Azken aldian, Washingtongo iturriek Irakeko egoera hobetu dela esan duten arren, erasoak ez dira erabat eten. Herenegun gauean Irak iparraldeko Talafar hirian izandako bonba-auto batek gutxienez hamazazpi lagun hil eta 95 zauritu zituen. Mosuldik 60 kilometrora dagoen hirian izandako leherketak txikizio izugarria eragin du inguruko auto eta etxebizitzetan.
Gainera, Telafarren izan dira Irakeko atentaturik odoltsuenak AEBetako armadak Saddam Hussein 2003ko apirilean boteretik kendu zuenetik. Nahiz eta pasaden maiatzaren 10ean Al Kaedaren erasoak ekiditeko plan berezi bat ezarri zuten gune honetan, indarkeriak bere horretan jarraitzen du.
Bestalde, gutxienez ustezko 25 ekintzaile atxilotu dituzte Iraken Al Kaedaren kontra egindako hainbat operaziotan. Hit, Bagdad eta Bakuba hirietan izan dira atxilotu gehien, informazio iturri ofizialen arabera. Atxiloketak elkarlanean egin dituzte AEBetako eta Irakeko armadek. Ustez Al Kaedari laguntzeagatik atzeman dutenetako bat Bagdadetik 60 kilometrora dagoen Bakuba hiriko Raad Dahlaki alkatea da. Gune honetan ekintzaileek indar handia dutenez, pasa den astetik Irakeko Gobernua soldaduak bidaltzen hasi da bertara.
AEBetako iturriek indarkeriak azken aldian behera egin duela aipatu dute; Barack Obama presidentegai demokratak Irakeko soldaduak Afganistanera bidaltezko beharra ikusi zuen orain gutxi, Iraken horrenbesteko beharrik ez zegoela argudiatuta. Irak normaltasuna berreskuratzen ari denaren zantzuak antzeman likezke. Izan ere, Kuwaitek eta Osasunerako Mundu Erakundeak ordezkariak ditu berriz Bagdaden.
Kuwaitek enbaxadorea Iraken
Kuwaiteko Gobernuko lehen ministroakAli Momen izendatu du Irakerako enbaxadore. 1990eko abuztuaren 2an Saddam Husseinen armada Pertsiako Golkoko herrialde txikira indarrez sartu zenetik Kuwaitek Iraken duen lehenengo ordezkaria da.
Bestalde, OME Osasunerako Mundu Erakundeak ere bost urte eta gero Iraken nazioarteko ordezkariak izango dituela jakinarazi du. Hilabete darama NBErekin batera, irakiarren bizi baldintzak hobetu nahian. OME 1960tik dago Iraken, baina 2003an NBEren eraikinaren kontra Bagdaden egindako atentatuaren ondorioz, langileak joan egin ziren segurtasun eza zela eta. Dena dela, bertakoak diren kideak jardun dira urte hauetan Iraken lanean.
Naema Al Gaserrek jakinarazi duenez, Osasunerako Mundu Erakundearen xede nagusia haurrei eta emakumeei laguntzea da. Erronkei dagokionez berriz, Unicefekin batera 5 urte baino gutxiago dituzten haurrei elgorriaren eta poliomielitisaren txertoa jarriko diete 10.000 pertsonen lankidetzari esker.
Halaber, nazioarteko erakundeak, esfortzu berezia egingo du buruko gaitzak dituzten pertsonei laguntzen. Izan ere, honek zuzenki eragiten du Irakeko ekonomian. Ekialde Hurbileko herrialdearen segurtasunak benetan kezkatzen du OME. Dena dela, osasunaren inguruko programa ezartzeko, Irakeko Osasun Ministerioaren 4.000 milioi dolarreko laguntza jaso dutela jakinarazi dute.
Hamazazpi lagun hil eta 95 zauritu dira Iraken, atentatuan
Kuwaitek eta OMEk ordezkaritzak zabaldu dituzte berriz, gerraren ondorioz urteetan itxita eduki ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu