Hamasi gorpu bat itzultzea falta zitzaion Trumpen planaren lehen faseak zioenaren bere zatia betetzeko, eta gaur aurkitu du Israelek. Ran Gvili poliziarena zen gorpua, eta Israelgo armadak gaur arratsaldean jakinarazi du hildakoaren gorpuaren hondarrak identifikatu dituela. Horrekin lotuta, gaur goizaldean ohar bat zabaldu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak, non aipatzen zuen IDF Israelgo Defentsa Indarrek «operazio espezifiko bat» abiarazia zutela, eskura zuten informazio guztiaz baliatuta, bahituaren gorpua aurkitzeko. Izan ere, Hamasek atzo iragarri zuen «bere esku zuen informazio guztia» emana ziela herrialde bitartekariei —Egipto, Qatar, Turkia eta AEB—. Horiek Israelen esku jarri dute informazioa.
Israelgo Gobernuaren ohar horrek adierazten zuen Israelek Rafahko pasabidea irekiko zuela azken gorpu hura aurkitutakoan: «Behin operazio hau amaituta, eta, AEBekin adostutakoari jarraituz, Rafahko pasabidea irekiko da». Irailaren amaieran aurkeztu zuen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Gazarako bere plana, eta urriaren hasieran sartu zen lehen fasea indarrean. Bertan zehaztutakoaren arabera, irekita egon beharko luke jada Rafahko pasabideak. Baina Israelek esan zuen ez zuela pasabidea irekiko Hamasek Israelgo bahituen gorpu guztiak itzuli eta haiek identifikatu arte. «Bake plana» indarrean sartu eta berehala, gorpu guztiak itzuli zituen Hamasek, bat izan ezik, Gvilirena. Argudiatu zuen ez zuela aurkitzen.
Gaur aurkitu du Israelek. «Ofizialki, ez dago Gazan gatibu gehiagoren gorpurik», idatzi du Israelgo armadak X sare sozialean. Hortaz, Trumpen Gazarako planaren zenbait puntu bete beharko ditu orain Israelek. Orain arte ez ditu bete, gorpua falta zitzaiela argudiatuta.
Israelen kontrola
Hasteko, hitzemandakoa betetzen badu, Rafahko pasabidea irekiko du Israelek. Hala ere, goizaldean igorritako oharrean, Israelek zehaztu du pasabidea pertsonak igarotzeko izango dela soilik, eta hainbat baldintza ere jarri ditu. Komunikatuaren arabera, Gazatik atera nahi duten palestinarrak «goitik behera miatuko» dituzte Israelgo eta Egiptoko estatu indarrek. Ez dute eman horien inguruko xehetasun gehiago.
Hamasek Israelek jarri dituen baldintzak salatu ditu, «betetzen ezinezkoak» direla argudiatuta. Talde islamistako kide batek EFE berri agentziari adierazi dionaren arabera, Israelek ezarri dituen baldintzetako bat da pasabidetik igaro ondoren Israelgo armadaren beste kontrolgune batera joatea. Horrela, «Gaza hegoaldeko mugaren kontrol osoa Israelek izatea lortzeko». Hamaseko kideak dioenez, Egipto ere ez dago ados horrekin, eta nabarmendu du Egiptok eta Palestinak kontrolatu behar dutela muga, lehen egiten zen moduan. Gaineratu du Israelek sarbidea debekatu nahi diela zerrendatik kanpo jaio diren palestinarrei. Eta Israelen arabera, ezingo dira Gazara sartu bertatik ateratzen direnak baino gehiago.
Rafahko pasabidea Gaza hegoaldean dago, Egiptorekin duen mugan, eta Israelek du horren kontrola 2024ko maiatzaz geroztik. Oraindik ere Israelgo armadak kontrolatzen duen Gazako eremuan dago, hau da, lerro horian —zerrendaren erdiaren kontrola du Israelgo armadak gaur egun, gutxi gorabehera—. Eremu horretan aurkitu dute Israelgo indarrek falta zen bahituaren gorpua, hilerri batean, Gaza iparraldean.
Al-Jazeera hedabidearen satelite bidezko irudiekin eginiko ikerketa baten arabera, urriaren 8tik urtarrilaren 8ra bitartean, Israelgo armadak hondeagailuak erabili zituen jada Beit Hanun hiriaren inguruan. 408.000 metro karratu garbitu dituzte, tartean aurretik suntsitutako 329 etxebizitza eta nekazaritza eremuak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Israelek Gazako egituren %81 hondatu ditu dagoeneko, eta horietako asko erabat suntsitu.
Urritik egon da indarrean Gazan «bake plana» eta «su etena». Baina Israelek Palestinarrak hiltzen eta inguruak suntsitzen jarraitu du. Bigarren fasean sartzearekin batera, Gazan aginduko duen gobernu teknokratiko bat sortu zuten, eta Ali Xaatth PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ministrorde ohia jarri dute gidari lanetan. Oraindik ere ez dira Gazan biltzen, Kairon baizik. Ostegunean adierazi zuen Xaathek Rafahko pasabidea aste honetan irekiko zela.