Helegite auzitegi batek berriro geldiarazi du Texasko migrazio legea

AEBetako 5. Zirkuiturako Dei Auzitegiak adierazi du bi aldeen iritziak entzun behar dituela erabaki bat hartu aurretik; lehenago, Gorenak legea indarrean sartzea baimendu zuen. Mexikok esan du ez dituela onartuko Texasek deportatu asmo dituen papergabeak.

Migratzaile batzuk AEBetako aduanetako agente batekin, San Diegon, iazko irailean. EFE
Migratzaile batzuk AEBetako aduanetako agente batekin, San Diegon, iazko irailean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 20a
10:00
Entzun

Bederatzi orduz ere ez da indarrean egon Alderdi Errepublikanoak Texas estatuan bultzatutako eta onartutako migrazio legea, AEB Ameriketako Estatu Batuetan papergabeen aurka inoiz ezarritako gogorrentzat jotzen dena. Helegite auzitegi federal batek berriro geldiarazi zuen atzo gauean —gaur goizaldea Euskal Herrian—, alde eta kontra daudenen arrazoiak entzun behar dituela argudiatuta. Arrazoi horiek plazaratzeko auzi saioa gaur dira egitekoak.

Lege horrek jasotzen du, besteak beste, delitu bat dela AEBetan paperik gabe sartzea. Testuaren arabera, hori behin baino gehiagotan egiten atxilotzen dituztenei hogei urte arteko kartzela zigorra ezarri ahal izango diete. AEBetako Gobernua SB4 izeneko neurriaren kontra agertu da hasieratik, eta Texas salatu zuen joan den urtarrilean —aurrez gauza bera egin zuten eskubide zibilen aldeko taldeek—, iritzita herrialdeko «konstituzioaren kontrakoa» dela neurria, eta urratu egiten duela AEBen eta bertako estatuen artean migrazioaren auzian «ia 150 urtez indarrean egon den statu quo-a».

Azken orduetan auziari buruzko hainbat erabaki hartu dituzte. Izan ere, AEBetako 5. Zirkuiturako Dei Auzitegiak gaur goizaldean erabakia plazaratu aurretik —New Orleansen du egoitza—, AEBetako Auzitegi Gorenak migrazio legeari jarritako blokeoa luzatu zuen astelehen gauean, Samuel Alito epaileak hala ebatzita. Argudiatu zuen auzitegiak bi aldeen arrazoiak entzun behar zituela erabaki bat hartu aurretik.

Ordu batzuk geroago, Donald Trump AEBetako presidentea izan zen bitartean (2017-2021) Gorenean sustatutako gehiengo kontserbadoreak legearen alde egin zuen: sei epailek alde, eta hiruk kontra. Gutxiengo progresistaren izenean, Sonia Sotomayor magistratuak boto partikular bat eman zuen, nabarmenduz Texasko legeak «baliogabetu» egiten duela AEBetako administrazio zentralaren eta estatuen arteko «botere oreka».

Bestalde, Amy Coney Barrett eta Brett Kavanaugh epaile kontserbadoreek adierazi zuten beren botoak ez duela adierazten SB4ren oinarriarekin ados daudenik, «prozedura teknikoak» betetzera mugatu direla, «goizegi» dela «auziaren muinean» sartzeko, eta AEBetako 5. Zirkuiturako Dei Auzitegiak zer erabaki zain zeudela.

Gorenaren erabakiaren ondoren, atzo Mexikoko Gobernuak azpimarratu zuen «inondik inora» ez duela onartuko Texasek papergabeak Mexikora deportatzea. Hori jakinarazi zuen Atzerri Ministerioaren Idazkaritzak, ohar batean.

Legearen arabera, Texasko justizia instantziek prozedurak egin beharrik gabe agindu ahal izango dute papergabeak kanporatzeko, eta hango Poliziaren agenteek, gainera, papergabe izateagatik susmagarritzat jotzen duten edozein atxilotu ahal izango dute. Iaz, ia 2,5 milioi papergabe sartu ziren AEBetara hegoaldeko mugatik, hau da, Mexikotik, Aduanetarako eta Mugak Babesteko AEBetako Bulegoaren datuek diotenez.

Texasko bi ganbera legegileetan onartua izan ondoren, legea hilaren 5ean zen indarrean sartzekoa. Joan den otsail amaieraz geroztik aurkeztutako helegiteek, ordea, blokeatu egin dute. Errepublikanoen esanetan, lege hori bultzatu behar izan dute, hain justu, Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak ez ikusiarena egiten duelako mugako auzien aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.