Hamasek «Gazako setioa eta gosetea bukatu arte» mobilizatzeko deia egin dio nazioarteari. Telegramen bidez egin du eskaera Palestinako erakunde islamistak, eta «munduko pertsona aske guztiei» zuzendu zaie mezuan; besteak beste, salatu du adin guztietako zibilak hiltzen ari direla gosetearen eta oinarrizko baliabide faltaren ondorioz, eta Israelen aurkako ekintza eza egoera katastrofikoa are gehiago larritzen ari dela. «Datozen egunetan entzun daitezela okupazioak burutik kendu ezingo dituen oihuak; isilik dauden horiek lotsaraziko dituztenak». Hamasek eskatu du mobilizazioak antolatzeko etzirako, larunbaterako eta iganderako.
2023ko urriaren 7az geroztik, munduko txoko askotan egin dira, behin baino gehiagotan, Israelek Gazaren aurka abiatutako erasoaldiaren kontrako mobilizazio zibilak, eta Hegoalde Globalak hainbat mekanismo erabili ditu Tel Aviven operazio militarrak gaitzesteko. Mendebaldeko 25 herrialdek, ordea, herenegun egin zioten aurrenekoz errieta Israeli, ohar bateratu baten bidez. Eta dokumentu horrek bide eman du nazioarteko beste hamaika organismok Israel jopuntuan jartzeko, eta ahoan bilorik gabe zerrendaren aurkako erasoak salatzeko. Hain justu, gaur bertan komunikatu bateratu bat kaleratu dute 109 GKE gobernuz kanpoko erakundek: «Israelgo Gobernuaren setioak Gazako herritarrak gosez akabatzen dituen bezalaxe, langile humanitarioak ere beren bizitza arriskatzen dute laguntza jasotzeko guneetara hurbiltzen diren bakoitzean».
Zerrendan inor ez dago Israelen erasoetatik salbu, eta horixe nabarmendu dute GKEek: ikusten ari direla nola beren lankideak ere hiltzen ari diren. «Merkatuak hutsik daude, zaborra pilatzen ari da, eta kaleetan helduak hilzorian daude gosearen eta egarriaren ondorioz». Oharra sinatu dutenen artean daude AI Amnesty International, MSF Mugarik Gabeko Medikuak eta Caritas. Dokumentuaren bidez, hiru eskaera egin dizkiote Israeli: lehorreko muga guztiak irekitzeko; modua emateko baliabide humanitarioak, edateko ura eta erregaia zerrendan sartzeko; eta berehala setioa bukatzeko eta su eten bat adosteko.
Presioa handitzen ari den arren, Israelek bereari eusten dio. Times of Israel egunkariak iturri ofizial bat aipatu du, eta, horren arabera, Israel ez da Gazarako baliabideak blokeatzen ari; are, gezurtatu egin du zerrendan gosetea dagoenik. Dena den, agerikoa da Gazako egoera muturrekoa dela. Horren erakusle da, besteak beste, AFP Frantziako albiste agentziak eskatu ziola atzo Tel Avivi eman dezala baimena agentziak zerrendan dituen kazetari autonomoak ebakuatzeko, argudiatuta aurre egin behar dioten egoera «oso arriskutsua» dela. «AFP sortu genuenetik, 1944tik, kazetari asko galdu ditugu gatazketan, izan ditugu zauritu eta espetxeratu dituzten lankideak, baina inork ez du ezagutu gosez hil den lankiderik», gaineratu zuen agentziak.
HRW-EK GERRA KRIMENAK EGITEA LEPORATU DIE HUTHIEI
Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, baliteke Yemengo matxino huthiek gerra krimenak egin izana hilaren 6tik 9ra Itsaso Gorrian hainbat ontziri egindako erasoetan. Hala jakinarazi du gaur erakundeak, ohar baten bidez. Zehazki, erakundeak salatu du denbora horretan huthiek bi ontzi komertziali egin zietela eraso, baina ontzi horiek ez zutela «inolako loturarik» Israelekin: «Huthiek argudiatzen dute Israelek Palestinaren aurka egindako ekintzengatik egiten dietela eraso Itsaso Gorritik igarotzen diren ontziei; baina erasotako ontziek ez zuten inolako loturarik». Are, HRWek salatu du balitekeela ontzi horietako sei kide «legez kanpo» atxilo egotea.
Hain zuzen, Israelek zerrendari eraso egiten jarraitzen du. Gaur goizaldean, hain justu, zerrenda iparraldeko Gaza Hiriko hainbat etxebizitza bonbardatu ditu, Wafa Palestinako albiste agentziak jakinarazi duenez; baita eraikin horien alboan dagoen ospitale bat ere. Eraso horien ondorioz gutxienez zazpi pertsona hil dira, eta dozenaka zauritu. Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, berriz, dagoeneko 41 palestinar baino gehiago hil ditu gaur Israelek, zerrenda osoan egindako zenbait erasotan.
Bestalde, Israelgo armadak jakinarazi du gaur goizaldean bukatu dutela Deir al-Balah hiriko operazio militarra, eta handik atera dituela tropak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo gauean salatu zuen, ordea, Israelgo tropek eraso egin ziotela eremu horretan duten egoitza bati; organismoaren langile humanitarioek hartzen dute babes hor, eta bertan dituzte baliabideak ere. Erakundearen arabera, bonbardaketek sute handi bat eragin zuten, eta horrek «kalte larriak» utzi ditu. Eta langileek jaso zuten tratua ere salatu du OMEk: «Emakumeak eta haurrak eraikinetik aterarazi zituzten; gizonak, berriz, atxilotu egin zituzten, biluzarazi, eta arma baten mehatxupean egin zieten galdeketa». Israelek ez dio oraingoz organismoaren komunikatuari erantzun.
Meniarako negoziazioak
Israelgo Gobernuak eta Hamasek bi su eten adostu dituzte 22 hilabetean, eta azken hilabeteetan ez aurrera eta ez atzera egon dira beste menia bat erdiesteko negoziazioak. Bada, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ekialde Hurbilerako kontalari berezi Steve Witkoff eskualdera joatekoa dela jakinarazi du gaur —atzo gauean AEBetan— AEBetako Estatu Departamentuak; eta bileraren helburua da Hamasen eta Israelen arteko meniari buruzko negoziazioetan parte hartzea.
Departamentu horretako bozeramaile Tammy Brucek ez du xehetasunik eman, ez du aipatu negoziazio sortak noiz egingo lituzketen, ezta beste bitartekariek, Egiptok eta Qatarrek, parte hartuko duten ere. Nolanahi ere, prentsaurrekoan, abagunea baliatu du Hamasi aurreko menia hautsi izana leporatzeko. Bigarren eta azken su eten hori iragan urtarrilaren 19an sartu zen indarrean, eta bi hilabete igaro ondoren bukatu zen, martxoaren 18an: egun horretan Israelek eraso egin zion Gazari, aire bidez, argudiatuta —ebidentziarik gabe— Hamas berriro hasi zela borrokan.
PEZEXKIAN: «ISRAELEK BERRIZ ERASO EGITEN BADU, IRAN PREST DAGO ERANTZUTEKO»
Al-Jazeera hedabidean gaur egindako elkarrizketa batean, Masud Pezexkian Irango presidenteak esan du bere herrialdea prest dagoela Israelen aurkako gerra baterako: «Israelek berriz eraso egiten badu, Iran erabat prest dago erantzuteko, eta berriz Israeli barreneraino eraso egiteko». Are, bi herrialdeek adostutako meniaren inguruan galdetuta, aitortu du ez dela «oso optimista». Eta borroken etenaldi horretan konfiantza handirik ez duenez, jakinarazi du Iranek «bere burua prestatu» duela epe laburrean gertatu litekeen edozein eraso edo operaziotarako.
Israelek eta Iranek hamabi egunez jarraian egin zioten elkarri eraso iragan hilean. Tel Aviven arabera, operazio horren helburua zen Iranen programa nuklearra ahultzea, besteak beste, hori garatzeko erabiltzen dituzten azpiegiturei eta eraikinei eraso eginez. Are, programa horretan lanean ari ziren zenbait zientzialari ere hil zituzten. AEBek Israelen ofentsiba babestu zuten, eta Washingtonek ere esku hartu zuen gatazkan, eta eraso egin zion Iranen azpiegitura nuklear bati. Horren errepasoa egin du Pezexkianek elkarrizketan, eta aitortu du Tel Aviven erasoek «ondorio kaltegarriak» izan dituztela, baina ez dutela beren «helburua» bete: «Israelek Irango erregimena birrindu nahi zuen, baina ez da asmo horretara gerturatu ere egin». Irango Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, ofentsiba horretan 900 pertsona baino gehiago hil ziren Iranen; Israelen, berriz, gutxienez 28 pertsona hil ziren.
Herrialdearen programa nuklearraren inguruan ere mintzatu da Pezexkian, eta AEBetako presidente Donald Trump aipatu du: «Trumpek dio Iranek ez lukeela arma nuklear bat izan behar, eta horrekin ados gaude, ez dugu arma nuklearrik izan nahi; besteak beste, gure motibazio politiko, erlijioso, humanitario eta estrategikoengatik». Edonola ere, argi utzi du Iranek bere programa nuklearra garatzen jarraituko duela, argudiatuta programa «baketsu eta bakezale bat» izango litzatekeela, eta atea ireki dio diplomaziari. Hain justu, etzi dira Frantziako, Erresuma Batuko eta Alemaniako ordezkariak Irango agintariekin biltzekoak, akordio nuklearra hizpide.
Irango presidentearen elkarrizketa kaleratu den egun berean, Ukrainako Atzerri ministro Andrii Xibigak eta Israelgo haren homologo Gideon Saarrek zera jakinarazi dute, elkarrekin lan egitea adostu dutela Teheranen «mehatxuari» aurre egiteko. Aintzat hartzekoa da, hain justu, Iran eta Errusia aliatuak direla.