Berri onak gutxi iraun du Kaliforniako gobernadore Gavin Newsomentzat. Euskal Herriko ordu txikitan, epaile federal Charles Breyerrek behin-behinean blokeatu egin du Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek hartutako erabakia; Newsomen baimenik izan gabe Guardia Nazionala Los Angelesko protestei aurre egiteko zabaltzea, alegia. Handik ordu gutxira, baina, apelazio auzitegi batek bertan behera utzi du Breyerren ebazpena, iritzita Trumpek eskumena duela Guardia Nazionala Kalifornian zabaltzeko eta han edukitzeko.
Kaliforniako gobernadoreak Guardia Nazionalaren kontrola bere esku izan du ordu batzuez, eta ebazpenaren berri izan eta berehala agertu da prentsaren aurrean: «Ostiral eguerdian bertan jarriko ditut tropa horiek dagokien lekuan: mugako segurtasuna gainbegiratzeko lanean eta drogaren aurkako borrokan». Azkenean, baina, ez du aldaketarik egiteko aukerarik izango; izan ere, Newsomek eta Kaliforniako fiskal nagusi Rob Bontak Trumpen eta Defentsa idazkari Peter Hegsethen aurkako salaketa bat aurkeztu zuten asteartean.
Etxe Zuriko maizterrak larunbatean bidali zituen Guardia Nazionaleko tropak Los Angelesko protestei buru egitera: 2.000 soldadu igorri zituen; eta astelehenean, beste hainbeste. Joan den ostiralean hasi ziren protestak, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarra Los Angelesen eta inguruko herrietan migratzaileen aurka egiten ari zen sarekadak salatzeko. Dena den, Trumpek manifestazio horiei emandako erantzunaren harira, are gehiago hauspotu dira protestak, herrialdeko beste hainbat hiritara zabaltzeraino.
Mobilizazio horien inguruan hitz egin du bart AEBetako presidenteak, bere sare sozial Truth Social-en bidez, eta «heroitzat» jo ditu migratzaileak atxilotzen ari diren ICEko kideak. «AEBak estatubatuarrentzat izango dira berriz ere», gehitu du. Mezua probestu du, halaber, herrialdeko presidente ohi Joe Bidenen (2021-2025) eta Newsomen aurka egiteko: «[Bidenek eta Newsomek] AEBetara ekarri zituzten 21 milioi papergabe, zeinak eskolak, ospitaleak eta komunitateak suntsitzen ari diren».
Migratzaileak ez ezik, ehunka manifestari ere atxilotu dituzte egunotan Los Angelesen; tartean, Kaliforniako senatari Alex Padilla. Hiriko eraikin federal batean hartu zuten atxilo, atzo, AEBetako Barne Segurtasunerako idazkari Kristi Noem ematen ari zen prentsaurreko batean migratzaileen aurkako sarekadei buruz galdetu ondoren. Atxiloketan poliziek erabilitako indarra salatu zuen aske geratu ondoren, prentsaurreko baten bidez, eta gehitu: «Administrazioak horrelako tratua ematen badio galdera bat egiten duen senatari bati, pentsa nola tratatzen dituzten nekazaritzan, sukaldean... Lan egiten duten migratzaileak».
Behin-behineko estatusa, indargabetuta
AEBetan bizi diren ehunka mila migratzaile kubatarrek, nikaraguarrek, venezuelarrek eta haitiarrek ez dute aurrerantzean herrialdean bizitzeko eta lan egiteko baimenik izango. Hain justu, atzo gauerdian sartu zen indarrean maiatzaren bukaeran AEBetako Auzitegi Gorenak emandako ebazpena, zeinak Trumpen eskaera baimentzen duen; hau da, Bidenen administrazioak milaka migratzaileri emandako behin-behineko egoiliar estatusa bertan behera uztea.
AEBetako CNN hedabideak jakinarazi duenez, estatus hori zuten milaka herritarrek posta elektronikoz jaso dute horren berri. Informazio horren arabera, honela dio mezuak: «Ohartarazpen honek jakinarazten dizu zure egoiliar baimena bertan behera geratu dela. Ez baldin bazara herrialdetik irteten, baliteke zure aurkako neurri batzuk hartzea, besteak beste atxiloketa eta deportazioa, tramite pertsonalak egiteko edo zure itzulera prestatzeko nahikoa astirik izan gabe». Neurri horrek gutxi gorabehera 532.000 pertsonari eragingo die.