Duela urte batzuk ospetsu egin zen herritar batek Mariano Rajoy orduko Espainiako presidenteari eman zion zaplaztekoa, eta oraingoan Emmanuel Macron Frantziako presidentearen txanda izan da: bisita ofizial bat egin du Drômeko departamendura, eta publikoko gizon batek belarrondoko bat eman dio.
Azaldu dutenez, jada bi lagun atxilotu dituzte gertakariaren ondorioz. Bideoan argi ikusten da Tain-l'-Hermitage (Frantzia) herrian gertatutakoa: eraikin batetik irten da presidentea, publikoarena gerturatu da, eta haietako batek zaplaztekoa eman dio. Segurtasuneko langile guztiak berehala zituen gainean zaplaztekoa eman duenak.
Belarrondokoa eman aurretik bi oihu egin ditu zaplaztekoa eman duenak: lehenik «Montjoie Saint-Denis» esan du; erregezaleen oihu bat da hori, gaur egun Frantziako ultra eskuindarrek erabiltzen dutena. Jarraian, «utikan Macronismoa!», egin du oihu.
Jean Castex lehen ministroak zaplaztekoari buruz hitz egin du: azaldu du demokrazian eztabaida bidezkoa dela, baina sekula ez dela onartu behar indarkeriarik.
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian bihar zabalduko dute tabernen barnealdea, eta hori ospatzeko ekitaldi bat zen gaurkoa.