Nazioarteko zuzenbidean doktorea

Natale Seron: «Herrialde batek ezin du bere kabuz erabaki nazioarteko zuzenbidea urratzea»

Trumpek nazioarteko zuzenbide publikoaren printzipio «oinarrizkoenak» urratu ditu Venezuelan egindako erasoan. Seronek uste du nazioarteak presio politikoa eta diplomatikoa egin ditzakeela horren harira.

Natale Seron. BERRIA
Natale Seron. BERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako armada Venezuelan sartu da, Nicolas Maduro presidentea harrapatu du, eta haren aurkako epaiketa hasi dute AEBetan. Nazioarteko zuzenbide publikoaren ikuspegitik horrelakorik ezin dela egin adierazi du Natale Seron (Donostia, 1996) nazioarteko zuzenbidean doktoreak. Baina, Donald Trump AEBetako presidenteak egin, egin du. Eta zuzenbideak baliabide mugatuak ditu halakoetarako. Halere, Deustuko Unibertsitateko irakasleak uste du nazioarteko epaitegien erabakiek erraztu egiten dutela herrialdeak posizionatzea, eta neurri zehatzak hartzera ere bultzatu ditzaketela.

AEBek Venezuelan egindako erasoak nazioarteko zuzenbidearen zer printzipio urratzen ditu?

Oso oinarrizko arauak urratu dituzte. Nire lehen mailako ikasleak ere gai izango lirateke urraketa horiek identifikatzeko. Nazioarteko zuzenbide publikoan arau nagusi batzuk daude, oinarrizkoenak; ius cogens deitzen diegu. Horietako hiru urratu ditu Trumpek.

Zein?

Batetik, subiranotasunaren printzipioa. Haren arabera, ezin da beste herrialde batean sartu, militarki, fisikoki. Bestetik, esku ez hartzearen printzipioa dago. Herrialde batean militarki eta fisikoki sartu ezin izateaz gainera, printzipio honen arabera estatu batek ezin du esku hartu beste estatu baten auzi politikoetan. Hau da, herrialde bat ezin da behartu zerbait egitera presio politiko edo ekonomikoa erabiliz.

Indarra erabiltzeko debekua da hirugarren printzipio nagusia. Bigarren Mundu Gerraren ostean argi geratu zen bide militarrez bestelakoak topatu behar direla edozein gatazka edo arazo konpontzeko. Gaur egun, indarra erabiltzea onartuta dago, baina oso kasu jakinetan, eta hau ez da horietako bat. Hortaz, oinarrizkoenak diren hiru printzipio horiek urratu ditu Trumpek, argi eta garbi gainera, justifikaziorik gabe.

Zein kasutan egongo litzateke justifikatuta printzipio horiek urratzea?

Arrazoi humanitarioengatik egon litezke justifikatuta urraketa horiek, baina kasu honetan ez dago halakorik. Gainera, Trump ez da nor horrelako erabaki bat hartzeko.

«Narkoterrorismoan» aritzea leporatzen dio Madurori, eta horren bitartez justifikatu du erasoa.

Hori da. Halere, aurretik arrazoi humanitarioak ere aipatu izan dituzte Venezuelan esku hartzeko argudio gisa: jakiak falta direla, sendagaiak... Baina, hein batean, AEBek jarritako zigorrak daude horren atzean.

Gainera, nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipio bat urratzeko, oso ondo justifikatu behar da zergatik urratzen den. Ezin du herrialde batek bere kabuz erabaki, nazioarteko auzitegi batek egin behar du.

«Maduroren alde ez egonagatik, ez da zertan onartu Trumpek bere kabuz hartu duen erabaki hori»

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak zenbaterainoko pisua izan dezake auzi honetan?

