Press TV telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Al-Hayyak adierazi du «prest» daudela negoziazioetan «malgutasun handiagoa» izateko, «palestinarren mesederako»: «Gerra amaitzeko modua elkarrizketak baldin badira, prest gaude hitz egiteko. [...] Negoziazio hauen helburua su eten bat lortzea da». Beste aldearen jarreraz galdetu diotenean, esan du Israelen helburua zerrenda «berriz okupatzea» dela, eta horren arabera ari dela jarduten su etenari buruzko elkarrizketetan.

Gazako gerra urte erdi betetzear den honetan —larunbatean zortzi—, nazioartean ugaritzen ari dira beste menia bat adostearen aldeko ahotsak —lehena iragan azaro amaierakoa da, astebete iraun zuena—, eta handitzen Israelgo Gobernuarekiko presioa. Benjamin Netanyahu herrialde horretako lehen ministroak hainbatetan esan du Rafahren kontrako lehorreko erasoa egin egingo dutela —Egiptoko mugatik gertu dago—, eta jendaurrean ez du jarrera aldatzeko aterik ireki. Hori aintzat harturik, eta jakinda Gazako giza egoera okertzen ari dela egunek aurrera egin ahala, kezka handituz doa.

Hamas horretaz jakitun dago, eta berretsi izan du su etenari buruzko elkarrizketetan jarria duela arreta, baina defentsarako ere prestatzen ari dela azaldu du gaur. Palestinako organizazio islamistako iturri anonimo batek Al-Araby Al-Jadeed egunkariari adierazi dio «fakzio guztietako erresistentziako borrokalariak erabat prestatuta» daudela «okupazioaren armadari kalte handiak egiteko», eta ohartarazpen hau egin dio Israelgo armadari: «Ez zaie erraza izango».

Eta nazioartearen presioarekin lotuta, AEBetako Gobernua Israelgo ordezkaritza batekin biltzekoa zen Rafahko eraso horretaz mintzatzeko, baina Netanyahuk bertan behera utzi zuen bilkura azken orduan, AEBak abstenitu egin zirelako su etenari buruzko NBEren Segurtasun Kontseiluko bozketan. Orain, Israelgo lehen ministroak iritzia aldatu du, eta bilera hori egiteko prest agertu da, gaur argitara atera dutenez; Etxe Zuriak esana du «kezkatuta» dagoela asmo militar horrengatik, eta iritzi hori helaraziko dio Tel Avivek bidaliko duen ordezkaritzari. Bien bitartean, Israelgo armadak hiri horretako lau etxebizitza bonbardatu zituen atzo, eta gutxienez 11 lagun hil.

Laguntza lurretik bidaltzeaz bestelako «alternatibarik» ez

Laguntza humanitarioari dagokionez, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak gaur esan du Gazara lurretik bidaltzeaz bestelako «alternatibarik» ez dagoela. Zenbait herrialdek airetik bota dute, eta beste batzuek itsasotik helarazi, baina, OCHAk adierazi duenez, metodo horiek «garestiak» dira, eta «ez-eraginkorrak».

Hain justu, afera horretaz mintzatu da gaur NBEko beste agentzia bat ere, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak hilaren 18an ohartarazi zuen gosetea iristear dela Gaza iparraldera —beranduenez maiatzean—, eta UNRWAk berretsi egin du hori, adierazita «gosetea geroz eta hurbilago» dagoela: «Gure jaki konboiei iparraldera iristea debekatzen diete». Horrekin lotuta, Kamal Adwan ospitaleak gaur jakinarazi du 5 urteko haur bat malnutrizioagatik hil dela.

Eta Gazan egoera humanitarioa okertzen ari denez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak kautelazko neurri gehiago agindu ditu gaur Israelentzat. Exijitu dio, besteak beste, zerrendako mugan lurreko pasabide gehiago irekitzeko, eta «beharrezko neurri guztiak» hartzeko «elikagaien, uraren, elektrizitatearen, erregaiaren, arroparen, osasun materialaren eta oinarrizko zerbitzu humanitarioen hornidura» bermatzeko. Iragan urtarrilean, auzitegi horrek Gazan genozidioa eragozteko neurriak hartzeko eskatu zion Tel Avivi.

Arlo politikoan, Mohammad Mustafa PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro izendatuak PANeko gobernu berriaren osaketaren berri eman du, eta azaldu bera Atzerri ministro ere izango dela. Denera, 22 ministrok osatuko dute kabinetea; horietako batzuk Gazakoak dira, eta ez dute argitu han dauden ala Zisjordanian. Igandean hartuko dute kargua.

Hiru kolono judu zauritu dituzte Zisjordanian

Israelgo larrialdi zerbitzuen arabera, tiroketa bat izan da gaur autobus baten kontra, Al-Auja herriaren ondoko errepide batean (Zisjordania), eta hiru kolono zauritu dituzte. Gerora, armadak azaldu du erasotzaileek ihes egin dutela, eta horien bila ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.