Heriotza zigorra, doluaren beroaldian

Zigortuak ez exekutatzeko luzamendua bertan behera utziko dute Pakistanen.Atzo egin zituzten 141 biktimen hiletak

Zargham Mazhar ikaslearen hileta, atzo, Pakistango Khanewal hirian. FAISAL KARIM / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Talibanek Pakistango armadaren eskola batean 141 lagun hil osteko biharamunean, heriotza zigorrak ez gauzatzeko luzamendua bertan behera utziko dutela jakinarazi zuen atzo Nawaz Sharif lehen ministroak. Musaddiq Malik lehen ministroaren bulegoko eledunak berretsi du terrorismo delituak egotzita espetxean hiltzera zigortuta dauzkaten presoak exekutatzen hasteko asmoa.

Penshawar hirian 132 ikasle adingabe eta 9 irakasle hil zituzten TTP Pakistango Mugimendu Talibaneko zazpi ekintzailek armadaren ikastetxe bati eginiko erasoan; segurtasun indarrek hil zituzten zazpiak. Ekainetik Pakistango armadak Khyber eta Ipar Waziristan probintzietan egindako erasoaldiaren mendeku gisa hartu du bere gain TTPk Penshawarreko erasoa, militarrek beren familiak «jomugan» jarri dituztelako.

«Orain daukagun arazo handiena atxilotuta dauzkagun terrorista horiena da», esan zuen atzo Sharifek, espetxean hiltzera zigortuta dauzkaten milaka presori buruz: «Zer zigor ezarri behar diegu? Nola amaitu epaiketak?».

Atzo ehortzi zituzten biktimak, eta, dolu egunaren beroaldian, heriotza zigorrak ez gauzatzeko luzamendua bertan behera uztea erabaki dute. Pakistanek 2008an sinatu zuen luzamendua; ordu arte, mundu osoan heriotza zigor gehien gauzatzen zuten bost herrialdeen artean zegoen, Txina, Iran, Saudi Arabia eta AEBen atzetik. Auzitegiek heriotza zigorrak ematen jarraitu duten arren —legediak 28 deliturentzat aurreikusten du—, sei urteotan ez dute exekuziorik gauzatu.

Heriotza korridorean 8.000 preso inguru dauzkate Pakistanen, Amnesty International erakundearen arabera. Luzamendua onartu aurretik 3.000 preso baino gehiago zeuzkaten heriotzara kondenatuak, eta 2007an, luzamendua onartu aurreko urtean, 135 exekutatu zituzten, Amnesty Internationalen arabera.

Pakistango alderdi nagusietako buruzagiekin bildu zen Sharif atzo, eta agindu zuen «tragedia nazionalari» neurriko erantzuna emango diotela: «Erasoaldiari eutsiko diogu terrorista guztiak akabatu arte».

Herrialdea «baketzeko» neurriak iragarri ditu Pakistango lehen ministroak, eta armadako burua Afganistanera joan zen atzo bertan, hango armadako buruarekin biltzeko. Afganistango talibanen mugimenduak Penshawarreko erasoa gaitzetsi zuen atzo, eta nabarmendu zuen «errugabeak, haurrak eta emakumeak nahita hiltzea islamaren oinarrien kontrakoa» dela.

NATOren drone batek eginiko eraso batean, bestalde, ustezko 11 ekintzaile taliban hil zituzten atzo Afganistan ekialdean, horietatik sei Pakistango TTPko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.