Israelek ez du Gazako setioa eteteko asmorik; are, zerrendako lurreko operazio militarra handituko du. Hain zuzen, hori egiteko plan bat onartu du Israelgo Segurtasun Kabineteak, iturri ofizialak aipatuz hango hedabideek gaur kaleratu dutenez. Iturri horien beraien arabera, Tel Avivek «presioa» handituko du, helburu harturik bai Hamasek bahituta dauzkan israeldarrak askatzea, bai talde islamista garaitzea. Tel Aviven ustez, oraindik 59 israeldar dauzka bahituta Hamasek —horietako 35 inguru hiltzat jotzen dituzte—.
Hain zuzen, kontuan hartu behar da Israelgo agintariek milaka erreserbista deitu zituztela atzo Gazako erasoaldiarekin segitzeko. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo gauean sare sozialetan idatzi zuenez, maniobra horren helburua «erabateko garaipena» da. Mugimendu hori berresten du segurtasun kabineteak onartutako erabakiak.
Komunikabideek kaleratu dutenez, Israelek zerrendako eremu gehiago okupatu nahi ditu —heren bat inguru dauka okupatua—, eta hala herritarrak hegoaldera desplazatzera behartu. Dena den, hegoaldea ia osorik okupatua du Israelek, Rafah hartu ondoren. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 2023ko urriaren 7an Hamasek Israelen egindako eraso bati —1.100 hildako inguru— erantzunez Gazan hasitako setioaren ondorioz, zerrendako barne desplazatuak 1,9 milioi inguru dira.
Bezalel Smotrich Finantza ministroa da Israelgo Gobernuko kide eskuin muturrekoena, eta planaren harira gaur esan du israeldarrek ez lioketela «okupazio» hitzari «beldurrik» eduki behar. «Azkenean, laguntza humanitarioaren kontrol guztia hartzen ari gara, hori ez dadin Hamasen hornigai bihurtu», nabarmendu du gaur, B'Sheva egunkari ultrak antolatutako mahai inguru batean. Ohartarazi du, bide batez, Israel ez dela aterako Gazatik, bahituei buruzko akordioa lortuta ere.
Horren guztiaren harira, Israelek gutxienez 52.000 pertsona hil ditu zerrendan azkeneko urte eta erdian, Gazako iturri ofizialen arabera. Gaur bertan, esate baterako, beste 28 hil ditu hainbat bonbardaketen ondorioz. Horren berri eman dute Gazako osasun iturriek.
Bi aldeek, AEBak bitartekari zirela, su eten bat adostu zuten urtarril erdialdean, eta hori, Israelek tarteka egindako erasoak gorabehera, martxoaren 18ra arte egon zen indarrean; Israelek hautsi zuen. Hil horretako martxoaren 2an, gainera, Gazara sartzen zen laguntza humanitarioa blokeatu zuen Israelek —lehenago ere kostata sartzen zen—; eta neurri horrek bere hartan jarraitzen du. Hain justu, Israelgo hedabideek argitaratu dutenez, laguntza humanitarioari berriro sarbidea emateko zirriborro bat ere onartu du segurtasun kabineteak.
Baina bai Gazan laguntza ematen lan egiten duten NBEren agentziek eta bai GKE gobernuz kanpoko erakundeek plan horren kontra egin dute, eta ohartarazi Gazan jende gehienak hornigairik gabe jarraituko duela. Israelek ez du plan horren xehetasunik eman, baina agentziek eta GKEek gaur kaleratutako ohar batean azpimarratu dute «printzipio humanitarioen» aurkakoa dela. «Laguntza humanitarioak pertsonen beharrei erantzun behar die, haiek dauden tokian daudela». Eta nabarmendu dute ematen duela Israelek «presio taktika gisa» erabili nahi duela «beharrezko gaien kontrola». Hamasek NBEren eta beste taldeen jarrera goraipatu du komunikatu batean.
Legez, behartuta
Duela hemeretzi hilabete Gazako setioa hasi zuenetik, Israelek 300.000 erreserbista mobilizatu ditu, datu ofizialek diotenez. Guztira, 465.000 erreserbista ditu Israelek: 21 eta 49 urte artekoak dira, soldaduska eginda daukatenak.
Legez, hondamendi natural bat edo, besteak beste, gerra bat dagoenean, Israelgo erreserbistak behartuta daude armadaren operazioekin bat egitera. Baina, zenbait hedabidek erreserbisten beren hitzak aipatuta kaleratu dutenez, uko egiteko aukera dago.