Turkia

Hamazazpi lagun hil dituzte Istanbulen, bi bonba zartarazita

Turkiako Poliziak PKK gerrillari leporatu dio erasoa, baina honek ukatu egin du. Beste 153 lagun zaurituta daude. Epaileek agintean den AKP alderdi islamista moderatua legez kanpo utzi edo ez erabakitzeko bezperan izan dira atentatuak.

2008ko uztailaren 28a
17:53
Entzun
Istanbulen (Turkia) atzo gauean bi leherrarazi zituzten ezezagun batzuek, eta hamazazpi lagun hil dira (tartean bi ume) eta beste 153 zauritu daude, horietako hamalau oso larri. Eraso "terrorista" gisa jo dute Turkiako arduradunek, eta oraindik inork ez du hartu bere gain. Poliziak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren gerrilla taldeari leporatu dizkio atentatuak, baina honek komunikatu batean halakorik egin izana ukatu egin du.

Erasoa epaileen erabaki garrantzitsu baten bezperan gertatu da, Ankaran agintean den AKP Justizia eta Garapenerako Alderdia (islamista moderatua) legez kanpo utzi edo ez ebaztekoak baitira gaur.

Zakarrontzietan jarri zituzten lehergailuak, polizia agintarien arabera. Ondorioz, hauek baztertu egin dute erasoak suizidak izan direnik. Poliziak 16 eta 17 urte arteko hiru nerabe atzeman zituen leherketa gunetik gertu, soto batean ezkutatuta, Milliyet egunkari turkiarraren esanetan. Hauek adierazi zutenez, eztandatik izututa ezkutatu ziren han. Gaztetxoek atentatuarekin zerikusirik ote duten ikertzen ari da Polizia.

Kale berean eztandarazi zituzten bonbak, Güngorenen, gaueko hamarrak aldera, hamar minutuko tartearekin. Turkiako lehen ministrorde Hayati Yazicik azaldu duenez, helburua "ahalik eta jende gehien kolpatzea" zen:"Lehenik perkusio bonba bat eztandarazi dute, arreta erakatzeko. Ondoren, 10 minutu geroago, beste zakarrontzi batean, fragmentazio bonba bat eztandarazi dute". Lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek ez du atentatugileen izenik eman, eta "terrorismoaren aurka batuta" egoteko eskatu die turkiarrei.

Turkiako presidente Abdula Gulek ere atentatua gaitzetsi du: "Bonba erasoa egin dutenak gaitzesten ditut; terrorismoaren krudeltasun eta indarkeria desioa erakusten digute; ez dute gizonezkoen eta emakumezkoen artean, gazte, zahar edota umeen artean bereizten".

Edozein modutan, PKK-k Europan duen ordezkarietako batek, Zübeyir Aydarrek, kurduen aldeko Firat berri agentziari adierazi dio bere taldeak ez duelta Istanbulgo atentatuarekin inolako zerikusirik, eta hori gogor gaitzetsi du. Era berean, kurduen aldeko DTP Gizarte Demokratikoaren Aldedirko buru Ahmet Türkek "gogor" gaitzetsi ditu bonba erasoak.

Turkiako hedabide askok iradoki dute Istanbulgo atentatua "PKKren erantzuna" dela, atzo Turkiako armadak berriz erasoak egin baitzituen gerrillak Iraken menpeko Kurdistanen (Hego Kurdistan) dituen aterpeguneen kontra. PKK-k berez Turkiaren menpeko Kurdistanen (Ipar Kurdistan) ekiten du, 1984tik. Ankarako gobernuak kurduen giza nahiz herri eskubideak urratzen eta zapaltzen segitzen duela dio gerrilla taldeak. Taldea 1978an sortu zuten, baina 1984an ekin zion borroka armatuari.

Atzo gerrillari kurdu batzuk Turkiako Poliziak Bingol probintzian (Ipar Kurdistango ekialdean) duen polizietxe bat kontrolpean hartzen saiatu ziren.

AKP alderdia legez kanporatzearen gaineko ebazpena, gaurko

Gaur epaileek AKP alderdiaren gainean hartu behar duten erabakiari dagokionez, hari Turkiaren laikotasuna urratzea egozten diote. Turkia estatu laikoa da ofizialki, nahiz eta biztanle gehienak -eta alderdi nagusiak- musulmanak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.