Asteon Gazako zerrendan laguntza humanitarioa sartzen hasi izanagatik, Israelgo armadaren erasoek bere hartan jarraitzen dute. Tregoa baterako negoziazioak, ordea, ez dira eten. AEB Ameriketako Estatu Batuak, Egipto eta Qatar dabiltza bitartekari Israelen eta Hamasen artean, eta hirurogei eguneko su etena proposatu diete bi aldeei. Hamas aztertzen ari da proposamena onartu edo ez, nahiz eta ez duen biltzen taldearen eskakizun «bat bera ere»; hala adierazi du Basem Naimek, Hamaseko kide batek, ohar batean. Haren arabera, su etena onartuta ere Israelek ez baitu setioa amaitzeko konpromisorik hartuko, edo ez baititu tropak zerrendatik aterako: «Israelek okupazioa gogortu nahi du, eta hilketa eta gosete politikak betikotu».
Dena den, talde islamista «zorrozki» ari da aztertzen su etena, «genozidioaren larritasuna» aintzat hartuta. BBC hedabideak, talde islamistaren buruetako bat aipatuz, kaleratu du Hamasek atzera botako duela proposamena. Hamasek gaur edo bihar emango du erantzuna.
Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek prentsaurrekoa eman zuen atzo arratsaldean, eta bertan jakinarazi zuen Israelek onartu egin zuela Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariak egindako bi hilabeteko menia proposamena.
Tarte horretan, 28 gatibu askatuko lituzke talde islamistak, hilik zein bizirik —hamar bizirik eta hamazortzi hilik; Israelen arabera, denera 58 ditu bahituak gaur egun—; Israelek, berriz, 1.236 preso palestinar askatuko lituzke, eta palestinarren 180 gorpu itzuli ere bai. Gainera, bi hilabeteren ondoren tregoa iraunkorra ezarriko balitz, Hamasek aske utziko lituzke gainontzeko gatibuak.
Reutersek eman du meniaren xehetasunen berri, eta baldintzetako bat hau da: Hamasek hura onetsi bezain laster laguntza humanitarioa sartzen utziko dietela NBE Nazio Batuen Erakundeari, Ilargi Gorriari eta gobernuz kanpoko beste zenbait erakunderi. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa NBEren agentziak ohar batean jakinarazi duenez, 200.000 gazatar hilabetez laguntza humanitarioz hornitzeko nahikoa lehengai du «banatzeko prest»: janaria, higiene produktuak, tapakiak eta oinarrizko sendagaiak, besteak beste.
Erakunde horiek ez dute zerrendarako sarbiderik, AEBen eta Israelen babesa duen bat arduratzen baita laguntza humanitarioa banatzeaz. Israelek martxo hasieran ezarri zion blokeoa laguntza humanitarioari, hain zuzen, aurrez ezarritako su etenaren lehen fasea amaitu bezain laster —beste bi fase aurreikusten zituen planak, baina bertan behera geratu zen—.
Hortaz, zerrendan ez zen sartu laguntza humanitariorik ia hiru hilabetean, harik eta Gaza Humanitarian Foundation gobernuz kanpoko erakundeak Israelen baimena jaso zuen arte, aste honen hasieran. Gazako Gobernuak —Hamasen esku dago— salatu du ordutik bederatzi palestinar hil dituela Israelek tiroz, laguntza jasotzen ari zirela. Gaur behintzat hogei lagun zauritu ditu Israelek drone bidezko eraso batean. Zaurituak Al-Bureij errefuxiatuen kanpalekurantz zihoazen laguntza humanitarioa jasotzera, Wafa Palestinako berri agentziak kaleratu duenez. Asteon, laguntza humanitarioa jasotzen ari ziren hamar lagun tiroz hil dituzte Israelgo soldaduek, Gazako Gobernuaren arabera; horietako azkena gaur bertan, Rafah hiritik gertu.
