Haurren aurkako sexu abusuen eskandaluak Paris astintzen ari dira. Frantziako hiriburuko fiskaltzak joan den astean jakinarazi zuen ikerketak egiten ari dela ehundik gora hezkuntza zentrotan —84 haur eskolatan, lehen hezkuntzako hogei bat ikastetxetan eta hamar bat haurtzaindegitan—, eta urtea hasi zenetik 78 begirale behin-behinean lanik gabe utzi dituela, horietako 31 sexu abusuekin lotutako gertakariengatik eta gainontzekoak «beste indarkeria mota batzuengatik».
Zehazki, indarkeria, sexu abusuak eta bortxaketak egotzita zigortu dituzte, eta, salaketak aurkeztu dituzten abokatuen arabera, tartean daude 3 eta 4 urteko haurrei egindako bortxaketa kasuak. Iaz ere zigortu zituzten beste 46 begirale.
Izan ere, guraso elkarteen arabera, argitara atera dena arazoaren zati txiki bat besterik ez da. Salatu dute urteak daramatzatela epaitegiek eta erakundeek kasu egiteko zain, eta begiraleen hautaketa prozesuetako hutsuneek eta prekaritateak egin dutela posible abusuak behin eta berriz gertatzea. Horregatik, salatu dute Frantziako hezkuntza sistemak, gaur egun, ez duela haurren segurtasuna bermatzen.
Begiraleak 3 eta 11 urte arteko haurrez arduratzen dira jatorduetan, jolas orduan, siesta garaian eta eskolaz kanpoko jardueretan, eta sarritan irakasleek baino denbora gehiago pasatzen dute umeekin. Ez dituzte ez eskolek ez hezkuntza ministerioak kontratatzen, udalek edo tokiko erakundeek baizik, eta ohikoa da titulurik gabeko langileak izatea. Lan baldintza eskasen ondorioz, behin-behinekotasuna handia da haien artean.
Kasu gehiago egunero
Dozenaka kasu kontatu dituzte abokatuek, eta ia egunero ateratzen dira argitara kontakizun gehiago. Esaterako, datorren astean hasiko da Parisko 11. barrutiko haurtzaindegi batean 3 eta 5 urte arteko bost haurri sexu abusuak egitea egozten dioten begirale baten aurkako epaiketa. Iristear da 10 urteko bederatzi neskatilari sexu abusuak egin zizkien 47 urteko begirale baten aurkako epaia ere, eta, joan den asteazkenean, adingabeen babeserako brigadak 18 eta 68 urte arteko hamasei lagun atxilotu zituen Parisko 7. barrutiko haur eskola batean.
Gurasoek Anne Hidalgo Parisko alkate ohiari (2014-2026) leporatu izan diote haurren kontrako sexu abusuei behar bezalako garrantzia eman ez izana, eta auzi horixe eztabaidagaietako bat izan zen joan den martxoaren 15ean egin zituzten bozetan. Begiraleen sistemaren kalitatea hobetzeko asmoz, Emmanuel Gregoire gaur egungo alkateak —Hidalgoren alderdikidea da, Frantziako Alderdi Sozialistakoa— hogei milioi euroko plan bat jarri du martxan, eta herritarren asanblea bat ere sortu du eskoletako begiraleen paperaz eztabaidatzeko. «Espediente ugari» ikertzeko daudela iragarri zuen joan den astean hiriburuko fiskalak, Laure Beccuauk: «Idatzita geratu da alerta». Biharamunean, Gregoire alkateak ontzat jo zuen ikerketa horiek «azkartu» izana: «Familientzat jasanezinena zera da: ziurgabetasuna, ezjakintasuna eta gero itxaron behar izatea».
Joan den hilean, Le Monde egunkarian aitortu zuen akatsa izan dela orain arte abusu kasuok banaka tratatzea, «egiaz, egiturazko arazo bat dugula erakusten baitute». Gainera, alkateak kontatu zuen bera ere begirale batek egindako sexu abusuen biktima izan zela txikitan.
Parisko kasuak dira azken asteetan argitara atera direnak, baina guraso elkarteek argi utzi dute «herrialde osoari eragiten dion egiturazko gaitz bat» dela.Â
#MeTooEcole kolektiboak, arazo horri aurre egiteko sortutako kolektibo handienetako batek, adierazi du oraingoa «ekaitzaren hasiera» besterik ez dela, Parisko Udalak oraindik ez baititu artatu urtarrilean eta otsailean jarritako salaketa guztiak: «Gainezka daude, ez dago behar beste langile, eta salaketak hirukoiztu egin dira. Estatu eskandalu bat da». Hainbat gurasok iazko abenduan sortu zuten #MeTooEcole, salaketa batzuen harira. Barka Zerouali da horietako bat: «Frantziako gizartea begiak irekitzen ari da, eta konturatzen eskola ez dela uste genuen santutegia. Goizetan haurrak eskolan uzten dituzunean, babesgabe geratzen dira administrazioaren disfuntzioaren eta jarrera pedofiloen aurrean. Era guztietako indarkeria jasan behar dute: hitzezkoa, fisikoa eta sexu abusuak ere bai. Izugarria da, eta beldurra ari da sortzen. Gurasook haserre gaude», adierazi du, The Guardian egunkariak jaso duenez.

