Heriotza zigorra bertan behera uzteko baldintzarik ez dagoela esan dio Txinak AIri

Amnesty Internationalen arabera, gutxienez 1.252 preso exekutatu zituzten iaz, horietatik 470 Txinan

2008ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
AI Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, preso gehien exekutatzen duen herrialdea da oraindik Txina. Iaz, gutxienez 470 lagun hil zituzten, baina, benetako datuak estatu sekretupean mantentzen dituztela eta, iragan urtean exekutatu zituztenak milaka izan daitezkeela dio 2007ko Heriotza Zigorrak eta Exekuzioak txostenak. Alabaina, Jiang Hu Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak ziurtatu duenez, «heriotza zigorra indargabetzeko baldintzak ez dira egokiak Txinan». Exekuzioak bertan behera uzteko herritar gehienek sostengua ez luketela emango gaineratu du. Hain zuzen, heriotza zigorra indarrean jarraitzeko herritarren nahia argudiatzen duten herrialdeetan, herritarrek beren izenean egiten dena ezagutzeko eskubidea dutela ohartarazi du AIk. Iaz 1.252 preso exekutatu zituzten munduan.

«Kontu handiz eta kontrol zorrotzak jarraituz ezartzen dugu heriotza zigorra, hala, kasu larrienetan baino ez», azaldu du Jiangk. Heriotza zigorraren erabileraren gaineko estatistikak argitaratzeari uko egin zion iaz Txinak. Alabaina, hiltzera kondenatutako presoen kopuruak ere behera egin duela aitortu du Amnesty Internationalek. Izan ere, Txinak iazko urtarrilean indarrean jarritako neurrien artean, Auzitegi Gorenak heriotza zigor horiek berretsi beharra jasotzen da. Kopurua oraindik handia da, ordea: Txinako hainbat legebiltzarkideren hitzetan, 7.500 eta 8.000 artean exekutatzen dituzte urtean, Diu Hua Fundazioaren, arabera, berriz, 6.000 inguru.

SEKRETUPEAN. Gutxienez 3.347 laguni ezarri zieten heriotza zigorra iaz munduan, eta 27.500 presotik gora heriotzako itxarongelan daude. Iranen, Saudi Arabian eta Pakistanen nabarmen egin dute gora datuek, eta Txinan bezala, Mongolian eta Vietnamen sekretupeko heriotza zigorra indarrean dago. Biztanle kopurua kontuan hartuta, exekuzio gehien egin duena Saudi Arabia izan da; Iran eta Libia daude ondoren, hurrenez hurren. Nazioarteko zuzenbidearen aurka, Saudi Arabian, Iranen eta Yemenen adingabekoak exekutatu zituztela salatu du AIk.

«Ja'Far Kiani harrika hil zuten Iranen, adulterioagatik. Mustafa Ibrahimi sorginkeria leporatu ondoren, burua moztu zioten». AIren txostenak aipatzen dituen adibideetatik batzuk baino ez dira horiek. Herrialde gehienetan delitutzat jotzen ez diren ekintzengatik heriotza zigorra ezartzen zaie kasu horietan guztietan.

NBE-EN EBAZPENA. «Bizitza kentzea gobernu batek hartu dezakeen erabaki drastikoena da. NBEn ebazpenak aintzat hartuta, herrialde guztiek heriotza zigorra behin betiko indargabetu dezaten saiatzen ari gara». AIren arabera, iazkoa urte ona izan zen, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak heriotza zigorra bertan behera uzteko eskatzen zuen ebazpena onartu zuelako.

Batzar Nagusiak onartutakobeste hainbat ebazpenetan galdatzen duen moduan, exekuzioen gaineko datuak sekretupean mantendu beharrean, publiko egiteko eskatu du epaiz kanpoko exekuzioetarako NBEko ordezkari bereziak: «Heriotza zigorra ezartzen den kasu guztietan gardentasuna izatea beharrezkoa da. Giza eskubideak urratzen dituztenentzat dira sekretuak. Exekuzioen txosten oso eta zehatza eman beharko litzateke argitara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.