Bestalde, Al Jazeera hedabidearen arabera, gutxienez 70 palestinar hil ditu Israelek gaurko erasoetan; bi dozena inguru Al-Bureijen hil dira, bonbardaketa batean. Wafak ere eman du erasoen berri: familia baten etxebizitza bonbardatu du zerrenda iparraldeko Jabalia hirian, eta hamar lagun hil eta beste hainbat zauritu; hegoaldeko Khan Yunis hiritik gertu hiru lagun hil dira, kanpadenda batzuen kontrako eraso batean; ibilgailu bat ere bonbardatu du Israelek Khan Yunis inguruan, eta bi pertsona hil; eta beste hiru lagun ere hil dira Gaza hiriko auzo bateko bonbardaketa batean.
Beste ospitale bat itxiarazi du Israelek
Atzo gauean, Israelgo armadaren bozeramaileak Gaza iparraldeko palestinarrak ebakuatzeko agindua eman zuen ohar bidez. Armadak ohartarazi zuen erasoaldia «zabalduko» zuela Beit Lahia, Gaza eta Jabalia hiriko hainbat auzotan, ekintza «terroristak» atzeman dituztelako horietan; ez zuen horren frogarik aurkeztu. «Borroka gune arriskutsuak izango dira hemendik aurrera», erantsi zuen bozeramaileak.
Era berean, Israelen aginduak Al-Awda ospitalea ixtea eragin du, Gaza iparraldean irekita zegoen bakarra. Ohar bidez, Gazako Osasun Ministerioak atzo salatu zuen «krimena eta bortxa» dela ospitalea itxiaraztea, eta zerrenda osoan osasun sistema bermatzea galdegin zuen. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 97 lagunek han jarraitzen zuten atzo, eta gaur lekualdatuko dituzte. Dena den, errepideen egoeragatik, ospitale hartako ekipamendua ezin izango dute beste nonbaitera eraman, erakundeak ohar batean adierazi duenez.
Macronek Israelen kontrako jarrera «gogortzeko» deia egin du
Emmanuel Macron Frantziako presidentea sei eguneko bira batean da Asia hego-ekialdean, eta, Singapurren gaur egin duen agerraldian, esan du Europak Israelen kontrako jarrera «gogortu» beharko duela baldin eta Israelek ez badio behar bezala erantzuten Gazako egoera humanitarioari «datozen orduetan eta egunetan». Zerrendarako laguntza humanitarioari ezarritako blokeoa «onartezina» da, presidentearen ustez. Besteak beste, «zigor ekonomikoak» ezarriko dituztela iradoki du. Aste honetan egindako beste agerraldi batean, Indonesian, esan zuen «betebehar morala» zela Ekialde Hurbilean «segurtasun arkitektura» bat eraikitzea, eta bi estatuen konponbidearen alde egin zuen.
Atzo, Zisjordanian 22 kokagune ezarriko zituela iragarri zuen Israelek, eta horietako batean egon da gaur Israel Katz Israelgo Defentsa ministroa, Nablus hiritik gertu. Han, Macronen kontra egin du Katzek: «Kokalekuentzako une historikoa da hau, [Hamas] erakunde terroristaren kontrako erantzuna, baita Macronen eta bere lagunentzako mezu argia ere: paper batean aitortuko duzue Palestinako estatua, eta paper horrek historiaren zakarrontzian amaituko du». Izan ere,
ez da lehen aldia Mendebaldeak ohartarazpena egiten diola Israeli: joan den astean, Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak abisatu zioten Israeli «neurriak» hartuko zituztela haren kontra Gazako erasoaldia geratu ezean. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «Hamas babestea» egotzi zien hiru herrialde horietako buruzagiei.
Halaber, EB Europako Batasuneko hamazazpi herrialdek eskatu zuten EBk Israelekin duen lankidetza politikorako eta ekonomikorako akordioa berrikusteko, aztertzeko ea Israelek giza eskubideei buruzko artikulu bat urratzen duen; ekainaren 23an bilduko dira talde komunitarioko Atzerri ministroak, elkarlanari eutsi ala ez eztabaidatzeko.