Hamasen garaipena berretsi dute lehenengo datu ofizialek
Hauteskundeetako lehen datu ofizialak eman dituzte dagoeneko eta botoen %95a zenbatu ostean Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak 76 eserleku eskuratu dituela jakinarazi dute. Guztira 132 eserlekuk osatzen dute Palestinako Legebiltzarra eta azken hamar urteetan nagusi izan den Al Fata alderdiak 43 diputatu eskuratu ditu.
Emaitza ofizialak arratsaldean eman dituzten arren Al Fata alderdiko zenbait kidek goizean onartu dute Hamasen garaipena. Onartu ez ezik, Ahmed Kureia Al Fatako buruzagi eta PANeko lehen minitroak dimisioa eman du, eta harekin batera bere Gobernuko kideek. Finean, hurrengo Gobernua eratzea Hamasi dagokiola iritzi diote. Azken orduko informazioen arabera, Kureia Mahmoud Abbas PANeko presidente eta Al Fatako buruzagiarekin dago batzartuta Mukatan, egoitza nagusian. Informazio horien arabera, Abbas bera ere dimisioa ematea aztertzen ari da. Hauteskundeen behin betiko emaitzen arabera hartuko du azken erabakia.
Arestian aipatu bezala, hauteskundeen emaitzei buruzko datu ofizialik ez dago oraindik, baina Abdelsalam Abu Askarek Espainiako Efe albiste agentziari adierazi dio Parlamentuko 132 aulkietatik gutxienez 70 Hamasek eskuratu dituela; beraz, gehiengo absolutua erdietsi du. Mohamed Dhalan Gizarte Gaietako ministro eta Al Fatako buruzagi nagusiaren aholkularia da Abu Askar.
Saeb Erekat PANeko negoziatzaileen taldeko buruzagiak, berriz, palestinarrak "aro politiko berri batean" sartu direla azpimarratu du.
Nazioarteko komunitateari "lezioa" eta borroka armatuarekin segitzeko asmoa
Hamaseko buruzagiak pozik agertu dira lortutako emaitzekin, eta nazioarteko komunitateari eskatu diote onar dezatela beren garaipena. "Hamasek garaipen aipagarria erdietsi du. Ekialde Hurbileko eta nazioarteko herrialdeek gure herriaren erabakia errespetatu behar dute, hori baita demokraziaren emaitza", azaldu du Ismail Hanije Hamaseko zerrendaburuak. Hanijek adierazi du garaipena baieztatuz gero elkarlanean ariko direla Gobernuan: "Mahmud Abbas presidentearekin eta Al Fatako anaiekin hitz egingo dugu elkarte politiko bat sortzeko".
Horrez gain, garaipen horrek eragin handia izango duela oharrarazi dute, baita nazioarteko harremanetan ere. "Nazioarteko komunitateari lezioa eman diogu garaipenaren bidez. Israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren inguruan Israelek, herrialde arabiarrek eta Mendebaldeak duen jarrera aldaraziko du gure garaipenak", azpimarratu du Mahmud A Zahar Hamaseko buruzagiak. Borroka armatuarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela erantsi du, eta finean, hauteskundeak eurek irabazi izana "kolpe handia" dela Israelentzat eta AEBentzat.
Palestinako hauteskundeak
Hauteskundeak Hamasek irabazi dituela onartuta, dimisioa eman du Kureia lehen ministroak
Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak garaipen zabala lortu duela eta, Ahmed Kureia PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroak eta haren gobernu osoak dimisioa eman dute. Era berean, Mahmud Abbas PANeko presidentea dimisioa ematea aztertzen ari da. Palestinarrak "aro berri batean" sartu direla nabarmendu dute orain arte agintean izan den Al Fatako iturriek. Hamaseko buruek, berriz, beren garaipenari esker "Israelek, herrialde arabiarrek eta Mendebaldeak" gatazkarekiko duten jarrera aldatuko dutela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu