Katalunia

Hauteskunde zerrenden osaerak berriro liskartu ditu Mas eta ERC

Artur Mas Kataluniako presidenteak hiru aukera jarri dizkio ERC alderdiari, bozak aurreratu eta hauteskunde plebiszitarioak egiteko. Alderdi errepublikanoak erantzun dio hautagaitza bereiziak aurkeztu eta gizarte zibilaren ordezkari garrantzitsuenak Masen zerrendan joatea onartzen duela, baina bere zerrendan ere independenteei lekua eginez gero. Oriol Junquerasek bere proposamena "desitxuratu" eta akordio baten gisan aurkeztu izana gaitzetsi du gero Masek.

Berria.eus
2015eko urtarrilaren 9a
10:43
Entzun

Datorren astea amaitu arteko epea jarri zion Artur Mas Kataluniako presidenteak bere buruari, ERCrekin akordiorik izan edo ez, burujabetza prozesua bideratzeko. Eta atzo hiru aukera biltzen dituen proposamen bat helarazi zion gutunez Oriol Junqueras ERCko presidenteari: Kataluniako Legebiltzarrak konstituzio proposamen bat landu eta, hori amaitu artean, legegintzaldiari eustea; independentziaren aldeko indar guztiak bilduko dituen hautagaitza bakar bat osatu eta hauteskunde plebiszitarioetara deitzea; eta independentziaren aldeko aterkiaren pean hautagaitza bat baino gehiago aurkeztea, baina gizarte zibilaren ordezkariak Masen zerrendan bilduta.

ERCk hirugarren aukera hori ontzat jotzen duela erantzun dio du, baina berak ere bere zerrendan hautagai independenteak sartzeko eskubidea defenditu du. Abenduaren 27an ANC Biltzar Nazional Katalaneko, Omnium Culturaleko eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko ordezkariekin bildu ziren Mas eta Junqueras, eta bilera horretan jarri zuten mahai gainean burujabetzaren aldeko hiru elkarte zibilen ordezkariek hautagaitza bakarra beharrean (Masek nahi zuen gisan) bat baino gehiago aurkezteko aukera (Junquerasek nahi zuen gisan), baina gizarte zibilaren ordezkari garrantzitsuenak CDC alderdiak eta Kataluniako presidenteak sustatutako zerrendan bilduta.

ERCk onartu duena, Marta Rovira alderdi errepublikarreko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, gizarte zibilaren ordezkariengatik ez lehiatzea da. Masek lehentasuna izatea, nolabait, bere zerrenda osatzeko, eta horren ondoren ERCk beste hautagai independente batzuekin osatzea bere hautagaitza..

Gogor erantzun dio Masek Junquerasi: bere proposamena "desitxuratu" eta akordio bat izango balitz bezala aurkeztea leporatu dio ERCko presidenteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.