Lagun minak ez diren arren, elkarrengandik gertuago egon nahi dute Hego Koreak eta Txinak. Gaur bildu dira Lee Jae-myung Hego Koreako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, Pekinen. Inguruko eta nazioarteko tirabirak ikusita, Txinan bilatu nahi du segurtasuna Leek, Txina baita Hego Korearen bazkide nagusia merkataritza arloan, eta gainera, Ipar Korearen aliatu bakarrenetakoa.
Hamabost memorandum sinatu dituzte, hainbat sektoretan elkarlanean aritzeko eta bi aldeen mesedetan jarduteko. Hego Koreako Yonhap berri agentziak jasotakoaren arabera, hitzarmen hori baliagarria izango da bi herrialdeen ekonomia, teknologia, hezkuntza eta kultura indartzeko. Izan ere, Xik azpimarratu du garrantzitsua dela «lagun eta bizilagun gisa gehiagotan biltzea, hartu-emanean gehiago aritzea, eta komunikazioa indartzea», jaso du Xinhua Txinako berri agentziak.
Bi herrialdeen arteko harremana hotza izan da orain arte. Yoon Suk-yeol, Hego Koreako aurreko presidentea, urrun ibili zen Txinako agintariengandik. Gaurkoa izan da 2019tik Hego Koreako presidente batek Txinara egindako lehen bisita. Lee iazko ekainean izendatu zuten presidente, eta ordutik, oraingoa kontuan hartuta, dagoeneko bi aldiz bildu da Xirekin—azaroan ere elkartu ziren bi agintariak, Hego Korean; Txinako presidenteak 11 urte zeramatzan herrialde hori bisitatu gabe—.
Txinan bizi diren hegokorearrak bilera batera deitu zituen atzo Leek, Pekingo hotel batean. Presidenteak adierazi zuen bisita baliagarria izango zela «abiapuntu berri gisa, Korearen eta Txinaren arteko harremanaren hutsuneak betetzeko, normaltasuna berreskuratzeko eta harreman horiek koska bat estutzeko». Xirekin bildu ostean, beste bi bilera ditu egitekoak Leek: bat Li Quiang Txinako lehen ministroarekin, eta beste bat Zhao Leji parlamentuko presidentearekin.
Taiwan eta AEBak
Hego Koreak hartu duen bidearen aurkakoa hartu du Japoniak. Azaroaren amaieran, Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak ohartarazi zuen Txinak Taiwani eraso egiteak arriskuan jarriko lukeela Japoniaren iraupena, eta kasu horretan justifikatuta egongo litzatekeela AEB Ameriketako Estatu Batuekin batera militarki erantzutea. Adierazpen horiek azken hamarkadetako krisi diplomatikorik handiena eragin dute Txinaren eta Japoniaren artean.
Japonia bezala, AEBen aliatua da Hego Korea ere, eta, Taiwan defendatzeko armak bidaltzen dituen arren, Txinako agintariengana hurbiltzeko hautua egin du Leek. Hautu hori hitzez ere berretsi du: Hego Korea «tinko atxikitzen zaio Txina bakarraren printzipioari». Esaldi hori Txinaren eta Taiwanen arteko batasunaren alde egiteko erabili ohi da, eta adierazten du Pekingoa dela Txinako gobernu bakarra.
Hortaz, Txinarekin harremana estutzea erabaki du Hego Koreak, baina, aldi berean, Japoniako agintariengandik gertu ere egon nahi du. Hainbat iturriren arabera, Lee eta Takaichi hilabetearen amaieran dira biltzekoak, Japonian.
Ipar Korea
Beldurra penintsulan bertan sortu zaio Hego Koreari. Presidentetza hartu zuenetik, Lee Ipar Korearekin hitz egiten saiatu da, bide diplomatikoen bitartez, baina ez du lortu. Arma nuklearrak utz ditzala eskatu dio Hego Koreak Ipar Koreari. Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenaren aurkako presio mekanismo gisa, Hego Koreak beharrezkoa du Txinarekin elkarlanean aritzea, hura baita ekonomikoki eta diplomatikoki Ipar Korearekin harremanik estuena duen herrialdea, Errusia alde batera utzita. «Txina oso bazkide garrantzitsua da Koreako penintsulan bakea eta batasuna lortzeko bidean aurrera egiteko», adierazi zuen Leek atzo.
Baina Seul eta Pekin ez dira aliatu naturalak, ezta Seul eta Piongiang ere. AEBetako tropak Hego Korean egon dira zenbait hamarkadaz, eta 28.500 soldadu inguru daude han. Iaz, bi herrialdeek akordioa egin zuten propultsio nuklearreko itsaspekoak eraikitzeko, eta iragarpen horrek alarmak piztu zituen Txinan.
Hori guztia kontuan hartuta, ez dirudi Ipar Koreak Hego Korearekin eta Japoniarekin duen harremana estutu nahi duenik. Izan ere, atzo, Ipar Koreako armada probak egiten aritu zen Japoniako itsasoan, Ipar Korearen eta Japoniaren artekoan; misil hipersonikoak jaurti zituen, hain zuzen. Ipar Koreako KCNA agentziaren arabera, Kimek herrialdearen «gaitasun militarrak etengabe hobetzeko» deia egin zuen, argudiatuta «beharrezkoa» dela, «nazioarteko azken gertakariak eta krisi geopolitikoak» ikusita.