NIGERIA

Hegazkin istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketak egiten ari dira

Lurra jo zuen airekoak, eta bertan zihoazen 117 lagunak hil ziren

Erredakzioa
2005eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ikertzaileak lanean ari dira joan den larunbatean izan zen hegazkin istripuaren arrazoiak argitzeko. Nigerian izan zen istripua eta 117 lagun hil ziren guztira; 111 bidaiariak ziren, eta beste seiak, eskifaiako kideak. Hasieran zenbait bidaiarik onik irtetea lortu zutela zabaldu zen arren, Nigeriako Gobernuak Frank Nweke Informazio ministroaren bidez atzo jakinarazi zuenez, hegazkinean zihoazen 117 lagunak hil ziren istripuan.

Istripua zerk eragin zuen ikertzen ari dira orain. Fidelis Onyenyiri Hegazkingintza Zibileko arduradunak istripua eguraldiarengatik gertatu zela esan zuen: «Eguraldia ez zen oso txarra, baina ekaitza zegoen, eta tximista batek joz gero hegazkin bateko kontrola guztiz gal daiteke». Hala ere, Poliziak jakinara-zi zuenez, hegazkineko kutxa beltza topatu dute istripua gertatu zen lekuan, eta arrazoiak argitzeko baliagarria izango da.

Bellview Airlines konpainiako 210 hegaldia larunbat iluntzean abiatu zen, Lagostik, Abuja hiriburura. Baina aireratu eta minutu batzuetara lurra jo zuen. Ikerketako lehenengo datuen arabera, hegazkineko pilotuek ekaitza zegoela jakinarazi zioten kontrol dorreari. Kontroletik bira egiteko gomendioa eman zioten. Pilotuek, baina, beste dei batean jakinarazi zutenez, ibilbide berri horretan ere ekaitza zegoen. Dorreak hegazkinarekin zeukan komunikazioa erantzun berri bat eman aurretik eten zela diote ikerketek.

Beharrezko azterketa pasatuta

«Hegazkinarekin genuen kontaktua galdu genuen 3.900 metroko altuerara iritsi behar zuela», adierazi zuen Onyenyiri Hegazkingintza arduradunak. Galdutzat jo zuten hegazkina eta orduan bilaketa lanetan hasi ziren. Onyenyiriren arabera, hasieran Atlantiko itsasoan erori zela uste zuten arren, azkenean Lissa herritik gertu topatu zuten: «Hondakinak zeuden lekura ailegatu ginenean, hegazkina guztiz txikituta zegoen». Larunbatean erori zen Boing 737-200 hegazkinak joan den otsailean beharrezko azterketa pasatu zuela azaldu zuen Onyenyirinek.

Bellview Airlines hegazkin konpainiak bertan behera utzi zituen Lagoserako hegaldi guztiak. Konpainiak jakinarazi zuenez, 12 urteko historian izan duten lehen istripua izan zen larunbatekoa. Nigeriako Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du istripuan hildako 117 lagunen oroimenez. Olusegun Obasanjo presidenteak bertan behera utzi ditu egiteko guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.