Ataka estuan ikusi du bere burua AEBetako presidente Donald Trumpek. Datorren azaroaren 2an, asteartearekin, dira egitekoak AEBetako legegintzaldi erdiko bozak —Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berritzen dituzte—. Azken inkesten arabera, Trumpek herritar askoren babesa galdu du, eta baliteke demokratek aurrea hartzea errepublikanoei. Esaterako, Reuters albiste agentziaren azken inkestaren arabera, AEBetako boto emaileen %33k soilik babesten dute Trumpen legealdia; beste %67k berriz, gaitzetsi egiten dute. Haren irudia nabarmen okertu da azken hilabeteetan, eta horrek Etxe Zuriko maizterra asaldatu du.
Orain, bere esku dagoen guztia egiten ari da azaroan egingo diren hauteskunde horiek irabazteko, eta, ohi duen bezala, hainbat gauza hitzeman ditu gaur goizaldean, Alderdi Errepublikanoa Dallasen egiten ari den kongresuan. Lehenik, esan du, horretarako frogarik plazaratu gabe, bozen ondoren amaituko dela Ekialde Hurbileko gerra —gauza bera esan zuen presidentetzarako kanpainan ere Ukrainako gerraz, irabaziz gero «24 orduan» amaituko zuela—. Eta, gero, AEBetako herritar helduak erosteko ahalegina egin du. Hitzeman du bakoitzari 5.000 dolar —4.300 euro inguru— emango dizkiola errepublikanoek lortzen badute Kongresuko kontrolari eustea, hau da, hauteskundeak irabazten baditu.
1
Zer esan du?
«Errepublikanook AEBetako Ordezkarien Ganbera eta Senatua irabazten baditugu, gure indar eta arrakasta ekonomiko itzelari esker, 5,000 dolarreko dibidendua emango diot AEBetako herritar heldu bakoitzari». Hitz horiek baliatu ditu Trumpek bere burutazioaren berri emateko. AEBetako presidenteak xehetasun gutxi eman ditu eskaintzari buruz —Trump dibidendua izena jarri dio—, baina, hala ere, baldintza bat ezarri du: diru kantitate hori jasotzen duen pertsona bakoitzak AEBetan gastatu beharko du diru hori; ezingo du atzerrian erabili.
2
Legezkoa da halakorik egitea?
Zalantza ugari dago halako zerbait egitea legezkoa ote den. AEBetako presidenteak promes egin du, eta hori ez da legez kontrakoa. Baina bere botoan eragina izan dezan norbaiti diru kantitate bat eskaintzea delitua da gaur egun AEBetan: eroskeria. Dena den, halako zerbait egin ahal izateko AEBetako Kongresuaren oniritzia beharko luke —gehiengoa dauka bi ganberetan, eta gehiengoari eusteko xedez iragarri du Trump dibidendua—. Hala ere, Financial Times egunkariak gaur kaleratu duenaren arabera, pizgarri ekonomiko horrek eragina izango luke inflazioan, eta herrialdeko finantzak okertzeko arriskua izango luke.
Antzeko zerbait leporatu zioten Elon Musk enpresari dirudunari 2024ko hauteskundeetan —Trumpen aliatu nagusietako bat izan zen—. Orduko hartan, Muskek egunean milioi bat dolar zozketatu zituen AEBetako Konstituzioaren aldeko eskaera bat sinatu zuten boto emaileen artean. Filadelfiako fiskal Larry Krasnerrek salaketa jarri zion Trumpen izenean botoak erosi nahi izatea leporatuta, baina enpresariak ukatu egin zuen. Hala, Pennsylvaniako epaile batek fiskalaren eskaera ezerezean utzi zuen, argudiatuta ez zegoela froga nahikorik zozketa hori legez kontrakoa zela erakusteko.
3
Zenbat gastatuko luke eta nola finantzatuko luke?
AEBetako azken datuen arabera, 258,3 milioi heldu inguru daude erroldan. Hortaz, AEBetako Gobernuak 1,3 bilioi dolar xahutuko lituzke bakoitzari 5.000 dolarreko dibidendua emango balio. Trumpek ez du zehaztu nola administratuko liratekeen ordainketak, baina iradoki du muga zergak erabili ditzakeela finantzatzen laguntzeko. Presidenteak diskurtsoa eman ostean baieztatu du hori JD Vance presidendeordeak, Fox News katean: «Etekin handia atera diegu muga zergei. Presidenteak zera esan du: boterean mantentzen bagaituzue, sortzen ari garen aberastasun sinentezin horren etekinaren parte bat jasoko duzuela». Nazioarteko hainbat hedabidek kaleratu dutenez, etekin horiekin Etxe Zuriak ezingo luke ordaindu Trumpek hitzemandako diru guztia.
4
Egin al du halakorik aurrez?
Bai. Antzeko burutazioak eduki izan ditu Trumpek aurrez. Esaterako, muga-zergen dirua itzultzea proposatu zuen AEBetako presidenteak. 2025eko azaroan herritarrei 2.000 dolar ematea proposatu zuen, muga zergen bidez lortutako diru sarrerekin finantzatuta. Ez zuten halakorik egin, ordea.
Gauzatu ez zen beste proposamen bat Dodge dibidendua izenekoa izan zen. Proposamena zera zen: Gobernuaren Eraginkortasun Sailak —ingelesez DODGE, The Department of Government Efficiency— gastu publikoa murriztea, eta «beharrezkotzat» jotzen ez zuen guztia deuseztatzea. Horrela, horrekin aurreztuko zuen dirua herritarrei «itzuliko» zien, partzialki. Hala ere, inoiz ez zuten dibidendu hori onartu, eta diru hori ez diete inoiz herritarrei «itzuli».