Langile Sozialisten Alderdiko burua

Myriam Bregman: «Herrialdea lehenbailehen arpilatzea, horra Mileiren proiektu politikoaren funtsa»

Myriam Bregman troskista da Argentinako politikarien artean gero eta irudi hobea duten bakarretakoa, baita 2027ko hauteskunde orokorretan ezustekoa emateko aukera duten bakarretakoa ere, inkesta anitzen arabera bederen.

Myriam Bregman ekitaldi batean. LANGILE SOZIALISTEN ALDERDIA
Myriam Bregman ekitaldi batean. LANGILE SOZIALISTEN ALDERDIA
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Myriam Bregman (Timote, Argentina, 1972) diputatua da, azkeneko hauteskunde orokorretan presidentegai izana, eta Argentinako ezker troskistaren erreferentzia nagusia. Halaber, hura da gero eta irudi hobea duten politikari bakarretakoa, eta baliteke 2027ko hauteskunde orokorretan ezustekoa ematea ere, inkesta frankotan agertutakoaren arabera. Anitzen ustez, irudi on hori boto asmo bihurtzea du erronka nagusi Bregman buru duen talde politikoak, hau da, Langile Sozialisten Alderdiak.

Zer deritzozu Mileiren gobernuari?

Ultraeskuineko gobernu tipiko bat da, Trumpen eta Israelen alde lerratua eta ekonomia arloan arrunt kontserbadorea. Halaber, gobernu hori kasta eta politikako pribilegioak zalantzan paratuta ailegatu da agintera, tartean izanik errebelde itxura eman nahi duen pertsonaia bat; Milei, alegia. Baina Milei, azken batean, munduan gailendu nahian dabilen neoliberalismo autoritarioaren parte da. Bertzalde, politika neoliberalen bidez konpondu nahi zuten gure herrialdeko krisia, baina hagitzez okerrago dago dena; hau da, aberatsak anitzez aberatsago dira orain, eta pobreak, aldiz, hagitzez pobreago.

Manuel Adorni kabineteburuak dimisioa eman du, salatu baitute ustelkeria kasu batean nahasia dagoela. Zer duzu errateko horri buruz?

Argentinan ohikoa izaten da gobernuen inguruan ustelkeria kasuak izatea, baina harritzekoa da hain denbora gutxian eskandalu hain handiak agertu izana eta funtzionario hagitz garrantzitsuak tartean egotea. Adorniren kasua berezia da, funtzionario izugarri oldarkorra baita. Hala, gobernu honentzat hagitz kolpe gogorra da hain argi gelditu izana Adorni diru publikoaz jabetu zela.

Zertan datza gobernuaren plana?

Nire ustez, herrialdea lehenbailehen arpilatzea, horixe da gobernuaren proiektu politikoaren funtsa: herrialdeko aberastasunak eta ondasunak bertzeren esku uztea, eta nazioarteko finantza erakundeekin oraindik gehiago zorpetzea. Aberastasunak hain agudo ematea arrunt bat dator proiektu politiko eta ekonomiko horren ezaugarriekin, proiektuan ari den lantaldeko kideak erraz ordezkatzeko modukoak baitira; izan ere, haien politikak aitzinera ateratzeko ez da estrategiarik behar, baizik eta edozein gauza egiteko prest dagoen jendea, duintasun, sakontasun eta ideia pizarrik ere ez duena.

Askatasuna Aurrera Doa-ren gobernua eta Mauricio Macri presidente ohiaren Pro alderdia elkar hartuta aritu dira, funtsean, nahiz eta bi indar horien arteko harremana aldatuz joan den.

Uste dut mundu zabaleko fenomeno bat dela hori: eskuinak erradikalago bihurtzen dira, eta eskuineko alderdi kontserbadore tradizionalek bat egiten dute erradikalizazio prozesu horiekin. Argentinako eskuin tradizionalak hautagai propioak aurkeztu zituen 2023ko bozetan, baina, 2025ean, Mileiren taldean sartu zen. Eskuin tradizionalenak eta eskuin muturrak bat egin dute, nolabait, eta, horren ondorioz, boto banaketa aldatzen hasia da. Izan ere, Askatasuna Aurrera Doa-k babes handia galdu du herri xehearen artean, eta dirudunagoen botoak biltzen hasia da.

