«Ja ez dago gatiburik Gazan», esan du gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, parlamentuan emandako hitzaldian. Hamas Palestinako taldeari gorpu bat itzultzea falta zitzaion Donald Trump AEBetako presidentearen planak aurrera egiteko, eta Israelgo armadak arratsaldean jakinarazi du gorpuaren hondarrak identifikatu dituela. Aurrez, goizaldean, lehen ministroaren bulegoak ohar bat kaleratu du, non aipatzen zuen Rafahko pasabidea irekiko zutela azken gorpu hura aurkitutakoan. Israel Gaza hegoaldeko pasabidea irekitzekotan baldin bada ere, baldintza batzuen pean irekiko du eta «mugatua» egongo da handik pasatzea: pertsonak igarotzeko izango da soilik, eta «ikuskatze mekanismoak» jarriko dituzte zerrendara sartu nahi duten palestinarrak kontrolatzeko.
Hamasek Israelek jarri dituen baldintzak salatu ditu, «betetzen ezinezkoak» direla argudiatuta. Talde islamistako kide batek EFE berri agentziari adierazi dionaren arabera, Israelek ezarri dituen baldintzetako bat da pasabidetik igaro ondoren Israelgo armadaren beste kontrolgune batera joatea. Horrela, «Israelek izan dezan Gaza hegoaldeko mugaren kontrol osoa». Hamaseko kidearen hitzetan, Egipto ere ez dago ados horrekin, eta nabarmendu du Egiptok eta Palestinak kontrolatu behar dutela muga, lehen egiten zen moduan.
Israelek ez du eman baldintzen inguruko xehetasun gehiago. Israelgo zenbait hedabidek kaleratu dute, negoziazioetako iturriak aipatuz, Israelek sarbidea debekatu nahi diela zerrendatik kanpo jaio diren palestinarrei, eta ezingo direla Gazara sartu bertatik ateratzen diren baino palestinar gehiago.
Rafahko pasabidea Gaza hegoaldean dago, Egiptorekin duen mugan, eta Israelek du horren kontrola 2024ko maiatzaz geroztik. Oraindik ere Israelgo armadak kontrolatzen duen Gazako eremuan dago, hau da, lerro horian —zerrendaren erdiaren kontrola du Israelgo armadak gaur egun, gutxi gorabehera—. Eremu horretan aurkitu dute Israelgo indarrek falta zen bahituaren gorpua, hilerri batean, Gaza iparraldean.
Izan ere, Netanyahuren bulegoaren oharrak zioen armadak «operazio espezifiko bat» abiarazia zuela, eskura zuten informazio guztiaz baliatuta, bahituaren gorpua aurkitzeko; izan ere, Hamasek igandean iragarri zuen gorpuaren kokapenari buruz «bere esku zuen informazio guztia» emana ziela negoziazioetako herrialde bitartekariei —Egipto, Qatar, Turkia eta AEB—. Horiek Israelen esku jarri zuten informazioa.
Plana, erdizka
Irailaren amaieran aurkeztu zuen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Gazarako bere plana, eta urriaren 10ean sartu zen lehen fasea indarrean. Bertan zehaztutakoaren arabera, irekita egon beharko luke jada Rafahko pasabideak —eta, besteak beste, laguntza humanitarioa sartu beharko litzateke handik—. Baina Israelek esan zuen ez zuela pasabidea irekiko Hamasek Israelgo bahituen gorpu guztiak itzuli eta haiek identifikatu arte. Hamas «bake plana» indarrean sartu ondoren hasi zen gatibuak eta gorpuak entregatzen, urriaren 10ean. Atzo arte, gorpu bakarra geratzen zen Gazan, Ran Gvili poliziarena.
Al-Jazeera hedabidearen satelite bidezko irudiekin eginiko ikerketa baten arabera, urriaren 8tik urtarrilaren 8ra bitartean, Israelgo armadak hondeagailuak erabili zituen jada Beit Hanun hiriaren inguruan. 408.000 metro karratu garbitu dituzte, tartean aurretik suntsitutako 329 etxebizitza eta nekazaritza eremuak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Israelek Gazako egituren %81 hondatu ditu dagoeneko, eta horietako asko erabat suntsitu.
Urritik egon da indarrean Gazan su etena. Baina Israelek palestinarrak hiltzen eta inguruak suntsitzen jarraitu du. Bigarren fasean sartzearekin batera, Gazan aginduko duen gobernu teknokratiko bat sortu zuten, eta Ali Xaath PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ministrorde ohia jarri dute gidari lanetan. Oraindik ere ez dira Gazan biltzen, Kairon baizik.