Hamasek salatu du Israelek gutxienez 24 palestinar hil dituela menia indarrean denetik

Gutxienez beste bi gazatar hil ditu gaur Israelgo armadak. Tel Avivek jakinarazi du Rafahko pasabidea irekitzeko prestatzen ari dela.

Hainbat palestinar laguntza humanitarioa daramaten kamioien aurrean, atzo, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD / EFE
Hainbat palestinar laguntza humanitarioa daramaten kamioien aurrean, atzo, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 16a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarri hitzartutakoa urratzea leporatzen segitzen dute Israelek eta Hamasek. Gazarako menia indarrean bada ere, Israelgo armadak azken egunetan gutxienez 24 palestinar hil dituela salatu du gaur talde islamistak. Hain zuzen, gaur gutxienez beste bi gazatar hil ditu Tel Avivek, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Horietako bat tiroz hil dute, Bureij errefuxiatuentzako kanpalekuan, zerrendaren erdigunean; bestea drone batek hil du, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. Horiez gainera, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du hiru palestinar hil direla aurreko egunetan jasandako zaurien ondorioz, eta hondakinen artetik 22 gorpu berreskuratu dituztela. 2023ko urriaren 7tik ia 68.000 hildako eragin dituzte Israelen erasoek Gazan.

Su etena urratzeaz gainera, Tel Avivek ez du bete Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako ondutako planean adostutako beste puntuetako bat: Rafahko pasabidea irekitzea. Egipto eta Gaza arteko mugan dagoen igarobide hori 2024ko maiatzean itxi zuen Israelgo armadak, eta gaur adierazi du irekitzeko «prestatzen» ari dela. Israelgo armadaren Cogat erakundeak —Palestinako lurralde okupatuetarako laguntza humanitarioa koordinatzen du— eman du berria, baina ez du zehaztu noiz zabalduko duen. Eta gaineratu du soilik pertsonek zeharkatu ahal izango dutela pasabidea, eta ez dela erabiliko zerrendara laguntza humanitarioa sartzeko. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroa Italian da nazioarteko bilkura batean, eta, han, kazetariei adierazi die «ziurrenik igandean» irekiko dutela pasabidea.

Hamasek gatibu israeldar guztien gorpuak entregatu ez dituenez, Israelek herenegun iragarri zuen Rafahko igarobidea itxita mantenduko zuela eta adostutako laguntza humanitarioaren erdia sartzea soilik baimenduko zuela. NBE Nazio Batuen Erakundea, besteak beste, erabaki horren aurka agertu da. Laguntza humanitarioa ezin dela «trukerako txanpon» moduan erabili adierazi du gaur Tom Fletcher OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko koordinatzaileak, sare sozialetan. Rafahko pasabidea zerrendan laguntza sartzeko «funtsezkoa» dela azaldu du, eta gehitu «kamioiz beteta» ikusi nahi duela. Aldeek lehen faserako adostutakoaren arabera, egunean seiehun kamioi humanitario dira zerrendan sartzekoak.

32

Zenbat nazioarteko ekintzaile atxilotu dituen Israelek Zisjordanian. Israelgo armadak nazioarteko 32 bake ekintzaile atxilotu ditu gaur Zisjordanian, Nablus hiritik hurbil. Armadaren arabera, soldaduen aginduak ez betetzeagatik hartu dituzte atxilo, eta deportatu egingo dituzte. Bestalde, Nablusen egindako sarekada batean lau palestinar atxilotu dituztela kaleratu du Wafa Palestinako berri agentziak.

Hain zuzen, hitzarmen hori urratzea egozten dio Israelik Hamasi. Talde islamistak 2023ko urriaren 7an gatibu hartu eta oraindik Gazan zeuden israeldar guztiak entregatzeko konpromisoa hartu zuen. Ituna sinatu zen egunean bertan utzi zituen aske bizirik zeuden hogei bahituak; ez ditu entregatu, ordea, hildako 28 israeldarren gorpuak. Hamasen arabera, gorpu horietako asko suntsitutako eraikinen hondakinen azpian daude, eta zailtasunak dituzte aurkitzeko. Gaur-gaurkoz hamar gorpu entregatu ditu, baina, Israelen arabera, horietako bat ez da gatibu batena. Hortaz, oraindik, hemeretzi gorpu ditu entregatzeke, baina esana du ez duela nahikoa baliabide horiek aurkitzeko.

Horren harira, Etxe Zuriak adierazi du ez duela uste Hamas akordioa urratzen ari denik. AEBetako Gobernuko bi funtzionariok —ez dute izenik eman— nazioarteko hedabideei egindako adierazpenetan azaldu dute hondakinen azpian dauden gorpuak topatzeko laguntza eskaintzen ari direla akordioa lortzeko lanetan aritu diren bitartekarien bidez. Gaineratu dutenez, «bermeak» dituzte ziurtatzeko Hamasek «ahal duen guztia» egingo duela adostutakoa betetzeko.

Israeldar bakoitzeko, hamabost palestinar

Ez dira iritzi berekoak Hamasek bahitutakoen senideak. Orain arte Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari presio egiten aritu izan dira Gazako menia lortzeko; gaur, aldiz, bahitu guztien gorpuak bueltan izan arte Israelek ezin duela akordioa betetzen jarraitu adierazi du Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak, sare sozialetan. «Porrot» gisa definitu dute Hamasen gain jarritako «presioa ahultzea», eta gaineratu Israelek ezin duela «aldebakarreko kontzesiorik» egin.

Hildako bahitu bakoitzaren trukean Israelgo armadak hildako hamabost palestinar itzultzea hitzartu zuen, eta gaur beste 30 gorpu entregatu dizkio Gurutze Gorriari. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, menia indarrean sartu zenetik 120 gorpu itzuli ditu Tel Avivek.

Marwan Barghouti buruzagi palestinarra jipoitu dutela salatu du haren familiak

Irailaren erdialdean, Israelgo espetxezainek konortea galdu hartu jipoitu zuten Marwan Barghouti, bizi guztirako zigorra betetzen ari den buruzagi palestinarra. Hala jakinarazi zuen atzo Barghoutiren semeak, Erresuma Batuko The Guardian egunkariak kaleratu duenez. Gazarako menia akordioan zehaztu bezala Israelek askatu dituen preso palestinarrek eman diete Barghoutiren senideei gertatutakoaren berri, eta familiak uste du lider palestinarraren bizitza arriskuan dagoela. Barghoutiren semeak salatu duenez, azken bi urteetan lau aldiz jipoitu dute. 2002tik dago preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.