Nola ikusten duzu peronismoa egungo jokalekuan?

Peronismoari gertatutakoa katastrofikoa da, botoen %44 bildu baitzituen 2023an, presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Peronistek, herritarren ia erdien babesa zutenez gero, izugarrizko ardura zuten ultraeskuinaren oldarraldiari begira, eta ez ziren gai izan egoerak eskatzen zuen bezala jokatzeko. Orain, peronismoaren hondarrak bi multzotan banatuak daude; multzoetako bat konplize gisa ari da, eta bertzeak, diskurtsoan oposizio gogorrari eutsi bai, baina ez du deus egin. Peronismoak zuzentzen du CGT, herrialdeko sindikatu nagusia, baita gainerako sindikatu handiak ere, eta presentzia handia du gizarte mugimenduetan, baina haren erantzuna ez dator bat horrekin guziarekin. Beraz, nolabaiteko konplizitatez jokatzen dute, eta bertzeei gauzak egiten utzi, Mileiren mesedegarri guztiz. Bertzalde, erranen nuke barne eztabaidak inongo programa politikorik ez izatearen ondorio direla; are, uste dut borrokak horrexegatik bihurtzen direla pertsonal.

«AEBek botere judizialaren bidez ere esku hartu dute Latinoamerikan, lekuan lekuko politikak moldatzeko»

Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohiari bisita egin diozu, hura etxean preso den honetan...

Gure ustez, zigor hori zera da, AEBek Latinoamerikan, hau da, gibeleko patiotzat hartzen duen horretan aplikatzen dituzten politiken parte. AEBek hainbat modu baliatu dituzte Latinoamerikan zuzenean esku hartzeko: estatu kolpeak jo dituzte; presidenteak bahitu eta bonbardaketak egin dituzte, hala nola Venezuelan, eta blokeo kriminalak ezarri, Kuban besteak beste. Baina botere judizialaren bidez ere esku hartu dute, lekuan lekuko politikak moldatzeko. Horren erakusgarri da Brasilen Lulari gertatutakoa, baita Argentinan Cristina Fernandezi jazotakoa ere. Hala, uste dugu presidente ohiari ezarritako zigorra arbitrarioa eta zentzagarria dela, eta, beraz, kontra agertzea dagokigula, demokraziaren kontrako pauso guzi-guziak herriaren kalterako izaten baitira hondarrean.

Mileik hala AEBen nola Israelen bazkide estrategiko gisa aurkezten du bere burua, eta ikuspegi horren arabera jokatzen ari da.

Nire iritziz, AEBak, hegemonia krisi betean diren honetan, eginahalean ari dira kontrol handiagoa izateko beren eragin eremutzat hartzen duten horretan, bertzeak bertze Latinoamerikan. Hori dela eta, oldarraldi izugarri bati buru egin beharrean gara; konparazio batera, Argentinan izugarri jazarri zaizkigu palestinar herriaren alde ahotsa ozentzeagatik. Bertzalde, bada adibide bat erakusten duena Milei zenbateraino lerrokatu den AEBekin: duela zenbait egun, AEBen enbaxadara joan zen uztailaren 4a, hau da, Independentziaren Eguna ospatzera.

Duela bolada batetik honat, zu zara inkestetan gero eta irudi hobea duten politikari bakanetakoa, eta emaitzen arabera, baliteke 2027ko hauteskundeetan ezustekoa emateko gai ere izatea.

Ni lehenagotik hasia nintzen hori sumatzen, karrikan, jendea eskerrak ematera etortzen baitzitzaigun, eta itxaropen izpi bat piztu geniela erratera. Gerora, inkestetan islatzen hasi zen hori guzia. Erronka izugarria dugu aitzinean, uste baitugu zenbait esperientzia politiko agortuak daudela, mugimendu berri bat behar dela, eta, hori kontuan harturik, beharrezkoa dela aldeko jarrera hori antolatzea, desager ez dadin. Horretarako egin dugu maila nazionalean batzordeak osatzeko deia, egungo erronkei erantzuteko modua emanen duen tresna politiko bat sortzeko, haren barnean bilduta bai ezkerra eta bai eskuinari kontra egiteko prest dauden guziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA