AEB-ak

Henry Kissinger hil da, eraginik handiena izan duen AEBetako Estatu idazkaria

Kissinger XX. mendeko bigarren zatiko munduaren berregituraketaren protagonistetako bat izan zen; kritikoentzat, «gerra kriminal bat». AEBen interesak kosta ahala kosta defendatu zituen.

HENRY KISSINGER
Henry Kissinger, Washingtonen egindako ekitaldi batean, 2019ko uztailean. JIM LO SCALZO / EFE
ander perez zala
2023ko azaroaren 30a
12:30
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako armada Vietnamgo gerratik atera zuen, ikusirik porrota saihetsezina zela; Txinarekin harreman diplomatikoak irekitzea sustatu zuen, besteak beste, estatu sozialisten arteko aliantza haustea helburu; SESB Sobietar Batasunarekiko tentsioa baretzen saiatu zen, arma nuklearren lasterketaren testuinguruan; eta Egiptoren eta Israelen arteko bake akordioaren sustatzaileetako bat izan zen, Ekialde Hurbilean Etxe Zuriaren influentzia indartzeko. Eta, aldi berean, AEBen interesen izenean, eta bere esku hartzeak tarteko, ez zuen oroitzapen onik utzi Argentinan, Bangladeshen, Hegoafrikan, Kanbodian, Laosen, Vietnamen, Txilen, Uruguain eta Zipren, herrialde batzuk aipatzearren. «Estratega» eta «errealista» batzuentzat, «gerra kriminal bat» besteentzat; deskribapenak deskribapen, ez da zalantzarik Henry Alfred Kissinger (Fuerth, Weimarko Errepublika, 1923 - Connecticut, AEB, 2023) izan dela AEBetako Estatu idazkarien artean eraginik handiena izan duena, batez ere Bigarren Mundu Gerraren ostekoen artean. Kissinger erabakigarria izan zen XX. mendeko bigarren zatiko nazioarteko harremanetan, munduaren berregituraketaren protagonistetako bat izan baitzen; horren erakusle, Estatu idazkari karguan lau urte egon arren (1973-1977), AEBetako hamabi presidenteren aholkulari izan zela —azkenekoz, Joe Biden egungo estatuburuarena—.

Kissinger goratua eta kritikatua izan da ia maila berean. Horren erakusle da 1973an eman zioten Bakearen Nobel saria: batzuek ospatu egin zuten, eta beste batzuek gogor kritikatu zuten, «Gerraren Nobel saritzat» jotzeraino; Nobel batzordeko bi kidek, gainera, dimisioa eman zuten, eta Vietnamgo iraultzaile Le Duc Thok uko egin zion sari horri —urte horretan ex aequo eman zioten—.

Kissinger, hain justu, 1970eko hamarkadan egin zen ezagun, batez ere nazioartean, akademiko gisa boterea aztertzen zuen hura boterearen jabe bihurtu baitzen; haren figura, ezinbestean, Richard Nixon AEBetako presidente izan zenarekin (1969-1974) lotuta dago erabat, Segurtasun Nazionalerako aholkulari (1969-1977) eta Estatu idazkari izan baitzen haren gobernuan —eta Gerald Fordenean (1974-1977)—.

Lekukoen eta harekin jardun zutenen arabera, diplomaziarako eta negoziazioetarako gaitasun nabarmenak zituen Kissingerrek. Baina, aldi berean, diskrezioaren eta sekretuak mantentzearen aldekoa zen, baita manipulazioaren aldekoa ere, AEBen edozein interes kosta ahala kosta defendatzeko; hori diote, behintzat, hamarkadotan filtraturiko dokumentuek eta Etxe Zurian lan egin zuten hainbat funtzionarioren eta goi kargudunen biografietan. Giza eskubideen errespetua gutxietsi zuen —batez ere atzerrian— Kissingerrek, eta horregatik eskatu zion FBI Ikerketa Bulego Federalari bere lantaldearen telefonoak entzuteko.

Hainbat liburu idatzi dituzte Kissingerri buruz, baina Seymour Hershen The Price of Power (Boterearen prezioa) izan da ezagunenetako bat. Obra horretan, Hershek modu argigarrian definitu zuen AEBetako Estatu idazkari izandakoa, agintari «paranoiko bat» zelakoan, eta edozer egiteko gai izan zelakoan bere ibilbide politikoan aurrera egiteko. Horrek ahalbidetu zion hamarkadotan lortu duen ospea eta pisua izatea; adibide gisa, iazko uztailean Txinan izan zen, eta Xi Jinping presidentearekin elkartu zen. «AEBen eta Txinaren harremanak beti izango du lotura Kissinger abizenarekin», adierazi zuen Xik.

Kissinger goratua eta kritikatua izan da ia maila berean, eta horren erakusle da 1973an eman zioten Bakearen Nobel saria.

Kissinger, jatorriz, europarra zen. XX. mendeko bi gerra handienen artean jaio zen —Heinz Alfred Kissinger izen-abizenez—, Alemaniako Weimarko Errepublikan, eta hil arte mantendu du, ingelesez hitz egitean ere, Bavariako azentua. Klase ertaineko familia judu batekoa zen, eta, Adolf Hitler eta NSDAP Alemaniako Alderdi Nazionalsozialista boterera iristean, haien kontrako jazarpena handitu egin zen, eta, azkenean, 1938an AEBetako ihes egin zuten; harrezkeroztik, AEBetako ideiarik garrantzitsuenaren arabera hezi eta hazi zen, hark hainbatetan agerian utzi zuenez: norberaren araberakoa dela norbere burua eraikitzea, eta norberaren baldintzek ez dutela eraginik norberaren etorkizunean. «Bi errealista mota daude: egitateak manipulatzen dituztenak, eta horiek sortzen dituztenak. Mendebaldeak behar duena da beren errealitatea sortzeko gai diren gizonak», Kissingerren arabera.

Iazko uztailean AEBetako ABC telebistan elkarrizketatu zuten, eta galdetu zioten erabakiren batengatik damututa ote zegoen. Hona erantzuna: «Bizitza osoa daramat arazo horiez pentsatzen. Nire lana zein zaletasuna izan zen; hortaz, eman nituen aholkuak garai hartan eman ahal nituen hoberenak izan ziren».

Gobernuek eta nazioarteko erakundeek, behintzat, hitz onak eskaini dizkiote haren heriotzaren berri izatean; bai bizirik dauden AEBetako presidente ohiek, bai Errusiak, bai Txinak, bai eta Europako Batasunak ere. Kissingerren diplomazialari lana goraipatu dute, oro har.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.