Memoria historikoa

Herero eta nama etnien "genozidioa" aitortu du Alemaniako ministro batek

XX. mende hasieran hereroen eta namen erdi baino gehiago hil zituzten soldadu alemaniarrek gaur egun Namibia den lurraldean.

Herero edo nama baten buruhezurra iaz Berlinen, Namibiara itzuli aurretik. HAYOUNG JEON, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko irailaren 2a
11:01
Entzun

Gerd Mueller Alemaniako Garapen ministrok egin du aitortza. 1904. eta 1908. urteen artean Namibian herero eta nama etnien kontrako jazarpena "genozidioa" izan dela esan du. XX. mendeko lehen genozidioa izan zen. Soldadu alemaniarrek 65.000 herero eta 10.000 nama inguru hil zituzten bost urte horietan matxinadei aurre egiteko, eta beste milaka asko kontzentrazio esparruetan sartu zituzten edo basamortuan hil arte ibiltzera behartu zituzten. Ehun urte pasatu dira, baina zauriak ez dira itxi, eta bizirik atera ziren herero eta nama horien ondorengoek ez dute gertatutakoa ahaztu. AEBetako epaitegietara jo izan dute, baina ez dute orain arte zorterik izan. Alemaniak orain arte saihestu egin du ofizialki barkamena eskatzea hildakoen ondorengoei kalte-ordainik ordaindu behar ez izateko. Muellerren aitortzak, ordea, bide bat ireki dezake orain.

"Nik sinisten dut nazio hau desagerrarazi behar dela, ezin bada eskualde honetatik bota... Posible da Grootfonteinetik Gobabisera doazen ur zuloak okupatzen baditugu. Gure gudarosteen etengabeko mugimenduekin atzera bueltatu diren talde txikiak topatu, eta pixkanaka-pixkanaka akatu ahal ditugu", esan zuen Lothar von Trotha alemaniar jeneralak 1904an matxinadak hasi zirenean. Historiagileek eta Nazio Batuen Erakundeak aspaldi jo zituzten genozidiotzat herero eta namen aurkako krimen horiek, baina Mueller izan da Alemanian halakorik onartu den gobernuko kargu politikorik handiena. "Garbi dago 1904. eta 1908. urteen artean egindako krimenak eta izugarrikeriak gaur egun genozidiotzat jotzen duguna izan zirela", esan du, hitzez hitz, Namibian egiten ari den bisitan.

Barkamena ofizialki eskatu ez, baina Alemaniak aitortu du bere "erantzukizun morala", eta uztailean Daniel Gunther Parlamentuko presidenteak ere esan zuen hura genozidioa izan zela. "Gure lana da ez ahaztea eta adiskidetzearen alde lan egitea", gaineratu du Muellerrek. Horri buruz galdetuta, Alemaniako Atzerri ministroak erantzun du Alemaniako eta Namibiako Gobernuak hitz egiten ari direla. Elkarrizketa horien edukia ez zabaltzea adostu dutelako ez du xehetasun gehiago eman, baina aurrerapausoa egotea espero duela gaineratu du.

Gaur egungo Namibia Alemaniako Inperioaren menpe zegoen XX. mendearen hasieran. Hego Mendebaldeko Afrika Alemaniarra deitzen zen orduan. Alemaniaren kolonizazioa 1840an hasi zen, eta 1884an sortu zuten kolonia. Euren esku egon zen I. Mundu Gerran Hegoafrikaren eskuetara pasatu zen arte. 33 urte horietan hainbat matxinada izan ziren kolonizatzaileen aurka, eta soldadu alemaniarrek gogor zigortu zituzten. Hereroen %50 eta %70 artean hil zirela kalkulatzen da, eta namen, %50. Gehienak gosez, alemaniarrek pozoitutako putzuetako ura edanda eta, alemaniarrek hilko zituztela mehatxu egin ondoren, basamortutik atera ezinda hil ziren. XX. mendeko lehen genozidiotzat jotzeaz gain, Shark Island-eko kontzentrazio esparrua historiako lehenengotzat hartzen dute historiagileek. Nora zihoazen jakin gabe eraman zituzten hereroak eta namak, eta ikertzaile alemaniarrek esperimentuak egin zituzten eurekin beheragoko arraza bat zirela frogatu nahian. XX. mendearen hasiera zen hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.