Bizi osorako kartzela zigorra jaso dezakete bihartik akusatuen aulkian eseriko diren HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa alderdi kurduko zuzendaritzako 108 kideek. Epaia haien aurkakoa balitz, gainera, Turkiako Gobernuak aitzakia bat gehiago izango luke esku artean alderdia bera legez kanporatzeko, eta Reccep Tayip Erdogan presidenteak arrazoi bat gehiago pozik egoteko. Izan ere, Ankararen aspaldiko ametsa da hautetsi kurduak bidetik kentzearena, dela auzitegien erabakien bitartez, edo dela «terrorismoa» egotzita atxilotu eta kargugabetuz.
2014an Kobane hirian piztutako protestekin dago lotuta HDPko goi kargudunen aurkako salaketa. Ordu hartan, EI Estatu Islamikoaren erasoaldia jasaten ari zen hiria, eta ugari izan ziren han bizi ziren kurduei lagundu asmoz gerturatu zirenak, baina Turkiako indarrek eragotzi egin zieten. HDPko zuzendaritzak protestak deitu zituen orduan. Baina eskuin muturreko taldeek, turkiar nazionalistek eta segurtasun indarrek aurka egin zuten, eta gutxienez 50 lagun hil ziren borroketan, gehienak manifestariak. HDPk gertatutakoari buruzko ikerketa independentea eskatu du geroztik, baina Ankarak uko egin dio. Horren ordez, alderdi kurduari egotzi dio heriotza horien erantzule izatea, protestak deitu izanagatik, eta horiekin «Turkiako estatuaren segurtasun eta batasuna arriskuan» jarri izana. Akusazio horiei aurre egin beharko dieten ehundik gora buruzagietatik bat da Selahattin Demirtas, HDPko presidenteorde ohia.
Asko izan dira auzi honen aurka altxatu diren ahotsak, tartean Europako Giza Eskubideen Auzitegiarena, zeinak iazko abenduan Demirtas aske uzteko eskatu zion Ankarari, argudiatuta haren aurkako salaketak oinarririk gabeak zirela, eta atxiloketaren atzean arrazoi politikoak zeudela. Turkiak, baina, bereari eutsi zion.
Kobaneko gertakariez geroztik igarotako sei urteok ez ditu alferrik galdu Ankarak, eta HDPko 6.000 kide inguru hartu ditu atxilo, horien artean hainbat diputatu eta alkate. Alderdiaren aurkako jazarpena handitu egin zen 2015eko bozez geroztik, horietan alderdi kurduak botoen %13 lortu baitzituen Turkiako Parlamentuan ordezkaritza eskuratuz, eta Erdoganen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiari gehiengo osoa lortzea eragotziz. Horiek hala, presidenteak auzitegiak baliatu ditu oposizioa indargabetzeko.
HDPko 108 kide, auzitegietara bidean
HDP alderdi kurduko zuzendaritza batzordeko kideen aurkako epaiketa hasiko dute bihar. 2014an Kurdistango Kobane hirian protestara deitzeagatik auzipetu dituzte. Manifestarien aurkako indarkeria bultzatzea egozten diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu