Gazarako itsas korridore humanitarioa ireki dute

'Open Arms' ontzia gaur goizean itsasoratu da, Zipreko Larnaka portuan. Ia berrehun tona elikagai eramango ditu zerrendara; bi egun beharko ditu bidaia egiteko.

(ID_13695291) (/World Central Kitchen/) NICOSIA (CHIPRE), 12/03/2024.- El barco de la ONG española Open Arms cargado con 200 tonel...
'Open Arms' ontzia, Larnakako portutik irteten (Zipre), gaur. WORLD CENTRAL KITCHEN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 12a
12:00
Entzun

Abiatu da Zipretik Gazarako itsas korridore humanitarioa zeharkatuko duen lehen ontzia. Goizeko zortzi eta erdietan eman du berria Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundeak. «Itsasoratu gara! Open Armsen eta World Central Kitchenen misio bateratua Zipretik abiatu, eta Gazara bidean da, berrehun tona elikagairekin», argitaratu dute X sare sozialean. Hala, itsas korridore humanitarioa ireki izana goraipatu dute, zerrendako «giza larrialdia» arintzeko balioko duelakoan.

Ontzian ia berrehun tona arroz, irin, lekale, latako barazki eta proteina daramatzate, World Central Kitchen GKEak jakinarazi duenez. Hondamendi naturalek eta giza krisiek kalte egindako herritarrei otorduak eskaintzen dizkien GKE hori izan da misioaren antolatzailea; Open Armsek itsasontzia jarri du, eta finantzaketaren parterik handiena Arabiar Emirerri Batuek hartu dute beren gain. World Central Kitchenek gehitu duenez, lanean jarraituko dute «ahalik eta ontzi gehien» bidaltzeko.

Gaur abiatu den misioa proba pilotu bat izango da Zipre eta Gaza lotuko dituen itsas korridore humanitariorako. Azken egunetan, Mendebaldeko zenbait herrialdek eta erakundek babestu dute laguntza itsasoz bidaltzea, baina lehen ontziaren irteera etengabe atzeratu da. Iragan asteburuan ateratzekoa zen; gero, atzo abiatuko zela adierazi zuten; eta, azkenean, gaur itsasoratu da. «Arazo teknikoei» egotzi zien atzerapena Constantinos Kombos Zipreko Atzerri ministroak.

Gazan ontzirako azpiegiturak falta dituzte, eta hori izan liteke geroratzeen arrazoietako bat. Horregatik, World Central Kitchen porturatzeko gune bat eraikitzen ari da, Jose Andres GKE horren sortzaileak X sare sozialean jakinarazi duenez; suntsitutako eraikin eta hondakinetatik eskuratzen ari dira beharrezko materialak. Joan den astean AEB Ameriketako Estatu Batuak ere prest agertu ziren behin-behineko kai bat eraikitzeko, eta esan zuten operazio horrek hirurogei egun iraungo lukeela.

Zipretik Gazarako itsasontzia
 

Mediterraneoko uhartearen eta Gazako zerrendaren artean 210 itsas milia daude —ia laurehun kilometro—, Bilbotik Baionara daudenak halako hiru. Normalean hamabost bat ordu behar izaten dira distantzia hori egiteko, baina Open Arms-ek 50 inguru —bi egun pasatxo— beharko dituela uste dute. Iristea lortuz gero, Israelek 2007tik ezarritako itsas blokeoa malgutu duen seinale izan daiteke; halere, larunbatean Zipreko Atzerri ministroak ohartarazi zuen korridoreak ez duela zertan segurua izan.

Gerraren ondorioz, goseteak gero eta kezka handiagoa sortzen du zerrendan. Urritik, gutxienez 27 herritar hil dira gosez. Halere, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du Israelek zaildu egiten duela laguntza humanitarioa Gazara iristea, baita zenbait gobernuz kanpoko erakundek ere.

Von der Leyenek laguntza eskatu die EBko estatuei

Behin itsas korridorea martxan jartzen denean, EB Europako Batasunak laguntza emango du, bart Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi zuenez. Iragarri du EBk itsas korridore horren bidez egingo diren laguntza bidalketak koordinatu eta finantzatuko dituela. Horretarako,  martxan jarri dute EBko babes zibileko mekanismoa, eta Von der Leyenek estatu kide guztiei eskatu die laguntza emateko, Gazarako «laguntza horniketa egonkorra» izan dadin.

Zerrendako biztanleen egoera «inoiz baino dramatikoagoa» dela salatu du Europako Batzordeko presidenteak gaur. Horregatik, eskura dutenarekin laguntzeko eskatu die 27 estatu kideei. Halere, laguntza bidaltzea ez da nahikoa, haren ustez: «Laguntzak bere-berez ez du krisia konponduko». Hori dela eta, «berehalako pausa humanitario» baten beharra aldarrikatu du. Oraingoz, ordea, ez dirudi su etena gertu dagoenik; hori jakinarazi du gaur Qatarreko Atzerri ministro Majed al-Ansarik. Qatar bitartekari lanak egiten ari da Hamas eta Israelen artean.

Bestalde, Zisjordaniako palestinarrei Jerusalemera sartzen utziko die Israelgo Gobernuak ramadanak iraun bitartean. Ostiraletan sartu ahal izango dira Meskiten Zelaigunera, Al-Aqsan errezatzera. Baina soilik adin tarte jakin batzuetakoak joan ahal izango dira: 55 urtetik gorako gizonak, 50 urte baino gehiagoko emakumeak eta 10 urte bitarteko haurrak. Baimen berezi bat eskatu beharko dute horretarako.

Israelgo agintariek ez dute baieztatu asteko gainontzeko egunetan sartu ahal izango diren. Hori bai, aurten Gazako biztanleak ezingo dira Jerusalemera joan, gerra dela eta. Igande gauean, ehunka fededun musulmani meskitara sartzea eragotzi zieten polizia israeldarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.