Mundua Washingtonera begira zegoela iritsi da albistea: Hamas prest dago Gazarako ondutako azken menia proposamena onartzeko. Hala baieztatu zuen atzo iluntzean Palestinako erakunde islamistak berak, erabakia nazioarteko hedabideetan filtratu eta gutxira. Orain, Israeli dagokio zer egin erabakitzea, eta iturri ofizialak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, ostirala baino lehen emango du erabakiaren berri. Edonola ere, ez dirudi erantzuna baikorra izango denik. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek uste du Hamasek Gaza hiria okupatzeko mehatxuaren harira onartu duela tregoa; Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek eta Finantza ministro Bezalel Smotrichek, berriz, argi adierazi dute menia onartzea «etsaiari bizirik irauteko aukera bat» ematea litzatekeela. Eta lehen ministro Benjamin Netanyahuk esan du, besterik gabe, Palestinako erakunde islamista «presiopean» dagoela.
Azken menia proposamena 60 egunekoa izango litzateke; denbora horretan, Hamasek aske utziko lituzke oraindik bizirik dauden hamar gatibu, eta jada hilda dauden hemezortzi bahituren gorpuak entregatuko lizkioke Tel Avivi. Trukean, Israelek zenbait preso palestinar —ez dute zehaztu zenbat— askatu beharko lituzke. Zerrendako egoerari dagokionez, planak barne hartuko luke Israelgo tropak iparraldetik eta ekialdetik ateratzea, baita laguntza humanitarioa «masiboki» sartzea ere. Horrez gain, Hamas prest legoke operazio militarrak eteteko; «aldi baterako». Hala jakinarazi zuen atzo EFE albiste agentziak, negoziazioetan egon den Kairoko iturri bat aipatuta. Netanyahuren bulegoak ohartarazi du, komunikatu baten bidez, beren baldintzetako bat dela Hamasen esku dauden 50 gatibuak itzultzea; ez soilik horietako batzuk.
Israelen erantzunaren zain dauden bitartean, Egiptoko Gobernuak iragarri du kamioi humanitarioen konboi bat bidali asmo duela Gazara, hegoaldeko Kerem Xalom pasabidearen bidez. Kairoren arabera, olioa, azukrea, arroza, irina eta kontserbak sartu dituzte kamioietan; Israelgo agintariek horiek guztiak ikuskatu eta baimena eman ondoren, zerrendara sartu ahalko dituzte. Egiptoko Atzerri ministro Badr Abdelatyk jakinarazi duenez, Kairok 1.288 kamioi humanitario bidali ditu Gazara Israelek joan den uztailaren 27an berriro ere laguntza humanitarioa sartzeko baimena eman zuenetik; hau da, batez beste 64 kamioi egunean. «Kopuru hori ez da inondik inora ere nahikoa, Gazako krisi humanitarioari aurre egiteko egunean 700 eta 900 kamioi artean sartu beharko lirateke», gaineratu du.
Tel Avivek ezarritako blokeoaren ondorioz, gero eta larriagoa da zerrendako egoera humanitarioa. Horren erakusle da, hain justu, azken 24 orduetan hiru heldu hil direla gosetearen eta malnutrizioaren ondorioz, Gazako Osasun Ministerioak esan duenez. Horiek horrela, dagoeneko 266 pertsona hil dira gosetearen ondorioz; horietatik 112 adingabeak, ministerio horrek emandako datuen arabera.
Agerikoa da Gazako muturreko egoera, eta, horren ondorioz, nazioartean areagotzen ari dira Israelen jokabidea gaitzesten duten mugimenduak. Are, Israelen bertan ere gero eta gehiago dira bertako gobernuaren jarrera kritikatzen duten herritarrak. Kasurako, hainbat manifestarik Tel Aviv hegoaldeko errepide nagusi bat blokeatu dute, Gaza hiria okupatzeko planaren aurka egiteko. Haien arabera, ekintza horrek ez du zentzurik, eta arriskuan jartzen ditu Israelgo soldaduak eta oraindik gatibu daudenak. Herenegun, halaber, greba egun orokorra antolatu zuten, Gaza okupatzeko asmoak kritikatzeko eta su eten bat «ahalik eta lasterren» adosteko presio egiteko.
Unifilen etorkizuna, airean
Ez dago argi aurrerantzean zer leku eta zer funtzio izango dituen Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoak; hori eztabaidatzekoak dira gaur, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Zehazki, Frantziak aurkeztutako lege proposamen baten inguruan erabakitzekoak dira. Horren arabera, Unifil Libanon egongo litzateke abuztuaren 31ra arte, baina dokumentuan jasota dago Segurtasun Kontseiluak bide orri bat prestatu behar lukeela tropa horiek herrialdetik behin betiko ateratzeko. Hala adostuko balute, Libanoko armadaren esku geratuko litzateke hegoaldean segurtasuna bermatzea.
AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Israel lege proposamen horren aurka agertu dira dagoeneko, nahiz eta Washingtonek oraingoz ez duen esan bozketan betoa erabiliko duenik. Unifil 1978an zabaldu zuten Libano hegoaldean, Israelen eta Hezbollahren arteko erasoaldietan eremu horretan egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz. Azken hilabeteetako gertakarien ondorioz, baina, eztabaidatzen ari dira tropa horiek hor mantendu beharko lituzketen edo ez.
ISRAELDAR BATZUK LEGEZ KANPO SARTU DIRA SIRIAN, KOLONIAK EZARTZEKO ASMOZ
Israelgo herritar batzuk Siria hegoaldera sartu dira, legez kanpo, gaur goizaldean, eremu horretan kolonia judu bat ezartzeko asmoz, ekintza hori egin duen Uri Tzafon mugimenduak berak jakinarazi duenez. Israelgo zenbait familiak osatzen dute talde hori, eta beren buruak ekintzailetzat jotzen dituzte. Israelgo armadaren arabera, Siria hegoaldera sartu diren kideak atxilotu dituzte gaur goizaldean, behin-behinean, ez baitzuten ez armadaren, ez Israelgo Gobernuaren baimenik. Edonola ere, mugimenduak azaldu du espero duela etorkizunean gobernuaren babesa jasotzea Siria hegoaldean kolonia juduak eraiki ahal izateko.