Hego eta Ipar Irlandako poliziak Benetako IRAren bonba bat bilatzen ari dira Dublinen eta Londresen administraziopeko lurraldeen mugaldean, gaur The Guardian egunkariak -Londresen du egoitza- jakitera eman duenez.
Benetako IRA (RIRA, PIRAren zatiketa bat, 1998koa) izan zen joan den larunbatean Massereeneko (Irlandako iparraldea) base militarrean bi soldadu britainiar tiroz hil eta lau lagun (bi soldadu eta bi zibil) zauritu zituen atentatuaren egilea. Talde errepublikano txiki horrek eta beste batek, CIRA Continuity IRAk (PIRAren beste zatiketa bat, 1996koa), eginiko atentatuek alarma piztu dute polizia indarren artean. CIRAk PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuko agente bat hil zuen tiroz astelehenean, Craigavon hirian.
Hego eta Ipar Irlandako polizietako zerbitzu sekretuek uste dute "konplot" bat egon daitekeela Irlanda iparraldean bonba bat leherrarazteko, eta hura hegoaldetik iparraldera autoz eraman dutela.
Bi administrazioak banatzen dituen mugaldean (Londresek 1922an ezarria, IRAren kontrako gerraren ondorioz Irlanda hegoaldetik alde egin aurretik) segurtasun neurriak zorroztu dituzte polizia indarrek, eta hainbat kontrol gune ezarri dituzte.
Paramilitar loialisten erasoen balizko arriskua
The Guardian-i jarraiki, ez dirudi paramilitar loialistek oraingoan talde errepublikano txikien erasoei erantzuteko arriskurik dagoenik.
Talde horietako bateko, Ulsterren Defentsarako Elkarteko (UDA) buru Jackie McDonaldek egunkariari esan dio ez dago "erantzunerako arriskurik". Gainera, Ipar Irlandako lehen ministrorde Martin McGuinnessen (Sinn Feineko bigarren burua) jarrera nabarmendu du buruzagi loialistak. McGuinnessek RIRAren eta CIRAren atentatuak arbuiatu zituen, eta "bake prozesuaren kontrakoak" direla esan zuen.
Ikusteko dago UVF Ulsterko Boluntarioen Indarra, LVF Boluntario Loialisten Indarra, OV Orangeko Boluntarioak eta beste talde paramilitar loialistek zer jarrera hartzen duten.
Bien bitartean, atzo Irlanda iparraldeko hiri nagusietako kaleetan protesta isila egin zuten milaka lagunek (komunitate protestante, katoliko nahiz mistoetakoak), azken egunetako atentatuak gaitzesteko.
Elkarretaratzerik handienak Belfast, Derry eta Newryko udaletxeen aurrean egin zituzten, ICTU Irlandako Sindikatuen Kongresuak antolatutako gaubeiletan. Sindikatu federazio horrek Irlanda osoko langileak ordezkatzen ditu.
Irlanda
Hego eta Ipar Irlandako poliziak Benetako IRAren bonba bat bilatzen ari dira
Polizia iturrien ustez, Irlandako hegoaldetik iparraldera eraman du RIRAk lehergailua. Talde honek joan den asteburuan soldadu britainiarren kontrako erasoa egin zuen iparraldean, Massereeneko base militarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu