Hamasek pozik hartu du hainbat estatuk Israelen anexio asmoak gaitzestea

Hemeretzi herrialderen arabera, «onartezinak» dira Tel Avivek Zisjordania okupatzen jarraitzeko hartutako azken erabakiak. Tartean dira Frantzia, Espainia, Brasil, Egipto eta Saudi Arabia.

Kolono israeldarren presioaren ondorioz desplazatutako bi beduino Jerikon, Zisjordanian, otsailaren 11n. ATEF SAFADI / EFE
Kolono israeldarren presioaren ondorioz desplazatutako bi beduino Jerikon, Zisjordanian, otsailaren 11n. ATEF SAFADI / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 24a
13:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemeretzi herrialdek bat eginda gaitzetsi dituzte Israelek Zisjordania anexionatzeko hartutako azken erabakiak, eta, hori dela eta, Hamas pozik agertu da. «Bide egokian emandako pauso bat da», adierazi du talde islamistak, ohar batean. Hemeretzi herrialdek, Arabiar Ligarekin eta OIC Kooperazio Islamikorako Erakundearekin batera, atzo gauean salatu zuten, ohar bateratu baten bidez, «onartezina» dela Israelek Zisjordania «de facto» anexionatzeko erakutsitako intentzioa. 

Aipatu dute, hain zuzen, Israelek bertan behera utzi beharko lukeela otsailaren 15ean hartutako erabakia: palestinarrak diren Zisjordaniako eremu batzuk «estatuaren jabetza» gisa erregistratzea. Herrialde horiek Israeli eskatu diote nazioarteko obligazioak errespeta ditzala; Hamasen ustez, gobernuak duela hamar egun onartutako proposamen horrek «nabarmen» urratzen ditu bai nazioarteko zuzenbidea eta bai NBE Nazio Batuen Erakundeak auziaz onartutako ebazpenak. Dena den, Israelek hamarkadak daramatza ebazpen horiek urratzen.

Hain zuzen, hauek dira ohar bateratua sinatu duten herrialdeak: Brasil, Danimarka, Espainia, Egipto, Eslovenia, Frantzia, Finlandia, Islandia, Indonesia, Irlanda, Jordania, Luxenburgo, Norvegia, Palestina, Portugal, Qatar, Saudi Arabia, Suedia eta Turkia. 

Eta ez dira soilik duela hamar eguneko erabakiaz ari. Izan ere, anexio asmoak kritikatu dituztenez, gogoan izan dute duela bi aste pasa Israelgo segurtasun kabineteak erabakitakoa: indarrik gabe utzi zuen Zisjordania Jordaniaren esku zegoen garaiko lege bat (1953). Horrek lurrak eta jabetzak erostea galarazten die hangoak ez diren herritarrei eta enpresei; behin baliogabetuta, ordea, Israelek okupazioan jarraitu ahal izango luke. «Azken erabakiek erakusten dute errealitatea aldatu nahi dutela; gainera, bake ahaleginei eragiten diete». Eta, esaterako, Donald Trumpen Gazarako 20 puntuko plana aipatu dute adibide positibo gisa. 

Tel Avivi eskatu diote, bide batez, kolono israeldarrek utz diezaiotela Zisjordanian palestinarrei eraso egiteari. 2023an Israelek Gazako erasoaldia gogortu zuenetik, eraso horiek areagotu egin dira.

Ohartarazpena Libanori

AEBak Irani eraso egin ala ez ondorengo egunetan erabakitzekoak diren honetan, Israelek ohartarazpen bat egin dio Libanori: Hezbollah milizia xiitak Iran eta AEBen arteko gerra batean parte hartuko balu, Tel Avivek eraso egingo lioke Libanori, eta herrialdeko azpiegiturak zibilak izango lituzke jomuga. Hori kaleratu du gaur Reuters berri agentziak, Libanoko bi iturri ofizial aipatuz.

Horren harira, Israelek uste du AEBek gaur egun gaitasuna dutela Irani gehienez lauzpabost egunez jarraian aire erasoak egiteko. Hori kaleratu du Financial Times egunkariak, Israelgo zerbitzu sekretuetako iturri bat aipaturik. Abraham Lincoln gerraontzia Arabiako itsasoan dago jada, eta harantz doa Gerald R. Ford izenekoa, AEBetako armadak duen handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.