Protestak herrialde arabiarretan

Haserrearen ostiralarekin bat protestak piztu dira hainbat herrialdetan

Egipton, lau jeneral atxilotzeko agindua eman du Auzitegi Gorenak; manifestariak hil zituztela uste dute

Erredakzioa
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ostiralero bezala, Haserrearen Eguna izan zen atzokoa hainbat herrialde arabiarretan. Egipton, Yemenen, Bahrainen, Saudi Arabian eta Jordanian oposizioak kalera egin du, beste behin, erreforma politikoak exijitzeko.

Poliziek tiro egin dute manifestarien aurka Arabia Saudiko Al Katif hirian. Rasid egunkari xiitaren arabera, hiru lagun zauritu dituzte. Barne Ministerioak protestak saihesteko «beharrezko neurriak» hartuko zituela iragarri zuen duela gutxi.

Yemengo Aden hirian ere, gutxienez, hiru lagun zauritu dira manifestarien eta segurtasun indarren arteko liskarretan. Herrialdeko hainbat hiritan jazo dira protestak eguerdiko errezoen ostean. Ali Abdala Saleh presidenteak erreformak iragarri zituen herenegun, baina ez du herritarren haserrea baretzea lortu.

Jordanian, Bahrainen eta Iraken ere protesta eguna izan zen atzokoa. Iraken, langabeziari irtenbidea emateko eskatu diote gobernuari, eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko. Jordanian, oposizio islamikoak deitu ditu herritarrak kalera; erreformak egin artean protestei eusteko eskatu dute.

Egipton, herritarrak elkartuta

Kairoko Tahrir plaza hartu dute beste behin herritarrek. Iraultzaren sinbolo bilakatu den plazan ez zen, ordea, liskarrik egon atzo. Izan ere, kristauek eta musulmanek batasuna eskatzeko jo zuten kalera. Azken egunotan kristau koptoen eta musulmanen liskarrak arbuiatzeko protesta baketsuan parte hartu zuten 5.000tik gora lagunek.

Bestalde, Auzitegi Gorenak lau jeneral atxilotzeko agindua eman du, hainbat manifestariren hilketekin zerikusia dutelakoan.

Horrez gain, Amro Musa Arabiar Ligako presidentetzarako hautagaia ez dago ados Konstituzioko zuzenketekin, eta erreferendumean aurka bozkatuko duela iragarri du. Konstituzioa goitik behera aldatu beharko litzatekeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.