Europako Batasuneko Garraio ministroek hegazkin konpainia arriskutsuen izenak jasotzen dituen zerrenda beltza sortzea erabaki zuten aho batez atzo. 2006ko urtarriletik aurrera hegazkin konpainia horiek guztiak debekatuta egongo dira Europako Batasuneko herrialdeetan. Zerrenda bidaiariek hegazkin txartelak eros ditzaketen leku guztietan jarriko dute. Baita Interneten ere. Era berean, bidaiarien eskubideak ere aipatzen ditu onartutako testuak. Bidaia agentziek derrigorrez jakinarazi beharko diete bidaiariei zein konpainiarekin egingo duten hegaldia. Gainera, segurtasunarekin zerikusia duten datu guztiak eskaini behar dizkiote bidaiariari.
«Udako istripuen ostean, Europako Batasunak ekintzekin erantzun du. Herritarrek babeserako duten eskubidea kontuan hartu dugu eta berehala jarri ditugu irtenbideak martxan», azaldu zuen Jacques Barrot Europako Batzordeko presidenteorde eta Garraio komisarioak. Azaldu zuenez araudiak «arriskutsutzat har daitezkeen konpainia guztien gaineko mugak eta debekuak aurreikusten ditu».
Herrialde bakoitzean, bat
Europako Batasuneko herrialde bakoitzak bere zerrenda beltza egiteko aukera izango du Batasuneko hainbat irizpide orokorri jarraituz. Europako Batzordearen eta aditu talde baten laguntza izango dute horretarako. Hilabeteren buruan, Europako Batasunari helarazi beharko diote zerrenda. Hiru hilabetetik behin, gutxienez, berritu beharko dute zerrenda eta hegazkin konpainia batek segurtasun akatsak konpontzen dituenean zerrendatik atera ahal izango da.
EUROPAKO BATASUNA
Hegazkin konpainia arriskutsuen zerrenda beltza egitea onartu dute
Bidaiariei zein konpainiarekin egingo duten hegan jakinarazi beharko diete agentziek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu