Auzitegi Nazionaleko epaileak "ihes egiteko arriskua" zegoela argudiatu zuen Generalitateko presidenteordea eta zazpi kontseilari baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuenean. Haren arabera, goi kargudunen eros ahalmenak "erraztasunak" ematen dizkie Espainiatik irten eta atzerrian bizi ahal izateko. Lamela epaileak ebazpena baliatu zuen gogora ekartzeko auzi berean ikertuak diren beste hainbat lagun atzerrira joan direla "erantzukizun penalak saihestuz".
Agindu horren aurkako helegitea aurkeztu dute Oriol Junqueras presidenteordearen, eta Carles Mundo, Dolors Bassa eta Raul Romeva kontseilarien abokatuek. Jaume Alonso-Cuevillasen arabera, badaezpadako espetxealdia "salbuespenezko neurria" da, eta kasu honetan baita "bidegabea" ere. "Haien aurka eskatzen dituzten zigorrak kontuan hartuta, ihes egiteak esan nahiko luke hogei urtetik gora egon beharko luketela kladestinitatean".
Abokatuak itxaropentsu agertu dira aurkeztutako helegitearen inguruan, hari buruz erabakiko duen epaitegiak "berme gehiago" eskainiko dituelako, "Gorenak bere gain hartu beharko luke ustezko matxinada delitua ikertzeko eskumena, baina hori zihurrenik abenduaren 21etik aurrera izango da, orduan berriz ere forudunak izango direlako auzipetuak".