Hamasentzat «ez du zentzurik» Gazarako su etena negoziatzen jarraitzeak

Palestinako talde islamistako bi buruk zerrendako setioa amaitzeko bermeak exijitu dituzte. Gatibuak askatzeko akordiorik ezean, lurreko erasoaldia areagotuko du Israelek datorren astean, Netanyahuren esanetan.

'Beranduegi da' dioen pankarta bat palestinarren aldeko manifestazio batean, Teheranen, joan den asteburuan. ABEDIN TAHERKENAREH/EFE
'Beranduegi da' dioen pankarta bat palestinarren aldeko manifestazio batean, Teheranen, joan den asteburuan. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko maiatzaren 6a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamasen arabera, ez du merezi Gazarako su etena negoziatzen jarraitzea. Herenegun gauean Israelek zerrendako erasoaldia areagotzeko plana onartu eta gero, erakunde islamistaren buruetako batek, Basem Naimek, elkarrizketa eskaini dio AFP berri agentziari, eta zera esan du: «Ez du zentzurik elkarrizketekin jarraitzeak edo tregoa proposamenak aztertzeak Gazako zerrendan gose gerrak eta sarraskiak bere horretan segitzen duten bitartean». Naimek nazioarteari exijitu dio «presio egin» diezaiola Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuari hilketak amai daitezen.

Bestalde, Hamasen Libanoko ordezkariak, Osama Hamdanek, Drop Site News hedabideari adierazi dio talde islamistak ez duela epe laburrerako su eten baten beharrik: «Zera eskaintzen ari zaizkigu israeldarrak: 'Menia labur bat emango dizuegu, eta gero zuek hiltzeko bueltatuko gara'». Haren arabera, tregoa amaitu ondoren hilketak egongo direla jakinda halakorik sinatzeak «genozidioa babestea» dakar, eta Hamasek bermeak galdegingo dituela berretsi du: baztertu egingo dute Israel Gazatik erabat ateratzea eta «genozidioa» amaitzea ekarriko ez duen edozein menia akordio.

Hamdanen hitzetan, harrituta geratu zen Egiptok —AEBak eta Qatar ere ari dira bitartekari lanetan— Gaza osorik desmilitarizatzeko proposamena egin zionean Israeli. «Zergatik ez dira israeldarrekin gurekin bezala mintzatzen?», kexu da Hamaseko buruzagia, eta berretsi du ez diela jaramonik egingo armak uzteko eskaerei: «Armagabetzeaz hitz egite hutsak esan nahi du palestinarrek eta Hamasek amore ematea nahi dutela. Eta amore ematen duzunean, okupatzailearen nahiak onartu behar dituzu».

Igande gauean onartu zuen Israelgo Segurtasun Kabineteak Gazako lurreko operazio militarra handitzeko plana, Hamasek oraindik gatibu dituenak askatzeko —Tel Aviven ustez, 59 bahitu ditu Hamasek, eta horietako 35 hiltzat jotzen ditu— eta erakunde islamista garaitzeko, bere esanetan. Israelek zerrendaren herena dauka okupatuta, eta erabat kontrolatu nahi du.

Atzo zabaldutako bideo batean, Netanyahuk esan zuen ez dutela egingo sartu-irtenik zerrendan: «Erreserbistei dei egin diegu bertara joan daitezen, lurraldeari euts diezaioten. Hori da plana». Gainera, iragarri zuen gazatarrak lekualdatzera behartuko dituztela, horiek «babesteko», eta Hamasen gatibuak askatzeko helburuaz mintzatu zen: «Ahalegin hori ez dugu alde batera utziko; ez dugu amore emango».

Donald Trump AEBetako presidentea Ekialde Hurbilera joango da datorren astean —asteartetik ostiralera arte, Saudi Arabiara, Qatarrera eta Arabiar Emirerri Batuetara, hain zuzen—, eta, hedabideek Israelgo iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, Israelek ez du Gazaren kontrako erasoaldia areagotuko bira amaitu arte. Netanyahuk espero du gatibuen gaineko akordioa adosteko aukera ematea Trumpen bidaiak, baina Etxe Zurira bueltatzen denerako traturik ez badago, «Gedeonen Gurdia operazioa [hala izendatu dute plana] indar osoz hasiko da, eta ez da amaituko helburu guztiak bete arte», Israelgo lehen ministroaren arabera.

Qatarko Atzerri ministro Majed al-Ansarik zera esan du asteroko prentsaurrekoan, «zailtasunak» dauden arren, Gazako menia lortzeko bitartekaritzan ari direla oraindik, Egiptorekin eta AEBekin batera: «Alde guztiak etengabe daude harremanetan». Zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko nazioarteak «presio» egin dezala ere eskatu du Atzerri ministroak.

Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Israelen bart gaueko erasoek gutxienez bost hildako eragin dituzte Gazan: horietako bi zerrenda erdialdeko Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan, beste bi Khan Yunis inguruan, eta haur bat Al-Mawasiko eremuan. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, beste hiru herritar tiroz hil dituzte, Beit Hanunen eta Beit Lahiyan.

ISRAELEK LAU LAGUN HIL DITU YEMENEN

Igande goizean, Yemengo huthiek Israelgo aireportu nagusiari eraso zioten: Gazako setioa 2023ko urrian hasi zenetik, aireportuari eraso egiten dioten estreinako aldia zen, eta hegaldiak tarte labur batez gerarazi ez ezik, lau zauritu eragin zituen erasoak. Tel Avivek bart erantzun du: bonbardaketak egin dituzte herrialde osoan zehar, eta huthiek salatu dute lau lagun hil eta 39 zauritu direla. Yemengo Osasun Ministerioaren arabera, horietako hiru Bajil hiriko zementu fabrika batean hil dira, eta bat Hudaida hiriko portuan.

Sare sozialetan, Avitxai Adraee Israelgo Gobernuko bozeramaileak Sanako aireportua husteko agindu du: «Ez ebakuatzeak eta handik ez urruntzeak arriskuan jarriko zaitu». Al-Masira Yemengo telebista katearen arabera, Israel Sana bonbardatzen hasi da eguerdian.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo esan zuen huthien erasoak Irandik zetozela, eta Teherani ohartarazi zion ondorioak izango zituela horrek. Israelen bart gaueko bonbardaketak gaitzetsi ditu Irango Atzerri Ministro Ismail Bagahaeik, eta nazioarteko komunitateari eskatu dio «gerarazteko herrialde islamiarretan AEBen eta erregimen sionistaren heriotzak eta suntsipena».

(ID_14928480) YEMEN HOUTHIS ISRAEL CONFLICT
Suhiltzaileak lanean, Israelek bonbardatu duen Yemengo Bajil hiriko zementu fabrika batean. EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.