Errusiarekin gertatutakoaren oso antzekoa da hau. Bai Errusiak eta bai AEBek beto eskubidea dute Segurtasun Kontseiluan. Baina zuzenbide arloko presioaz bestelakoak ere badaude: herrialdeek presio politikoa eta diplomatikoa egin ditzakete. Bilera horietan, estatuak behartuta daude posizionatzera, bozkatu beharra daukate, zerbait esan. Orain arte, esaterako, Europako Batasunak oso gainetik egin ditu adierazpenak, eta ez da zuzenean posizionatu.

Segurtasun Kontseiluak ezin izan du ezer asko egin Errusiaren auzian ere, baina ikusi da zeinen bakartuta geratu den. AEBei dagokienez ere ezingo du ezer egin zuzenbidearen arloan, beto eskubidea erabiliko baitute, baina presio politikoak eta diplomatikoak ere garrantzi handia du.

Baina nazioarteak, oro har, ez du irmoki salatu AEBen erasoa.

Europaren aliatu nagusia dira, baina AEBak jada ez dira garai bateko AEBak. Obamari, esaterako, izugarri fidelak zitzaizkion Europako herrialdeak; Trumpi ez. Gainera, Trump esaten hasia da Groenlandia ere bere egin nahi duela. Eta noski... Groenlandia Danimarkaren parte da.

Arazoa da hedabideek eta sare sozialek dikotomia baten moduan aurkezten dutela auzia: «Maduroren alde zaude, edo Trumpen alde». Baina, askotan, gauzak ez dira horrela: askoz konplexuagoak dira. Maduroren alde ez egonagatik, ez da zertan onartu Trumpek bere kabuz hartu duen erabaki hori. Gizarteak ulertu behar du auzia ez dela Maduro edo Trump: oinarrian Venezuela dago, eta hango herritarrak.

Ez dadila gertatu Iraken jazotakoa. 2003an, AEBek esku hartu ostean, mundu guztiak ospatu zuen Saddam Hussein erortzea. Orain, estatubatuarrak ez dituzte ikusi ere egin nahi Iraken.

«Aurrekari bat da, eta, onartuz gero, edozer onartuko da aurrerantzean. Zergatik Venezuela bai eta Groenlandia ez?»

NBEko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, «aurrekari arriskutsutzat» jo du Venezuelako erasoa.

Hala da, aurrekari bat da, eta, onartuz gero, edozer onartuko da aurrerantzean. Zergatik Venezuela bai eta Groenlandia ez?

Estatu bateko armada beste herrialde batean sartu da, atxilo hartu du hango estatuburua, eta, orain, epaitu egingo dute.

Hori ezin da egin. Jurisdikzioak hor daude. Gainera, agintean dauden estatuburuek immunitate pertsonala daukate. Horren adibide, Espainiako errege emeritua epaitzen saiatu ziren Erresuma Batuan, baina ezin izan zuten epaitu kargua utzi arte. Ados egon edo ez, Maduro Venezuelako estatuburua da de facto, eta immunitate pertsonala du. Herrialde batek ezin du atxilotu eta bere jurisdikzioaren arabera epaitu.

Salbuespenak ere badaude: Nazioarteko Zigor Auzitegia Putin edo Netanyahu ikertzen aritu da, baina ez da herrialde jakin baten erabakia.

Venezuelak jarri al dezake salaketa bat nazioarteko auzitegietan?

Bai, eta egingo duela uste dut. Madurok berak ezin du egin, baina estatuak jar dezake salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian. Posible da, Venezuelak salaketa hori jarrita ere, AEBak epaiketara ez agertzea. Baina, nahiz eta ez agertu, auzitegiak kasua ikertu dezake, eta erabaki bat hartu. 

Arazoa da auzitegi horrek ez duela bere erabakiak betearazteko poliziarik edo indarrik. Segurtasun Kontseilura igaro beharko dute beste neurriren bat hartzeko. Halere, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiak oso garrantzitsuak dira, herrialdeei oinarriak ematen baitizkie erabakiak hartzeko orduan, eta herrialde horiek hartu ditzakete neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.