Hamasek eta beste fakzio palestinar batzuek ez dute ezein atzerritarren «tutoretzarik» onartuko

Ohar bateratu batean nabarmendu dute instituzioen funtzionamendua «Palestinako barne auzi bat» dela. Zerrendan laguntza humanitarioa sartzen hasi da.

Gazako herritar batzuk Khan Yunisen, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
Gazako herritar batzuk Khan Yunisen, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 11
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldiko partez, Israelgo armadak jaurtitako bonben zaratarik entzun gabe igaro dute gaua Gazan, Donald Trump AEBetako presidenteak zerrendarako ondutako planaren lehen fasea atzo 11:00etan indarrean sartu ondoren. Planean jasotakoa aintzat hartuta, Hamasek beranduenez astelehenerako askatu beharko ditu bahituak, eta Tel Avivek, jarraian, 2.000 preso palestinar utzi beharko ditu aske —horri begira, Israel hasi da presoak kartzelaz aldatzen—. Ondorengo pausoei dagokienez, ziurgabetasuna da nagusi. Hori bai, gaur ohartarazpen bat egin dute jada Hamasek eta Palestinako beste bi fakziok, Jihad Islamikoak eta PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteak: zerrendan ez dutela ezein atzerritarren «tutoretzarik» onartuko.

Eta jarrera horrek talka egiten du AEBetako presidenteak duela ia bi aste kaleratutako planean planteatzen duenarekin. Izan ere, bederatzigarren puntuaren arabera —hogei puntu ditu guztira—, behin Israelgo tropak zerrendatik erretiratuta, «trantsizioko gobernu batek» edukiko du gobernabidea, eta batzorde «apolitiko eta teknokrata palestinar bat» arduratuko da kudeaketaz; dena den, nazioarteko organo batek gainbegiratuko du jarduna, eta hark Trump izango du buru. 

Hiru fakzio palestinarrek ohar bateratu batean nabarmendu dutenez, ordea, instituzioen funtzionamendua «Palestinako barne auzi bat» da, eta «lankidetza markoak» aktibatzera deitu dituzte gainerako fakzioak. Komunikatuak dioenez, elkarlan horrek helburu bat edukiko luke: bide politiko nazional bateratu bat hastea, gardentasunez, lankidetzan eta sinesgarritasunean oinarrituta instituzio nazionalak berreraikitzeko.

500.000

Zenbat pertsona itzuli diren Gaza hirira. 

Gazako Defentsa Zibilak gaur emandako datuen arabera, atzo 11:00etan menia indarrean sartu zenetik,

500.000 herritar inguru itzuli dira Gaza hirira. Israelek abuztu erdialdean jakinarazi zuenetik zerrendako hiri handiena okupatzeko asmoa zuela, 700.000 pertsonak alde egin dute handik. 

Etxe Zuriko maizterrak berak atzo jendaurrean adierazi zuen oro har «kontsentsua» dagoela egitasmoaren hurrengo pausoen funtzionamenduaren inguruan; aitortu zuen, hori bai, «detaile batzuk» zehazteko daudela. Herrialde arabiarren eta Israelen oniritziarekin ondu zuen plana, eta nazioarteak, orokorrean, begi onez ikusten du; baita Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeek eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak berak ere.

Hain zuzen, Gazarako planaren sinadura ekitaldia egitekoak dira astelehenean Egipton, Hamasek eta Israelek su etena eta bahitu eta presoen trukea zeharka negoziatu duten herrialdean. Horretan parte hartzekoak dira Trump, bitartekari aritu diren estuetako liderrak —Qatar, Egipto eta Turkia— eta baita Europako potentzietako eta herrialde arabiar eta islamiar zenbaitzuetako liderrak ere. 

Gorpuzkien bila

Planaren 7. puntuak dioenez, behin akordioa onartuta, Gazara laguntza bidaliko dute. Israelgo iturri ofizialek atzo adierazi zutenez, aurrerantzean, egunero, giza laguntza daramaten 600 kamioi sartu ahal izango dira zerrendan. Bada, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren Espainiako zuzendari Raquel Martik esan du gaur, SER irrati katean, kamioi batzuk Gazan sartzen hasi direla. 

UNRWAren bozeramaile Jonathan Fowlerrek EFE berri agentziari azaldu dionez, 6.000 kamioi bete ahal izateko besteko laguntza humanitarioa dute beren biltegietan. 

Bien bitartean, AEBetako armadako buruzagi Brad Cooperrek esan du gaur, sare sozialetan, berrehun soldadu inguru Israelera heldu zirela atzo, eta menia gainbegiratzea izango dutela zeregin. Gainera, horiek arituko dira hilda dauden Hamasen gatibuen gorpuzkiak aurkitzeko ahaleginean, Israelgo, Turkiako, Qatarko eta, besteak beste, Egiptoko soldaduekin batera. 48 bahituetatik hogei inguru daude bizirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.